Palestinar herriaren ahotsa entzuteaz

Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Joan den astean sinatu zuten su-eten akordioa entitate sionistak eta palestinar erresistentziak. Israelek akordioa betetzen badu, palestinar herriak arnasa pixka bat hartu ahalko du azken bi urte hauetako ofentsiba kriminalaren ondoren: Israelgo armadak Gazatik atera beharko du, 2.000 preso politiko palestinar aske geldituko dira, eta Gazan laguntza humanitarioa sartu ahalko da. Akordioa betez gero, Israelek ez ditu 2023ko urriaren 7aren ondoren ezarri zituen helburuak beteko, ez baitu palestinar erresistentzia ezabatu, ezta Gazaren kontrol osoa eskuratu ere. Era berean, nazioartean bere egiazko izaera terrorista agerian gelditu da. 

Hala ere, akordio honek ez dio askatasunerako bermerik eskaintzen Palestinari, eta ez du genozidioa geldituko. Batetik, Israelek behin eta berriro frogatu duelako garbiketa etnikoa azken bururaino eramateko asmoa duela, eta akordioren batera iritsi denetan ere, ez duela hitza betetzen. Oraingo akordioa sinatu ondoren, Gaza bonbardatzen jarraitu zuen, esaterako. Bestetik, akordioak ez diolako kolonizazio sionistari bidea itxiko. Azken bi urteetako sarraskiak kolpatuta eta estatu inperialisten presioak bultzatuta sinatu du erresistentziak akordioa, Trumpen hasierako plana hainbat puntu garrantzitsutan baldintzatu duen arren, armagabetzeari eta Gaza nazioarteko indarren esku uzteari uko eginda. Laburbilduz, genozidioa eta kolonizazioa beste fase batean sartuko dira, baina ez dira hemen amaituko.

Testuinguru honetan, azken egunetan hainbat ahots aritu dira esanez palestinarrei entzun behar zaiela eta Israelen kontrako diskurtsoa baretu behar dela. Tartean, duela bi asteburu Iruñeko kaleak bete zituen manifestazioari buruzko kritikaren bat ere entzun dugu, palestinar erresistentziari babesa eman eta Israelen desegitea aldarrikatzeagatik. Esaterako, Gernika-Palestina ekimeneko bozeramaileak joan den astean esan zuen ez dela mezu hori palestinarrak eskatzen ari direna.

Ez dago genozidioa gelditzerik, genozidak irauten badu. Nork pentsa dezake nazismoa garaitu gabe posible zela judutarren, ijitoen, homosexualen edota komunisten aurkako holokaustoa gelditzea?

Lehenik eta behin, deigarria iruditzen zaigu palestinar herriaren aldarrikapen historikoak jaso gabe (Palestinaren deskolonizazio osoa, erresistentziarako eskubidea, preso politikoen eta errefuxiatuen itzulera, nazioartean Israeli boikota…) eta erresistentziaren ekintzen kriminalizazioa onartuz sortu zen ekimen bat aritzea “palestinarrei hitza” emateaz. 

Palestinarekin Elkartasuna plataformatik oso argi dugu bi gauza ezberdin direla hil ala biziko egoeran palestinarrek taktikoki erabaki dezaketena eta inperialismoaren bihotzean bizi garenok esan eta egin behar duguna. Palestinaren erabakia kolonizatzailearekiko duen indar harremanaren araberakoa da, eta honek bi iturri ditu: gehienbat, bere erresistentzia gaitasuna; eta bestetik, palestinarren erresistentzia-indar aliatuek eta Mendebaldeko estatu inperialistetan herri langileek eragin dezaketen presioa. Hau da, Israeli zilegitasuna kentzea eta Mendebaldeko herrialdeen interesen kontra egitea da gure ekarpenik onena palestinarrek indar harreman hobea izan dezaten erabakiak hartu ahal izateko. Kontrara, Trumpek bultzatu duen akordioa goraipatu eta esperantza guztiak bertan jarriz gero, palestinar herriaren eta lurraldearen gaineko erabakimena entitate sionistaren eta Estatu Batuen esku uztea ahalbidetuko da, erresistentziaren kriminalizazioari bidea irekiko zaio, estatu sionista berriro zilegituko da eta Israelen aurkako nazioarteko presioa baretuko da.

Ados egongo gara palestinarren borondatea dela hamarkadatako genozidioa gelditzea eta haien lurraldea askatzea. Auzia da, palestinarrek errepikatu duten bezala, eta, era berean, Palestinaren aldeko hainbat taldek egiten dugun bezala, entitate sionistaren existentziak berak ezinezko egiten duela aukera hori, bere izaera kolonialagatik. Bi estatuen aterabidea ilusio faltsu bat besterik ez da, Israelen izaerak eta historiak erakusten digutenez. Israelgo aparatu politiko-militarra desegin beharra dago palestinarrek erabaki ahal izateko, hau da, lurralde osoa ibaitik itsasora deskolonizatzeko. Ez dago genozidioa gelditzerik, genozidak irauten badu. Nork pentsa dezake nazismoa garaitu gabe posible zela judutarren, ijitoen, homosexualen edota komunisten aurkako holokaustoa gelditzea?

Palestinar herriak lortzen dituen akordioek ezin dute eragin Palestinaren aldeko militantzian Israelen eta bere Mendebaldeko konplizeen kontrako presioa baretzea, ezta erresistentziari edo palestinarren aldarrikapen historikoei zilegitasuna kentzea ere. Palestinar herriak akordioari buruz hartutako erabakia erabat errespetatuz, baina kolonizazioak indarrez ezarritako baldintzak seinalatu behar ditugu, herri palestinarra etengabe behartzeagatik sarraskiaren ala pixkanakako genozidioaren artean aukeratu behar izatera. Horregatik atera ginen hamarnaka mila lagun Iruñean duela bi aste palestinar erresistentzia babestera eta proiektu sionista suntsitu behar dela aldarrikatzera. Hemendik aurrera ere, bide horretan egingo dugu ekarpena.

Ester Muñoz, Manex Mailharin, Iñaki Orradre, Nerea Mitxelena, Luix Artola eta Walter Wendelin, Palestinarekin Elkartasunako kideak

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude