“Lur emankorra kontrolatzen duenak mundua kontrolatuko du”

Gustavo Duch. Argazkia: Miquel Muñoz.

2022ko abuztuaren 30an - 07:21

Oinarrizko erosketen prezioa zerutan da. Ukrainako gerrak lehendik zegoen egoera larriagotu du?

Ez gaude oker Ukrainako gerra elikadura gerra gisa ulertzen badugu. Errusia, Europar Batasuna, Amerikako Estatu Batuak eta Txinak kontrolatu egin nahi dute Ukraina, nekazal gaitasun handia duen lurraldea delako. Irakeko gerra petrolioagatik izan zela badakigun bezala edo Marokorekin egiten diren negoziazioak Saharako ongarriengatik direla, Ukrainarekiko dagoen interesa da berak dituela Europako lurrik emankorrenak. Gaur egun lur emankorrez hitz egitea urreaz hitz egitea da, ondasun oso preziatua da, ekoitzi ezin dena eta gero eta gutxiago dagoena. Ukraina kontrolatzeko afana gasbideengatik da baina baita ere, eta ez neurri txikiagoan, bere lurraldearen nekazal balioagatik.

“Europako aletegia” deitzen diote, bai.

2013an lehen liskarra hasi zenean, Europa saiatzen ari zen Ukrainarekin merkatu libreko itun bat adosten, bere aletegia bermatzeko. Ukrainako garai hartako presidentea errusiarzaleagoa zen eta ez zuen sinatu nahi izan. Orduan lehertu zen barne gatazka eta europarzalea zen presidente berria iritsi zen. Europak jokaldiak egin zituen berak nahi zuena adosten ez zuen lurraldea desegonkortzeko. Aldi berean, Errusiak Krimeako penintsula bereganatu zuen. Biek nahi zituzten lurrak kontrolatu. Europak diplomaziaren bidez egiten zuen eta Errusiak inbasioarekin egin zuen. Era berean, Txinak Galiziaren hedaduraren pareko lur eremua erosi zuen eta AEBek Cargill eta Monsanto bezalako multinazionalak bidali zituen etorkizuneko tratuak egitera, hau da, hurrengo uztak erostera. Lur emankorraren eskasia errealitatea da eta planeta mailako elikadura arazoa dakar. Lur emankorra kontrolatzen duenak kontrolatuko du mundua.

Zein eragin ditu Ukraina une honetan ez zerealak esportatzen aritzeak?

Garrantzitsua da nabarmentzea gerraren aurreko uztak errekorrak hautsi zituela. Ukrainako Nekazal Ministerioaren arabera, 46,51 milioi tona zereal esportatu ziren, sei milioi tona gehiago aurreko urtean baino. Munduaren hegoaldeko herrialde batzuen zereal gabezia prezioak igo izanaren ondorio da, zeina zerutara igo den espekulazio hutsagatik. Inbertsio funtsak zerealen aldeko apustuak egitera jolasten ari dira, etorkizunean gerta daitekeenaren beldurrarekin espekulatzen dute. Eta egia da, arrazoi estrukturalengatik, elikagaiek garestitzen jarraitzen dutela, baina oraingo txinparta espekulatiboa da. Zerealekin batera ongarrien prezioak igo dituzte, eta azken hauek gas naturalaren deribatuak dira, eta Errusia da gasaren ekoizle handi bat. Bi garestitze hauek produkzio gastuei eragiten diete. Adibidez, Kataluniaren kasuan, nekazari gehienek zerealak ekoizten dituzte eta lurrek ongarriekin funtzionatzen dute. Beraz, horren kostuak hiru aldiz biderkatu dira. Aldi berean, prezioak igo zaizkie Kataluniako beste sektore handiari, abeltzaintza intentsiboari, zerriak zereal hauei esker bizi baitira eta hainbeste ditugu, pentsua ere inportatu egin behar baitugu. Bestalde, instalazioek argi asko kontsumitzen dute, eta hau ere garestitu da.

Noski, krisi energetikoa ere hor da. Egungo elikadura sistema noraino da mugatuak diren erregai fosilen menpeko?

Krisi energetikoak bete betean eragiten du nekazaritza eta abeltzaintza industrialaren prezioetan. Ekoizpen prozesu osoan petrolioa behar dute. Hasteko, ongarriak eta pestizidak ekoizteko beharrezkoa da petrolioa. Aldi berean, segadorek, esaterako, asko xurgatzen dute eta baita ere behar da salgaiak mugitzeko. Kontuan hartu behar dugu agroerregaiek behar dituztela hedatzea soja, arto edo palma mononkultiboak, batez ere hegoaldeko herrialdeetan, zeinetan nekazari txikia bere lurraldetik kanporatzen duten. Nekazaritza eta abeltzaintza industriala dagoeneko gainditu ditugun limiteen menpeko dira, eta beraz, kolapsoan daude. Honekin esan nahi dut, gerrarik gabe ere irteerarik gabeko kale berean egongo ginatekeela.

Lur emankorraren garrantziaz hitz egin duzu, eta ongarri eta pestizidek berau hondatu egiten dute...

Kolapsoak “lapsusen batura” esan nahi du. Hori da duguna, akatsen lotura bat, eta egindako akats larri bat da lurretik mikrobio bizitza zabala ezabatzea izan da. Landareen sustraiek ez dituzte lurretik elikagaiak jaso bakarrik egiten, aldebiko harremana dute. Hau da, landareek atmosferara oxigenoa isurtzen dute eta CO2a hartzen dute, zeina sustraietan behera jaisten den lurpeko mikrobioei jaten emateko: sustraiei lotuta zoologiko mikroskopiko oso bat dago. Mikrobio horiek elikatzen dira landareak ematen dien karbonoari esker, eta trukean, landareari ematen dizkiote lurpean diren hainbat elementu. Honela funtzionatzen du bizitzak, sekretua ikusezina da eta lurpean dago, dena gertatzen den lekuan. Petrolioarekin, ongarriekin eta pestizidekin akabatu egiten dugu. Adibidez, jada ez dago polinizazioa laguntzen zuten erlerik, pestizidek akabatu egiten dituztelako. Lurraren emankortasuna ez galtzeko aski da zikloa errespetatzea, aberatsa eta infinitua den sistema da lurraren emankortasuna. Baina ez dugu errespetatu eta orain sistema finitu bat dugu, erail egiten duena. Mikrobioak hiltzen badira, landareek ematen zieten karbonoak atmosferan bukatzen du.

Beraz, teknologiak ezin ditu prozesu naturalak ordezkatu eta baliabideen mugak zeharkatu? Zure azken liburuari erreferentzia eginez, zein dira aurrerapenaren izenean kontatzen dizkiguten ipuinak?

Aurrerapenaren ipuinak liburuan, artzain bati galdetzen diot: Zer egingo zenuke erabakitzerik izango bazenu nora doazen Europako Next Generation funtsak? Berak erantzuten du: “Arazoa ez ote da diru hori?”. Lehen mitoa da pentsatzea diruarekin dena konpontzen dugula. Ematen ari garen erantzun guztiak inbertsioei lotuak dira, homo economicus-en begiradarekin konpontzen dugu guztia. Egin behar dugun lehen galdera da: Seguru inbertitu behar dugula? Batzuetan gakoa desinbertitzea da. Ondoren, noski, zertan inbertitu erabaki behar da. Bioaniztasuna oso beharrezkoa da eta ordezkaezina, funtzio bat du eta zikloari eusten dio. Zikloaren mailak puskatzen ari gara eta teknologiak ezin du hori berregin. Berriztagarriak ez dira ondoriorik gabeak, petrolioa bezala mugatuak diren material mineralen menpeko dira. Gainera, lurraldea suntsitzen dute, baina gastatzen dugun energiaren %20 soilik ordezkatzera iritsi daitezke, argindarra alegia. Argindarrarekin ez dira lurrak ongarritzen, ezingo dugu soja garraiatu eta ez ditugu segadorak mugiaraziko. Ezin dugu energia alternatiboez hitz egin ez badiogu aurre egiten gure zibilizazio ereduak erabiltzen duen gehiegizko energiari buruzko eztabaidarik egin gabe eta geure buruari galdetu gabe ea zertara bideratzen dugun energia. Lehenbiziko lana da animalia pribilegiatua edo besteek baino eskubide gehiago dituena garen uste harroputza alboratzea.

Lehenago, elikadurako espekulazioa aipatu duzu. Nola funtzionatzen dute burtsek, Chicagokoak bezala, eta bertan kotizatzen dute sojak, gariak, ganaduak, esneak eta metalek?

Kontratuekin espekulatzen da. Ulertu dadin: nekazari bati galdetzen diote gari uzta zenbat ordaintzen dioten eta hiru urteko uzta erostea eskaintzen diote, euro bat gehiagoren truke. Nekazariak erabakitzen du erostea, prezioa jaistearen arriskurik ez izateko. Nekazariari etorkizuneko uzta erosi dionak burtsara doa kontratuarekin eta beste batek prezio altuagoan erosten dio, koiunturaren arabera aurreikusi daitekeelako prezioa igo egingo dela. Horrela, kontratu batekin espekulatzen da, zeinaren prezioa artifizialki igotzen doan. 2008 eta 2009an beldurra zabaldu zuten propio: inbertsio asko zegoen zerealetan arriskatuta eta beharrezkoa zen prezioak igotzea.

Nazio Batuen Erakundeko elikadura segurtasuneko paneleko lehendakari-ordea den Jennifer Clapp-ek ere esan du gobernuek huts egin dutela gehiegizko espekulazioa geldiarazi ez dutelako. Nori datorkio ongi espekulazio hau?

Hondo hondoan, elikadura sistema inbertsio funtsek kontrolatuta dago, horiek dira burtsan kotizatzen duten Bayer edo Monsanto bezalako enpresa handien atzean daudenak. Sektoreak diru asko mugitzen du eta nekazaritzan oraindik badira familietatik datozen enpresa handiak, sailkapen taulan leku garrantzitsua dutenak, esaterako Cargill, alea salerosten eta merkaturatzen nagusi dena. Cargill kontrolatzen duen familiako hamalau kidek dituzte mila milioi dolar baino gehiagoko fortunak. Estatuek elikaduraren inbertsio espekulatiboan duten funtzioa ere kontuan hartu behar da.

Elikadura sistema pilaketan oinarritzen da? Gardentasunik eta kontrol publikorik gabe?

Administrazioaren desarautzea dago eta honek on egiten die enpresei. Gainera, Nekazal Politika Komunitarioa (PAC bezala ezagunagoa dena) agroindustriaren aldekoa da. Kataluniako Generalitateak erabat menpeko jarrera du zerrien korporazio handiekiko eta agroindustriaren inbertsio eta proiektu denek babesa jasotzen dute, esaterako portua handitzea potasa (ongarri kimikoak direnak) gehiago ateratzeko, edo azpiegiturak egitea soja iritsi dadin pentsugile handietara. Aldi berean, trabak ezartzen dizkiote nekazaritza eskala txikian egin nahi duenari.

Posible al da elikadura sistema jasangarriago, berdinzaleago eta erresialienteagoa izatea?

Bai, baina eskas jende asko dago. Departamentuek ederki dakite eredu hau jasangaitza dela, Katalunia zaurgarria dela, hanka sartu dugula petrolioaren menpeko izanda, eta lurrazpia eta bioaniztasuna akabatuta. Baina sistema demokratiko bat dugu, gobernantza bat, ez dagoena prest beharrezko diren aldaketak egiteko. Jarrera politiko ausartak behar dira, baita desobedientzia ere, gurpiletik ateratzeko. Gobernatzen duenak epe laburrera pentsatzen badu, hauteskundeak izanik ortzimuga, ikusten ditugunak erantzun ustelak dira, itxura egiteko emandakoak. Ez dago erantzun ausartik, oso jakina denean zer egin behar den.

Zer egin behar da?

Janaria badago, baina jende askok ezin du berau eskuratu eta gosea pasatzen du. Aldi berean, ekoizten denaren %40 bota egiten da. Beraz, egungo ereduak ez du funtzionatzen. Arazoa da onartu egin dela elikadura salgai bat izatea, indar magnetikoek erakarrita bidaiatzen duena, eros ahalmen gehien dagoen lekuetara. Nekazal sistema osoa errekonbertitzea beharrezkoa da. Kataluniako biztanleen %80 bizi da lurraldearen %2an eta nekazariak ez dira iristen herritar aktiboen %1 izatera. Egun, Kataluniak zerri granjak ditu ardatz, eta honek eragin handia du ingurumenean, eta gainera eragiten du Kataluniako nekazal lurren hiru laurdenak zerealetara bideratuta egotea, zerrientzat. Ez dugu lentejarik ekoizten, ez garbantzurik edo ilarrik, zereala dagoelako. Beraz, lehenbizi zerri granjak gutxitu behar dira eta etxalde extentsibo txiki bihurtu, eta animalia hauek jan dezatela pertsonek jaten ez dutena. Zerri industria gutxitu behar da eta ardi, behi eta ahuntza gehiago hazi. Hori bakarrik eginda, lur pila bat libratuko litzateke, ez duzulako zerealik ekoiztu behar zerriei jaten emateko eta laboreak pertsonetara bideratu ditzakezu. Aldi berean, hau laguntzen baduzu lurra banatuko duen nekazal erreforma batekin, esku lan asko gehitzen da. Nekazaritzarik izango dugu, jendea landan baldin badugu, ezin dugulako petroliaren menpeko izan. Hau zentzuzkoa eta egingarria da. Trantsizioan zehar gauza asko egin daitezke. Adibidez, lurra espropiatu ahal zaio Tarradellas enpresari interes orokorragatik, urtegi guztiak kutsatzen ari delako, eta nekazariak gehitu ahalko lirateke. Aldi berean, uste dut nekazariek funtzionario izan beharko luketela edo oinarrizko errenta unibertsala jaso beharko luketela. Babestuta egon beharko lukete, ez lukete merkatuaren menpe egon beharko, mediku edo irakasle bat bezalaxe, eta elikagaien prezioak finkatuta egon beharko lukete. Ausardia politikoa behar da.

Gure dieta ere egokitu beharko al litzateke?

Bai, oraingoz oso gaizki egiten ari baikara. Gure dieta hautatzeko eskubidea dugula uste dugun animalia espezie bakarra gara. Enarak ez du hautatzen, intsektu-jalea da; behiak ez du erabakitzen belarjalea izatea, bada. Jaten duguna uneoro ez hautatzeak oreka bat dakar ekoizlearentzat eta lurrarentzat, zeina orain, esaterako, prest dagoen tomateak emateko. Dietetan ezin da gehiegizko haragi kopururik egon, baina animalia belarjaleak hazi behar ditugu, zeren lurraren sisteman oso garrantzitsua da elikagaien zirkuluan egiten duten lana: mugitzen den abeltzaintzak lurra zapaltzen du, gorotzetan haziak zabaltzen ditu etengabe, eta hausnar eginda mikrobioak zabaltzen ditu landareetara itzuliko direnak. Animalia belarjalerik gabe zikloa hautsi egiten da. Abeltzainak kriminalizatzen dituen beganismo erradikalak animaliak zirkuitutik ateratzen ditu, hauek ekosistemaren parte direnean. Abeltzaintza estentsiboa berreskuratu behar dugu eta abeltzainak babestu, animalia hauek lurra zaintzen eta emankortzen baitute. Guk ere izan behar dugu bizitzaren zikloaren parte.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elikadura burujabetza
2024-04-14 | Garazi Zabaleta
Jakiak ehuntzen
Zangoza inguruan tokiko elikadura sistema eraikitzen

Zergatik doa mundu guztia Iruñera erosketak egitera, gure eskualdean elikagai asko ekoizten bada? Zergatik da hain zaila bailara hauetako produktuak bailara hauetako dendetan topatzea?”, galdera horiei eta beste zenbaiti tiraka hasi ziren lanean Zangoza aldean duela... [+]


Porrotak, ikasketak, baso jangarriak

Bidaia hau hasi nuenean, ikuspuntu erromantikoz imajinatzen nituen baso jangarriak: zuhaitz artean ibili, fruitu goxoak dastatu, loreak usaindu... baina baso jangarriek badituzte arantza ugari ere, porrotak, erratak... Gaur, ikasketa politak eskaini dizkidaten porrot horietako... [+]


"Eskolan ortu xume bat lantzeak testuingurua ematen digu planetan ditugun arazoez aritzeko"

Gasteizko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako baratzeak ikertu ditu Iratz Pou EHUko ikasleak. Zenbat eskolek dute ortua? Nolako erabilera ematen diote, zein helburu eta asmorekin? Probetxu pedagogiko eta didaktikoa ateratzen al diote baratzeari? Pourekin eta Igone Palacios... [+]


2024-04-03 | Estitxu Eizagirre
Juanma Intxaurrandieta, ekonomia irakasle eta INTIAko kudeatzaile ohia
"Merkatu globalean elikagaien prezioa oso hauskorra da, zuzenean erosita egonkorragoa"

Elikagaien prezioak zergatik igo dira hainbeste? Nola ezartzen dira prezioak? Juanma Intxaurrandieta Nafarroako Unibertsitateko ekonomia irakaslea eta INTIAko kudeatzaile ohia da, egun erretiratua. Eli Pagolak Egonarria saioan egin dion elkarrizketan, hizkuntza arruntean eta... [+]


1.300 urtez, elkarrekin lurra landu eta bizi

Gaubea haranean, Tobillas herriaren alboan, Serna deitzen dioten nekazaritzarako lursail bat dago. Baina ez da baratze soil bat: historiak eta arkeologiak diote 1.300 urteko bizia duela eremu horrek. Herritarren langintza kolektibo baten emaitza izateaz gain, parada ematen du... [+]


Eguneraketa berriak daude