Lanuztearen ondoren, zer?


2025eko urriaren 20an - 09:51
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Asteazkenean, Euskal Herriko hiriburuetan mobilizazio jendetsuak izan genituen. Tokian toki, lanuzte, greba, eta mobilizazio arrakastatsuak izan ziren genozidio israeldarraren aurka. Ehunka mila langilek gure ahotsak altxatu genituen, asko sindikatu arteko giroak haserretu bagaitu ere.

Hamaika emozio izan genituen egun horretan: lasaitu egin gintuen gure inguruko batzuen jarrerak, beste hainbatekin agian haserretuko ginen. Poztu egin gintuen mobilizazio mailak, nahiz askok greba giroa faltan izan. Oraindik garaiz gaude, Flotillak edo Palestinarekin Elkartasunak esan bezala, Greba Orokorrera salto egiteko. Asteazkena atzean geratzen ari da, ordea, eta “normaltasuna” dator. Normaltasuna ei dator 78 urteotan palestinar herriak pairatu duen genozidioan, eta ez da lehen “normaltasun” aroa ezinbestean sinaturiko akordio honek dakarrena. Gordintasuna eta krudelkeria arinduko zaizkio Gazako herritarrei, eta nola ez gara ba poztuko. Baina Gazan partida amaitu ez den bezala, Zisjordanian, legez edota legez kanpo okupatutako lurraldeetan, goi mailako egituretan, sionismoaren krudelkeria da nagusi. Eta, bistan denez, haren inpunitatea ere.

Eztabaidan eta kalean jarraitu behar dugu, palestinarren hitzak gurera ekarriz: erresistentziaz, deskolonizazioaz, Ekialde Hurbilaz, inperialismoaz zein giza eskubideez hitz egin beharko dugu

Nola ez, beraz, errudunak seinalatzen jarraitu behar dugu: zigorgabetasun horren bila abiatuta, Trump seinala dezakegu. Munduaren sasi-jabearen jarrera ezagutzen dugu. Are, seinala ditzakegu Europako Batasuna edota gobernuak ere, seinala dezakegu arma industria, eta seinala dezakegu (guri dagokigu, nori bestela) CAF enpresak egiten duen garbiketa etnikorako trena (NBEk berak hala dela ebatzi duena). Seinalamendu horiek egiten, eta palestinar herriaren erresistentzia bide guztien defentsan, kalean jarraitu behar dugu. Eztabaidan eta kalean jarraitu behar dugu, palestinarren hitzak gurera ekarriz: erresistentziaz, deskolonizazioaz, Ekialde Hurbilaz, inperialismoaz zein giza eskubideez hitz egin beharko dugu.

Palestinaz hitz egiten jarraitu behar dugu. Horrez gain, ordea, boikotaz hitz egin behar dugu. Hitzetik haratago, boikota egin behar dugu. Horretarako, sionismoak gure bizitzetan duen arrastoa jarraitu behar dugu. Langileok gure buruei, gure kideei, gure delegatuei eta gure arduradunei galdetu behar diegu: non dago Israel gure lantokian. CAFeko edo arma enpresetako langileen kasua bistakoa da, bai. Baina horrez gain, azter ditzagun gure lantokien esportazio eta inportazioak, nor aterpetzen duen turismo industriak, ea gure bulegoetan HP ordenagailurik edo AXA asegururik dagoen, Carrefourren kontsumitzen ote den, israeldar enpresekin aliantzarik dagoen... eta borroka dezagun eteteko.

Hori delako gure ekarpen onena: Vueltan eta Maccabiren aurka egiten duguna, baina baita AMC edo Sidenorrek gerra genozidaren merkataritza eten izana ere. Mundu mailako BDS mugimenduaren web orrian irakur dezakegu boikotak eragiten duen kalteaz, eta Euskal Herriko BDZ mugimenduak bere web orrialdean badu hainbat informazio. Haren sare sozialetan ere kontakta ditzakegu, Euskal Herri osoa “apartheid eta genozidiorik gabeko gune” bilakatzeko.

Azken bi urteotan, argi eta garbi geratu da palestinarren kausa gizateriaren kausa dela, munduko herri askeena eta jende langilearena. Bat egin dezagun, bada, gizaki, herri eta langile bezala, nork bere lekutik, genoziden isolamenduan. 

Lur Atxesburu, militante internazionalista

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Eguneraketa berriak daude