Truth Social bere sare sozialean eman du berria Erresuma Batuan egin duen bisitaldian, eta adierazi du mugimendua erakunde terrorista izendatuko duela. Legelari askok, ordea, laster azpimarratu dute hori egiteko AEBetako presidenteak izango dituen arazoak.
Batetik, Antifa ez da erakunde bat, baizik eta mugimendu oso zabal bat, deszentralizatua erabat eta oinarri ideologikoetan finkatutako taldeetan oinarritua. Ezkerrekotzat edo ezker muturrekotzat ere jotzen da. Edozein kasutan, bere ezaugarri nagusiena da faxismoaren aurkako jarrera, eta AEBetan taldeak hori lotzen du supremazismo zuria, arrazakeria eta eskuin muturreko jarrerei aurka egitearekin.
Europan ere zabalduta dago Antifaxismoaren aurkako mugimendua, eta indartsuen Alemanian, Herbehereetan, Suedian eta Danimarkan ari da. Ezkerreko hainbat korrontetako kideak bildu daitezke Antifa mugimenduetan, hala nola, anarkistak, komunistak, antiarrazistak edota LGTBI mugimendukoak. AEBetan ikuspegi sozialdemokrata duten kideak ere biltzen zaizkie azken urteetan, batez ere mugimendu supremazistari aurre egiteko asmoak bultzatuta.
AEBetako hainbat legelariren eta adituren esanetan, mugimendu izaera hori eragozpena izan daiteke Antifa talde terrorista izendatzeko. Talde honek eskuin muturreko taldeen aurkako mobilizazio ugari egiten ditu, bai era baketsuan baita bortxa erabilita ere. Mugimenduak argi dio ez duela arazorik faxismoari biolentziarekin erantzuteko.
AEBetako konstituzioak eta legediak adierazpen askatasuna, elkarteen eratzea eta bilkura eskubidea babesten ditu eta, beraz, Trumpek oso zehatz adierazi beharko luke Antifak non, noiz eta zer egin duen terrorismotzat har daitekeen zerbait. Bestela, eskubide zibilen aldeko erakundeek neurriaren aurka jo dezakete epaileen aurrean. Neurria gauzatzeko oztopoen artean legoke, halaber, izendapen hori pentsatuta eta araututa dagoela atzerriko talde eta erakundeetarako.
Trumpek begiz jota du mugimendua aspalditik eta 2020ko maiatzean ere iragarri zuen AEBen talde terroristen zerrendan sartuko zuela. Polizia batek George Floyd herritar arrazializatua ito ondoren izandako protestetako istiluak Antifari leporatu ondoren adierazi zuen hori presidenteak. Orain ere, herritar batek Charlie Kirk eskuin muturreko kide ospetsua tiroz hil ondoren eman du neurriaren berri. Victor Urban Hungariako lehendakariak adierazi duenez, berak ere bere herrialdean berdin egitea proposatuko du.