Ez nuke zuen eguna izorratu nahi; ez jende guztia hitz egiten ari denaz hitz egin ere, baina azken asteotan, uda mugitu honen ondoren, sukaldeko leiho ondoko aulkian eseri eta munduari begira jarrita egon naiz. Begiak zabal-zabalik eta isil-isilik begiratu diot munduari bi astez, segundo laurden batez begiak itxi eta zerbait galtzearen beldurrez, ahoa ireki eta ezer aldatu ezin izatearen etsipenez.
Leihotik burua atera eta ezkerrerantza mugitu dut begirada: gizon trajedun bat ikusi dut, hitz egiteko aurpegierarik aldatzen ez zuen gizon trajedun bat, ibiltzeko gorputz-enborra apenas mugitzen zuena. Ikasle gazte mordoa oihuka ari zitzaion kanpotik, inpotentzia zerien beraien ahotsei eta haserrea aurpegi gorrituei. Gizon trajeduna irribarre faltsu bezain amorragarri batekin pasatu da beraien paretik; ez da, ordea, gazteei begiratzera ausartu. Ez du leporik mugitu horretarako ere. Pankarta handi bat ireki dute ikasle batzuek; Palestinaren aldeko banderak beste batzuek.
Haize-ufada batek eraman ditu denak. Airean geratu dira, hegan.
Eskuinaldetik tiro hots bat entzun dut. Begira jarri naiz. Ez zirudien inor triste zegoenik.
Txirrindulari talde bat pasa da, geroxeago, etxe azpitik. Espainiako Vueltan gertatutakoaren inguruan ari ziren hizketan. Nori okurri ote dakiokeen txirrindulariei halako putakeriarik egitea galde egin dio batak, eta jendeak leku guztietara politika eramateko beharra duela erantzun dio besteak, erdi haserre. Edaten ari nintzen kafea bota diet leihotik.
Eguzkia estali dute bi laino grisek eta lehen tantak erori dira jarraian. Leihoa itxi dut eta etxe barrura begira jarri naiz. Ohartu naiz denak berdin jarraitzen duela: amantalek atetik zintzilik, gitarrak egongelako bere txokoan eta Iberdrolako fakturek sarrerako mahai txikian. Lasaitu egin nau dena bere lekuan ikusteak. Telebista piztu dut eta pentsatu dut nik ere, agian, hobeto nukeela buruaren goialdea zeharkatzen duten entzungailu horietako batzuk jantzi eta mundutik bakantzea, ordu batzuez. Hobeto nukeela entzungailu horietako batzuk jantzi eta begiak itxita istorioak sortzea, begiak irekita munduan ikusi behar izaten ditugun istorioak baino politagoak, ahal dela. Begiak irekita ikusten ditugunak baino pertsonaia mitologiko goxo eta bigunagoak sortzea hobeto nukeela pentsatu dut, begiak itxita.
Muturra katilura itsatsi eta barruan batere kaferik ez zeukala ohartu naiz. Harraskan utzi dut katilua.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.