Gasteizko Salburuako ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, baina Jaurlaritzak ez die bide ematen

  • Arantzabela, Errekabarri eta Salburua ikastetxeek sukalde propioa nahi dute, auzoko eskoletako jangelak hornitzeko, baina hilabeteak joan hilabeteak etorri, administrazioaren erantzunik gabe jarraitzen dutela salatu dute: "Arduragabekeria eta utzikeria zantzuak sumatzen ditugu".

Familien %99,7a sukalde propioa jartzearen alde dago. Argazkia: Salburuak Bere Sukaldea

2023ko abenduaren 05an - 09:47

Gasteizko Salburua auzoko ikastetxeetan zerbitzatuko den jana bertan egiteko asmoz, sukaldea eskatu dute auzoko hezkuntza komunitateek, eta Eusko Jaurlaritzari dagokio proiektua bideratzea, baina bi administrazio interpelatuek (Gasteizko Udala eta Jaurlaritza bera) ez diotela eskaerari erantzun kritikatu dute, eta kezkaz bizi dutela egoera. "Gaiari heltzeko eta egoerak exijitzen duen mailan egoteko" eskatu diete bi administrazioei.

Proiektuak adostasun handia lortu du auzoan, ikastetxeetako zuzendaritza, klaustro, ordezkaritza organo goren eta familien aldetik. Galdeketan familien %75ek baino gehiagok parte hartu duela eta erantzun dutenen %99,7a sukalde propioa jartzearen alde dagoela nabarmendu du Salburuak Bere Sukaldea plataformak.

17 ikastetxek eskatu dute aurten sukalde propioa

Azken berriek agerian utzi duten moduan, multinazional eta catering enpresen gestio eta zerbitzuarekin gustura ez dauden eskolak gero eta gehiago dira. Jangeletako eredua aldatzeko urratsak ematen ari direnak edo eman nahi dituztenak, ere bai. 2023an, EAEko hamazazpi eskola eta institutuk egin diote eskaera Hezkuntza Sailari, ikastetxean bertan sukaldea eraikitzeko.

Aferak, beste behin, errealitate bat utzi du agerian: Hezkuntza Sailak ez du aurrerapausorik eman, catering enpresetatik kanpo funtzionatu nahi duten ikastetxeek hala egin dezaten. 2019an, alderdiek Eusko Legebiltzarrean adostu zuten bi puntu inportante martxan jartzea: batetik, hala nahi duten ikastetxeek sukalde propioa izatea; bestetik, ikastetxeek aukeratzea catering bidez funtzionatzen jarraitu nahi duten ala sukalde propioa baliatu eta bestelako eredu bat abiatu nahi duten. Bestelako eredu hori arautzea Hezkuntza Sailaren esku geratu zen, baina gaur-gaurkoz berdin jarraitzen dute eskolek, catering-enpresekin baino ezin dute lan egin. Eta sukaldea ikastetxean bertan jartzea ofizialki eskatu duten ikastetxe batzuetan ere, motel doaz gauzak.

Azken berriek agerian utzi duten moduan, multinazional eta catering enpresen gestio eta zerbitzuarekin gustura ez dauden eskolak gero eta gehiago dira

Zergatik sukalde bat?

Salburuako plataformak bere manifestuan dioenez, “jantoki eredu industrial tradizionalak goia jo du eta beheraka dator. Elikadura garraiatua oso kalitate eskasekoa izateaz gain, ez da batere sostengarria ezta osasungarria ere. Oso garrantzitsua ikusten dugu kalitatezko elikadura osasungarri eta sostengarri bat”. Gainera, “catering-eko elikadura garraiatuarekin eta beroni inherenteak zaizkion interes ekonomiko ilunekin amaituko genuke; produktu hurbila, freskoa eta kalitatezkoa kontsumitzeko oinarrizko eskubidea aseko genuke; auzoan eta inguruan inpaktu ekonomiko handia izango luke; zero kilometroko produktuen eta komertzio lokalaren igoera nabarmena izango genuke; soberakinak egoera zaurgarrian dauden auzoko familientzat doan esleitzeko aukera genuke”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola jantokiak
Bultzatu den elikadura politikaren ondorioak:
Nekazariak kaleetan eta gurasoak haurrekin plazetan protestan

Nekazariak protestan ari dira, baina eredu agroindustrialak hartu du lidergoa. "Itun Berdea" ere, Europar Batasunaren hurrengo hamarkadako estrategia nagusia zena, pikutara bota dezakete, begirik kliskatu gabe. Bitartean, euskal eskoletan zorriak eta harrak... [+]


Ikastetxeetan jantoki-zerbitzua ematen zuen Serunion enpresari kontratua eten dio Jaurlaritzak

Ikasturtean zehar enpresaren jantoki-zerbitzuak hainbat ikastetxeetan sortutako “arazoengatik” eten dute kontratua.


Ikastetxeentzako bestelako jantoki eredu baten inguruko azterketa egingo du Hernaniko Udalak

Herriko ikastetxe eta ikasle guztientzako bestelako jantoki eredu bat bideragarria ote litzatekeen aztertzea izango du helburu lanketak. Hernaniko ikastetxe bakoitzeko gurasoen ordezkariarekin elkarlanean egingo dute.


2023-11-23 | ARGIA
Hernaniko ikastetxeetako jangeletan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira paperezkoen ordez

Hernaniko ikastetxe guztietako Haur Hezkuntza zikloan eta ikastetxe bateko Lehen Hezkuntza zikloan jangelan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira, paperezkoen ordez. Udalak izan du ekimena eta berak erosi ditu 213 ikaslerentzako kotoizko zapiak herriko oihal denda batean... [+]


“Zomorroak” aurkitu dituzte Murgiako institutuko jantokiko janarian ere

Aurretik beste eskola batzuetan gertatu bezala Serunion enpresa da zerbitzuaren arduraduna. Murgiako Bigarren Hezkuntzako Institutuak ohartarazi du asteartean lehen platera zerbitzatzeari utzi diotela jantokian, eta “aurrekoetan bezala” Hezkuntza Ordezkaritzari... [+]


Eguneraketa berriak daude