Arbolaren Bestaren hirugarren edizioa izango da azaroaren 29an Biriatun. Tokiko arbola, fruitu arbola eta landare ekoizle txikien merkatua izango da egunaren ardatza. Horrez gain, hainbat ekimen berezi antolatu dituzte, horien artean, Jakoba Errekondok, Antton Olariagak eta Maddalen Arzallusek eskainiko duten fruta arbolei buruzko ekitaldi berezia, 2026ko Ilargia eta Landareak agendaren aurkezpena ere izango dena.
Oma elkarteak eta Biriatuko Herriko Etxeak antolatzen dute Arbolaren Besta, herrian bioaniztasuna bultzatzeko martxan duten elkarlanaren baitan. Garazi Zabaletak azaldua du elkarlan honen nondik-norakoa artikulu honetan.
Aurtengoan, bertako mintegien azokaz gain, tailerrak, mintzaldiak, antzerkia, jokoak, jatekoak eta beste izanen dira Biriatun. Egitarau oparoa prestatu dute, afixan irakur daitekeenez:

Dagoeneko kalean da 2026ko Ilargia eta Landareak agenda. ARGIAk Bizi Baratzea ildoaren baitan argitaratzen duen bederatzigarrena da, eta urtero Jakoba Errekondok landu ditu agendako edukiak eta Antton Olariagak berariaz egin ditu edizio bakoitzerako ilustrazioak. Rikardo Arregi Kazetaritza sarietan Ohorezko Mugarria jaso berri du Errekondok, eta epaimahaiak ibilbide osoari eskainitako sari hori emateko argudioen artean, aipatu zuen agenda hau.
Ilargiaren arabera hilabete bakoitzean zer lan egin azaltzen du agenda honek, lau alorretan: baratzean, basoan, fruitu arboletan eta lore baratzean. Urtero gai bat izaten du ardatz, eta 2026koa fruta arbolei eskainia da. Horregatik, tokiko fruta arbolen azoka ardatz duen Biriatuko Arbolaren Bestak izan behar zuen aurkezteko lekua.
Ekitaldi berezia izango da azaroaren 29an, 13:30ean hasita, herriko plaza ondoan dagoen Elkartea Gelan egingo dena: Jakoba Errekondok fruta arbolei buruzko azalpenak emango ditu. Antton Olariagak agendarako berariaz egin dituen ilustrazio ederrak erakutsiko ditu, eta ohikoa duen umoreaz emango du ilustrazio horien nondik-norakoen berri. Eta Maddalen Arzallusek fruta arbolei buruzko bertso hautatuak kantatuko ditu: horietako batzuk, bertsolariek bat batean kantatutakoak dira, beste batzuk, bertso jarri zaharrak dira, eta bada sorta berezi bat, Maddalen Arzallusek ekitaldi honetarako jarritako bertsoena.
Arbolaren Bestan gozatu nahi duenak, bihar du hitzordua.