Ordenagailua piztear nintzela, eta udako azken eskaera bailitzan, “amatxo, kontatu artikuluan gaurko karreran ze ondo ibili naizen” eskatu dit txikiak. Kontatu diot trenei buruz hitz egin behar nuela gaurkoan, ez etapen amaierei buruz edota Palestinako banderek izan duten protagonismoari buruz –karrera ziklista gehiegitxo ikusiko genituen, akaso–. Hasi naiz kontatzen Arrasaten trena izan zela, baina ez nuela ezagutu. Ezagutu gabekoaren nostalgiak ekarriko ninduen bizitzera, akaso, trenen eskualdera.
Urte batzuk iraun ditu trenaren eta bion arteko maitasun istorioak. Erraztu zuen bion artekoa, gainera, aldirikoak erabiltzeko bonuak. Baina, pixkanaka, gure arteko maitasuna hoztu egin da; Gipuzkoako aldirietako obrek, atzerapenek eta kaosak urrundu gaitu. Trena jada ez da alternatiba bat.
Greenpeacek dio, baina, Europa mailan trenarekiko maitasuna goraka doala. 2023ko %27arekin alderatuta, gaur egun %41ak nahiago dugula bidaiak trenez egitea, hegazkinez baino. Tren konexio berriei eta lotura errazagoei esker omen da. Dena den, prezio garestiek eta hobetzeko dauden azpiegitura eta logistikak asko baldintzatzen dituzte bidaiak. Eta, hala, bidaiatzerakoan hegazkina da garaile.
Udako oporraldiei begira soilik ez, eguneroko mugikortasunari ezinbestean erreparatu behar diogu trantsizio energetikoari buruz aritzean. Mugikortasuna badelako herri eredu baten erakusgarri, garraio publikoa delako lanbide eta klase sozial ezberdinak elkartu ditzakeen espazio komuna, trantsizio ekosozialerako elementu gakoa. Baina mugikortasun ereduak behar du irakurketa globala, sistemikoa, ehun sozioekonomiko osoa kontuan hartuko duena. Kotxe elektriko indibidualak eta karga puntuak ez, bultza ditzagun garraiobide publiko eta kolektiboak, hirietan eta (alboratutako) landaguneetan.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.