Ikastetxeentzako bestelako jantoki eredu baten inguruko azterketa egingo du Hernaniko Udalak

  • Herriko ikastetxe eta ikasle guztientzako bestelako jantoki eredu bat bideragarria ote litzatekeen aztertzea izango du helburu lanketak. Hernaniko ikastetxe bakoitzeko gurasoen ordezkariarekin elkarlanean egingo dute.


2023ko abenduaren 22an - 07:27
Azken eguneraketa: 14:29
Iragan Azaroan Hernaniko Gudarien plazan eginiko elkarretaratzea, Langile Ikastolako jantokietako kalitate txarra salatzeko // Argazkia: Langile Ikastolako Gurasoak
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Azaroaren 10ean jakinarazi zuten Hernaniko Langile Ikastolako gurasoek har bat aurkitu zutela haurrei zerbitzatutako janarian, eta Lakuako Hezkuntza Sailari zerbitzuaz arduratzen den Serunion enpresarekin kontratua eten zezala eskatu zioten, emandako janariaren “kalitate txarragatik”. Gogorarazi zuten haur askorentzat jangela zerbitzua “aukera bakarra” dela, eta premiazkoa dela “kalitatezkoa eta osasuntsua” den zerbitzua eskaintzea.

Ordutik Langile ikastolako familiekin eta zuzendaritzarekin “zuzeneko eta etengabeko harremana” izan duela jakinarazi du Hernaniko Udalak, “uneoro udal bitartekoak ikastolako mankomunitatearen eskura jarriz”. Adierazi du nahiz eta eskola jantokiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren mendeko izan, Hernaniko Udalarentzako ere “kezka iturri” dela herriko ikastetxeetan halako gertakariak izatea.

Hori dela eta, jantoki ereduen inguruko lanketa egiteko “prest” azaldu da Udala, eta dagoeneko eman ditu lehen urratsak. Hala, herriko ikastetxe eta ikasle guztientzako bestelako jantoki eredu bat eta horren bideragarritasuna posible ote litzatekeen aztertuko dute, Hernaniko ikastetxe bakoitzeko guraso ordezkaritzekin elkarlanean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eskola jantokiak
2025eko maiatzaren 12
Ikastetxeetan Elikadura Osasuntsu eta Jasangarria Sustatzeko Espainiako dekretua
Beste behin ere... ezer ez aldatzeko

Eguneraketa berriak daude