Asteburuan gutxienez 36 palestinar hil ditu Israelgo armadak Gazan, Rafah hirian izandako tiroketan bi soldadu israeldar hil eta gero. Su-etena iragarri zutenetik 97 dira hildako palestinarrak. Igande gauean, dena den, "su-etenaren aplikazioa" berriro indarrean jarri duela jakinarazi du Israelgo armadak, Hamasek berretsi duen bitartean su-etena betetzen ari dela.
Ustez, miliziano palestinar eta soldadu israeldarren artean izan da Israelgo armada su-etena haustera bultzatu duen tiroketa, Benjamin Netanyahuk eraso egiteko aginduta. 36 lagun hiltzeaz gain –palestinar iturrien arabera, haurrak ere badira tartean–, laguntza humanitarioa Gazara sartzea debekatu du igandean Israelek. Ordu batzuk geroago, gobernuaren aginduei jarraituta su-etena berriro indarrean jarriko duela adierazi du, nahiz eta gaineratu edozein urraketari "irmo" erantzungo diola.
"Erantzun" horietako baten ondorioz Palestinian Media Production ekoiztetxeko bi teknikari hil dira. Enpresa horrek Al Jazeera bezalako hedabideentzat egiten du lan, zuzeneko emanaldietan.
Su-etenari eusteko prest daudela esan du armadak, baina soldaduek "baimena" dutela euren buruak babestu eta erasoei erantzuteko.
90 hildako baino gehiago su-etenaz geroztik
Tiroketaren inguruan, Israelgo armadak adierazi du Hamaseko miliziano batzuek RPG bonbak jaurti dituztela hondeamakina baten aurka, eta bi soldadu hil dituztela. Eta frankotiratzaileek beste hondeamakina bati tiro egin eta hiru militar zauritu dituztela, horietako bat larri.
Nahasia da gertatutakoari buruzko informazioa. EFE agentziak jaso duenez, Hamasen barruko polizia unitate batek Yasse Abu Shabab-en –Israelek finantzatzen duen milizia bateko buruaren– aurkako operazioa abiatu du, Israelek hura babesteko esku hartu eta orduan hasi da tiroketa.
Hala ere, Hamasek eta Al Qasam Brigadek esan dute ez dutela inolako zerikusirik erasoarekin, eta su-etenarekiko "konpromiso osoa" dutela. Aitzitik, salatu dute su-etena indarrean jarri zenetik (urriaren 10etik) Israelek 90 bat palestinar hil dituela. Bien bitartean, larunbatean bi bahitu israeldarren gorpuak entregatu zituzten.
Halaber, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du igandean hamabost preso palestinarren gorpuak jaso dituztela, eta horiek ere tortura zantzuak dituztela.