Beste western bat

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

The Searchers filma ari ginen ikusten. Western bat, klasiko bat. Indioek Texaseko familia bati eraso egin eta bahituta eramango dute alaba. John Waynek urteak emango ditu indio gaiztoen atzetik alaba hura erreskatatu nahian. Filmak, bistan da, ez du kontatzen nolakoa zen Amerika europarrak iritsi aurretik. Nola lurra ezin den saldu, ez erosi: “Airea, ura, zuhaitzak eta animaliak sakratuak” baitira. 1854an, Seattle indiarren buruzagiak AEBetako presidenteari idatzitako gutunean jasotzen dira hitz horiek eta hauek: “Lurra ama da, gizakia haren parte. Animalia eta landare guztiak anai-arreba. Dena dago lotuta: naturari egiten zaion kaltea, gizakiari egiten zaio”.

Ez dago western bat baino gizonkeria handiagorik, zuriagorik, amerikanoagorik. “Gizon zuria arrotza eta suntsitzailea da: lurra etsai bezala ikusten du, ustiatu eta hustu egiten du. Hiriak zaratatsuak eta espiriturik gabeak dira, naturaren harmoniatik urrun”.

Denak. Amerikar jatorrizko herritar denak hil, erbesteratu edo erreserbetan sartu zituzten. Eta, okerrena, maltzurrena da ondoren westernak grabatu zituztela. The Searchers filmean Scar (Orbain) deitzen diote indioen buruzagiari. Literaturak ere madarikazio handienarekin kontatzen ditu sarri indiarrak. Tom Sawyer liburuan indioa da beldurrik handiena ematen duen pertsonaia; Joe indioak herriko apaizak eta gaueko mozkorrak baino beldur handiagoa ematen du.

Erreserbatan gorde nahi dituzte palestinarrak ere. Makurrarazi ezin dituzten guztiak hil, desagerrarazi, bortxatu, umiliatu. Zergatik ez dute ba berriz egingo orain hamarkada batzuk egin zutena! Eta okerrena da, maltzurrena, hemendik urte batzuetara, film gehiago grabatuko dituztela Ekialde Hurbilean. Eta John Wayne garaikideek erreskatatuko dituztela israeldarren alabak eta herrialde zapaltzaileen historiak. Netflixen eta Disney plusen ikusiko ditugu guztiak. 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude