Badirudi larrazkena agorrila erditsutan hasten dela aldaketa klimatikoaren ondorioz. Euri eskasez hostoak firurikan erortzen dira eta Otso Errekako iraztorrak denbora baino lehen gorritzen dabiltza: ikusgarria da! Historiako udarik beroena ukan dugu aurten eta tenperaturek mailarik gorenak aise gainditu dituzte. Egia da, hargatik, iraileko argitasuna zoragarria dela, bereziki haize hegoak ferekatzen dituen goiztirietan.
Hostoak ez ezik, gobernuak ere erortzen dira udazkeneko lehen asteotan: aspaldian iragarritako herio politiko baten kronika da hemen gauzatzen, nahiz eta euskaldunek –iparraldekoek bederen– esperantza zerbait jarria zuten Frantxua Bayrourengan. Baina gure bearnesak ez zuen saltsa ontzea lortu, alderantziz baino.
Sasoi berri honen atarian, guri ere dagokigu ez behaztopatzea, ez trebukatzea, bidean ez galtzea, irautea, izpiritua zohar eta bizi atxikitzea, laguntasunak eta elkartasunak lantzea manikeismo hutsetatik urrun, eta noizbehinka, hemengo gazte sozialista batzuek zabaldu duten Baionako Atalante zinema zahar okupatutik pasatzea, musika onaren entzuteko.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.