Milaka eta milaka pertsonak parte hartu dute Palestinaren aldeko Gasteizko manifestazio nagusian. Sindikatu deitzaileak oso pozik agertu dira manifestazioak, lanuzteek eta grebak Araban izan duten jarraipenarekin. Nazioarteko zein Euskal Herriko patronalari eta instituzioei Israelekin harreman oro eteteko exijitu diete.
LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek antolatutako mobilizaziorako hitzordua 12:30ean zegoen jarrita, baina hamabost minutu lehenago jada beteta zegoen Andre Mariaren plaza. Manifestazioa hasi aurretik, STEILAS sindikatuko Amaia Marañonek ARGIAri adierazi dio hezkuntzan Araban grebaren jarraipena %60-70ekoa izan dela, eta haurreskoletan %80koa. LABeko Igor Chillonek lanuzteen jarraipena Araban “oso zabala” izaten ari zela azaldu du, hainbat enpresatan “erabatekoa”, eta beste askotan handia, eta produkzioa eten dela zenbait enpresatan.
Manifestazioa Palestinako ikur handi batek ireki du, neskato eta emakume arrazializatuek zeramaten. Atzetik, Genozidioarekin negoziorik ez. Langileok Palestinarekin lelodun pankarta nagusia. Eta atzerago, hainbat hezkuntza zentrotatik eta lantokitatik heldu diren zutabeenak. “Israeli boikot, Palestina askatu”, “Ez da gerra, genozidioa da”, “Zuek, sionistak, zarete terroristak” edo “Israel epaitegietara” moduko aldarriak oihukatu dituzte manifestariek.
Zara, Carrefour, Starbucks
Manifestazioaren buruak hiru geldialdi labur egin ditu bidean, Zara, Carrefour eta Starbucks enpresen saltokien aurrean. Bereziki gazte arrazializatuen oihuen artean, manifestariek sionismoaren eta genozidioaren konplize izatea leporatu diete, eta hirurek itxi dituzte ateak. Carrefourreko erakusleihoa pegatinaz bete dute herritarrek.
Manifestazioaren burua 13:40ean heldu da berriz ere Andre Mariaren plazara, bertan amaiera emateko. Hogei minutu pasata, hizlarien hitzaldiak amaitzen ari zirela, manifestariek sartzen jarraitzen zuten plazan.
ESK sindikatuko Jabier Sáenz eta LABeko Igor Chillonek adierazpenak egin dizkiote ARGIAri. Herritarren erantzunarekin “oso pozik” agertu dira biak, eta instituzioei eta patronalari eskatu diete Israelekin harreman politiko eta komertzial oro eteteko. “Argi geratu da langile klaseak kalera atera nahi zuela, eta adierazi ez duela genozidioaren konplize izan nahi. Argi dago berriz ere herritarrak eragile politiko, sindikal eta sozialen gainetik daudela”, adierazi du Sáenzek. “Uste dugu aste hauetan eta gaur lortutakoak ondorioak izango dituela, eta lortuko dugula enpresa askotan Israelekin lotura guztiak etetea”.
“Arabako langileok mezu argia bidali dugu, Palestinarekin gaude, eta genozidioaren aurka. Kaleak bete ditugu, lantokiak hustu ditugu, lanuztearen jarraipena oso zabala izan da, eta milaka eta milaka pertsona manifestatzen ari dira Gasteizko kaleetatik”, adierazi du Chillonek. “Mezu oso esanguratsua eman du euskal langileriak, harro egoteko modukoa”.
Harreman oro eten
Amaierako ekitaldian hitza hartzen lehena emakume palestinar bat izan da (kazetari honek ez du megafoniatik izena ondo entzuterik izan), “palestinarren euskal komunitatearen izenean”. Arabieraz hitz egin du, entzuleen txaloen artean.
Ondoren, sindikatuetako ordezkariek egunerako adostutako testua irakurri dute, bost aldarrikapenetan oinarrituta: Israel “AEBen eta Europar Batasunaren babesarekin” egiten ari den genozidioa salatu; Zisjordaniako “etengabeko kolonizazioa” salatu; genozidioa eta kolonizazioa amaitzeko “konponbide integral” bat exijitu, “Palestinako herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea” bermatzeko; patronal eta instituzio “propioei nahiz nazioartekoei” exijitu estatu sionistarekin “harreman komertzial oro” etetea; eta Europar Batasunak Israelekin duen Elkartze akordioa “osotasunean” hautsi dezala aldarrikatu.

