Irun ez da Iran

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Nahiz eta, entzun dudanez, hala deitzen dioten gertuko herri batekoek. Mugako biztanleok izaera jakin bat omen dugu; nabaritzen omen zaigu inguru horretakoak garela, esaterako, irundarroi. Ba omen dugu zera berezi bat. Ez dut gehiegi sinesten kontu horietan, ondoren zera hori ez baita inoiz zehazten, hitzetara ekartzen. Topiko kaxkar bat, gehienez ere.

Orokortzea beti da arriskutsua, baina, gaia beste esparru batera eramanda, orokorrean maite ditut lau hankako txakurrak; hanka biko jabe asko ez hainbeste, eta horietako asko gero eta gutxiago. Kontua da gurean beste modalitate bat erne dela aspaldi ez dela: espezie-disforia moduko batek jota, polizia ez diren baina segur aski izan nahiko luketen gixon talde batzuk hasi dira Irungo kaleak patruilatzen, Polizia ofizialak bere lana egiten ez duelakoan, Irungo klima jasangaitzari (sic) aurre egiteko.

Ordu eta eremu gatazkatsuetan ibiltzen dira gora eta behera Irungo gilet jaune berriak, haien sols el poble salva al poble partikularra predikatuz eta praktikatuz. Ez dugu hemen pantonea atera beharrik antzemateko zer azal-kolore jotzen duten susmagarritzat, nahiz eta haiek, jakina, ukatu.

Hendaian ere hasi dira patruilatzen jendarme frustratu batzuk, baina, are larriagoa dena, administrazio publikoak bultzatuta eta Poliziarekin elkarlanean

Paper zaila jokatu behar du ezkerreko udal-oposizioak: oposizio orori bezala, tokatzen zaio esatea hiria hankaz gora dagoela, dena negargarri kudeatzen ari dela udal-gobernua, noraezean dabiltzala, eta haiek hobeto egingo luketela. Kasu honetan, oposizio ezkertiarrak eskuak pixka bat lotuta ditu: ezin du Irungo egoera gehiegi kritikatu, arrazistei arrazoia ematen bukatzeko arriskua hor dagoelako. Izan ere, batzuentzat erabateko infernu bihurtu da Irun, eta etorkinei botako diete errua zuzenean edo zeharka, eta ai, garai bateko Irun baketsu eta harmoniatsua; besteentzat, aldiz, balizko segurtasun- eta bizikidetza-arazo horiek arrazakeriaren isla baino ez dira.

Udan bi iritzi kategoriko eta kontrajarri jaso ditut: gipuzkoar batek esan zidan zeinen desberdinak garen Irungo eta Hendaiako biztanleak, kulturalki eta soziologikoki ezin garela elkarrengandik urrunago egon, Hego-Ipar kontutik harago doan zerbait dela. Kontra egin nion, noski, baina ez pentsa argudioak sobera nituenik. Hendaian bizi den irundar batek, berriz, esan zidan berak Irun eta Hendaia ez dituela bereizten, bere buruan dena bat dela. Ez nion kontra egin, badaezpada ere, baina zalantza handiak sortu zizkidan.

Erdibide bat bilatze aldera, orain badugu beste puntu komun bat, ñabardurak ñabardura: Hendaian ere hasi dira patruilatzen jendarme frustratu batzuk, baina, are larriagoa dena, administrazio publikoak bultzatuta eta Poliziarekin elkarlanean. Hau da, Irungo Udalak ekidinez babesten duena, Hendaiako Herriko Etxeak ekinez babesten duela. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude