Ibaitik itsasora

Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Urriaren 4an Iruñean egin zen manifa izugarria izan zen. Momentu oro, nire irudipena izan zen hiriko kaleak betetzen genituen pertsonok adin, jatorri eta pentsamolde ezberdinetakoak ginela. Gizateriaren parte izatearen sentimenak desberdintasun guztiak gainditzen zituen aldi horietakoa izan zen.

Euskal aktibistek Palestinaren alde egin duten borrokan, segur aski, bide luze eta nekagarria izan dute mobilizazio hau lortu arte. Agian beranduegi, dagoeneko 70.000 pertsona hil direlako genozidio programatu batean, baina nolabait herri gisa kolektiboki erantzuteko dugun gaitasuna berpiztu egin dute, eta berpizte horrek gizarte bezala duintzen gaituela uste dut.

Gure herriaren historiak erakutsi digu aldaketa sakonak ez direla lortzen inertziaz, baizik eta pertsonen ahaleginaz eta esku-hartze aktiboaz, askotan elkar eragiten duten talde ezberdinetako kide izatearen sentimendua alde batera utzita.

Zorte handia dut, nire lagunen artean militante amorratuak eta aktibista nekaezinak daudelako. Egunero ezintasuna, beldurra eta nekea pairatzen dituzte, boterearen eta gizatasunik ezaren alde ilunaren errealitaterik krudelena ezagutzen dutelako.

Euskal gizartea iratzarri dute; protesta nork deitzen duen inork ez galdetzea eta elkartasuna beste gauza guztien gainetik kokatzea lortu dute

Agian, ez dute izan aukerarik beren lan nekaezinarekin lortu duten aldaketa ikusteko, baina izugarria izan da. Euskal gizartea iratzarri dute; protesta nork deitzen duen inork ez galdetzea eta elkartasuna beste gauza guztien gainetik kokatzea lortu dute.

Duela egun batzuk hiru emakume aktibista paseatzen ari ziren Gasteizko erdialdeko kaleetan, lepotik zintzilik kartel batzuk zituztela, sarraskitutako haur palestinarren irudiekin. Lasai zihoazen, elkarrekin hizketan; haiekin gurutzatzen ziren ibiltariak kartelei begira zeuden, jakin-mina, zirrara eta konplizitatea erakutsiz. Hannah Arendt-en gogoetaren arabera, pertsonen ekintza politikoa askatasunaren funtsa da. Eta hiru emakume horien ekintza politikoa ausarta iruditu zitzaidan benetan.

Ekintza politikoek dominazio eta botere gehiegikeria sisteman higadura lortzen dute. Urtetan amestu nuen iraultza agian ez da lortuko, baina behetik, izenik gabekoetatik, boterearen erresistentzia eta birkonfigurazio prozesutik, agian, errealitatea aldatuko dugu.

Bitartean, jarrai dezagun gure gobernuei Israeli ezarri ez dizkioten zigorrak eskatzen. Jarrai dezagun kaleetan sionismoarekiko mespretxua erakusten. Egin diezaiegun boikota bere negozioei, eta gogora dezagun Palestinak ibaitik libre izan behar duela itsasoraino.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude