Kolokan dagoela esan du ‘Soberania alimentaria’ aldizkariak, lurraren kulturan erreferenteak

  • 15 urteko ibilbidea du hedabide kataluniarrak. Diru-bilketa abiatu du, eta unea baliatu bere balioen aldarri egiteko: "Konbentzituta gaude lurrarekiko eta elikadurarekiko gure begirada eta lotura politikoa indartzen jarraitu behar dugula, gizartea aberasteko, inarrosteko eta eraldatzeko".


2025eko azaroaren 18an - 11:20
Azken eguneraketa: 14:49
'Soberania alimentaria'-ren hainbat ale.
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Urtean hiru ale argitaratu ohi ditu Soberania alimentariabiodiversidad y culturas aldizkari kataluniarrak. Lurraren kulturaren inguruko informazio hertsia eskaintzen dute bertako kazetariek, laborariekin elkarlanean betiere, baita aktibista eta ikerlarien ahotsa jasoz ere. Proiektu kolektibo, plural eta deszentralizatua da. Erreferentea da sektorean, ARGIAren eta Bizi Baratzearen hurbilekoa. Oñatin (Gipuzkoa) inprimatzen dute aldizkaria, Gertu inprentan.

Ekonomikoki "egoera kritikoan" daudela iragarri dute, eta diru-bilketa abiatu sarean. 20.000 euroko erronka ipini dute, eta albiste hau idazterako erdia pasatxo lortu dute, hilabete eskasean. 

Unea baliatu dute aldizkariaren balioen berri emateko, lurrari loturiko gaiak, hautu politikoz, gizartearen erdigunean ipini behar direla azpimarratzeko. "Aldizkaria baino gehiago da", adierazi dute manifestuan: "Gure helburua beti izan da eztabaida eta pentsamendu kritikoa sortzea, horretarako ere antolatu ditugu hainbat topaketa, solasaldi eta jardunaldi, askotan debalde; eta manifestu publikoak ere bultzatu izan ditugu, hala nola ezagun egin zen 2022koa, Agroekologian eta elikadura subiranotasunean oinarritutako elikadura sistemaren aldeko manifestua, 500 kolektibok baino gehiagok sinatua". Bizi Baratzeak ere sinatu zuen adierazpena.

Paperari eustea,  "erresistentzia"

Papereko artikulu guztiak webgunean dohainik irakur badaitezke ere, lau puntutan azpimarratu dute paperean publikatzea "erresistentzia ariketa" dela gaur egun. 

Lehenik, abiadura moteltzea eta bizimodu frenetikoari galga jartzea ahalbidetzen du argitalpen inprimatuak. Bigarrenik, "sakontasuna eta konplexutasuna lantzeko ezinbesteko" da papera, komunikabidearen esanetan, "su txikiko komunikazioa" delako analisirako eta eztabaidarako akuilu. Hirugarrenik, paperean inprimatzeak "baliozko objektu" bihurtzen du edukia, etxean gordetzeko eta eskuz esku ibiltzeko balio duelako. Eta laugarrenik, garai digitalei muzin egiteko bezalaxe, papera ezin dela arakatu nabarmendu dute: "Zeri eskaintzen diozun denbora, zertan egon zaren zure denbora librean eta zer irakurtzen, ez da erregistratuta gelditzen inolako enpresa teknologietan".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hedabideak
2025eko urriaren 16
Berriketa gutxi
Risottoa

2025eko irailaren 29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

2025eko abuztuaren 20
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago

Eguneraketa berriak daude