Platerean agertutako zizarea gertaera isolatua ez dela eta, eskoletako jangela eredua aldatzeko eskatu diote Jaurlaritzari

  • Basauriko Basozelai-Gaztelu ikastetxeko jangelan ikasle batek indabetan zizare bat aurkitu ostean, herriko eskola publiko guztietako guraso elkarteak batu dira, catering enpresen bidez ematen den zerbitzuarekin kritiko. Eredu aldaketa eskatu dute.

Basozelai-Gazteluko jantokia. Basozelai-Gaztelu

2025eko azaroaren 25ean - 10:54
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Joan den astean agertu zen zizarea, eta ikasle guztiei erretiratu zizkieten babarrunak. Lehenengo platerik gabe geratu ziren. Zerbitzua ematen dien Eurest catering enpresari eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari idatzi zioten Basozelai-Gazteluko guraso elkartetik, erantzukizun eske: “Gertaera honek gure seme-alaben osasuna arriskuan jarri du eta Eusko Jaurlaritzak azpikontrataturiko Eurest catering enpresak eskaintzen duen zerbitzu txarraren adibide da”.

Orain, Basauriko guraso elkarte guztiek bat eginik, aferaren muinera jo dute: catering enpresen bidez funtzionatzen duen jangela zerbitzu eredua ez da eraginkorra, diote, eta alda dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Oharrean nabarmendu dutenez, ez da lehenengo aldia halako gertaera “onartezinak” bizi dituztenak, eta “kezkatuta eta haserre” daude elikaduraren kalitatearekin: menu ez osasuntsuak aipatu dituzte, kalitate baxukoak eta kantitate txikian, osagarri izoztu, prekozinatu eta ultraprozesatuak tarteko. Ikasleen arreta ere jarri dute fokupean: ikasle guztiei behar bezala erantzuteko langile nahikoa ez dagoela salatu dute.

EAEn catering enpresen bidez baino ez dute zerbitzua ematen eskola jantokiek, Jaurlaritzak ez duelako ahalbidetzen bestela funtzionatzea

Iaz, Serunion

Aurrez ere, behin baino gehiagotan izan dira albiste eskoletako jangelak eta hauek hornitzen dituzten catering enpresak, janarian zomorro edo antzekoren bat agertu delako, edo guraso elkarteek salatu dutelako kalitate oso eskaseko menuak zerbitzatzen dituztela. Iaz adibidez, hainbat kasu nahiko sonaturen ostean, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetan jantoki-zerbitzua ematen zuen Serunion enpresari kontratua eten zion, hainbat ikastetxetan “sortutako arazoak” argudiatuta.

Catering enpresa pribatuen gestioa eta zerbitzua jo-puntuan egon da sarri, eta gero eta gehiago dira ikastetxean –edo hainbat ikastetxeren artean, auzoan– sukaldea jarri eta jangela bertatik kudeatu eta bertan kozinatu nahi duten ikastetxeak, baina EAEn catering enpresen bidez baino ez dute zerbitzua ematen eskola jantokiek, Eusko Jaurlaritzak ez duelako ahalbidetzen bestela funtzionatzea.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola jantokiak
2025eko maiatzaren 12
Ikastetxeetan Elikadura Osasuntsu eta Jasangarria Sustatzeko Espainiako dekretua
Beste behin ere... ezer ez aldatzeko

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.