Hernaniko ikastetxeetako jangeletan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira paperezkoen ordez

  • Hernaniko ikastetxe guztietako Haur Hezkuntza zikloan eta ikastetxe bateko Lehen Hezkuntza zikloan jangelan oihalezko ahozapiak erabiltzen hasi dira, paperezkoen ordez. Udalak izan du ekimena eta berak erosi ditu 213 ikaslerentzako kotoizko zapiak herriko oihal denda batean. Aldaketa horrekin urtean 1.100 kilogramo paper gutxiago erabiliko direla (eta beste hainbeste hondakin aurreztuko direla) kalkulatu du Udalak eta horrez gain, haurren artean "erabili eta bota" kultura sortzen duen praktika saihestu nahi du.


2023ko azaroaren 23an - 12:11
Azken eguneraketa: 15:23

Hernaniko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako jangeletan oihalezko zapi berrerabilgarriak erabiltzeko proiektu pilotua jarri dute martxan, Udalak proposatuta. "Helburu nagusia paperezko ahozapien erabilera murriztea da:  hondakinen prebentzioan eragiteaz aparte, ikasleek modu jasangarrian kontsumitzen ikasi eta berrerabiltzeko ohitura har dezaten, 'erabili eta bota' ohiturari planto eginez", jakinarazi du Udalak oharrean.

219.275 paperezko ahozapi aurreztuko dira, 1,1 tona paper

Udalaren kalkuluen arabera, "Hernaniko ikastetxeetako jangelak soilik kontuan hartuta, urtean 219.275 paperezko ahozapi (1.100 kg paper) kontsumitu eta botatzen dira hondakinetara. Ahoa garbitu eta papera zakarretara botatzeko keinu inkontzientea garestiegia da ingurumenarentzat. Izan ere, paper kopuru handiak botatzeaz gain, paperezko ahozapiak fabrikatzeko urtean 54 zuhaitz moztu eta egunean 1.407 litro ur gastatu eta kutsatu behar dira. Horregatik ere bada garrantzitsua ikastetxeko jangelan ere ohitura jasangarriak eskuratzea ingurumena zaintzeko".

Ikasleen ohituretan eragiteaz gain, familien ohituretan ere eragin nahi du Udalak eta hauen artean esku-orria banatuko du, oihalezko zapiak erabiltzeko ohitura etxeetara ere iritsi dadin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zero Zabor
Eguneraketa berriak daude