Gorpu guztiak jaso ezean, erasoak berriz abiarazteko mehatxua luzatu dio Israelek Hamasi

  • Azken datuen arabera, gatibualdian hil diren hemezortzi israeldarren gorpuak eman ditu Hamasek, eta denbora eskatu du besteak aurkitzeko. Bere aldetik, Israelek itxita atxikitzen du Rafahko pasabidea, eta sartu beharreko laguntza humanitarioaren heina mugatu du.

Gazan atxikitako bahitu baten askatze unea. AP / Abdel Kareem Hana

2025eko urriaren 16an - 10:39
Azken eguneraketa: 13:13
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

"Hamasek akordioa betetzeari uko egiten badio, Israelek, AEBekin koordinatuta, berriro ekingo die borrokei, eta [Hamasen] erabateko porrotaren alde jokatuko du". Israël Katz Israelen Defentsa ministroaren hitzak dira. Bere aldetik erakunde palestinarrak argi utzi du "eskura zituen  gatibu guztiak" itzuli dituela, eta kokapena identifikatu gabeko besteen entregak ere bideratu nahian dabilela.

Azken datuen arabera hemeretzi gorpu itzuli dituzte Israelera eta orotara 28 lirateke, baina Hamasek zailtasunak ditu beraien kokapena atzemateko. Entregak bideratzen segitzeko nahikaria erakutsi eta "arduraz jokatuko" duela azpimarratu du erakunde palestinarrak, gainerako gorputzak xerkatu eta atera ahal izateko "ahalegin berezia eta ekipamendu bereziak" beharko dituztela ohartarazita.

Geroz eta nabariagoa gelditzen ari da Trumpen "bake plana" izenpetzerakoan Israelek zuen postura: bahituak askatu bai, baina bakerik ez. Alde bateko eta bestekoen preso eta bahitu trukearen bezperan, iragan igandean, Israelgo Defentsa ministroak azpimarratu zuen "gerra" ez dela bukatu: "Behin bahituak etxera itzulita, Israelen erronka handia izango da Hamasek Gazan dituen tunel eta zoko guztiak suntsitzea; AEBen ikuskapenarekin egingo dugu".

Gorpuen itzultzeak beste aldera ere doaz, nahiz eta aipamen gutiago bideratzen zaien. Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Israelek entregatutako 45 palestinar gorpu berri jaso dituzte. Hori horrela, 90 dira guztira Gazara itzulitako gorpuak, han lurperatzeko. Gorpuzkiak aztertzeko mediku taldeak adierazi du tratu txarren zantzuak dituztela.

Rafah pasabidea itxita

Rafah pasabideak ere itxita segitzen du, gazatarrek hil ala bizikoa duten laguntza humanitarioaren sarrera ere blokeatzen segitzen du Israelek. Ostegun goiz honetan jakin ahal izan denez, "aurrerago" jakinaraziko du Israelek pasabidearen irekitze data.

Gazako zerrendara sartu ahal izango den laguntza heina emendatuko dela jakitera eman du, hala ere, Israelek: 600 kamioi sartzen utzi beharko lituzke. Astelehenaz geroztik ehunka kamioi sartu dira bi pasaguneetatik, Kerem Shalom eta Kissufimetik.

Israelek aske utzi dituen presoen egoera fisiko eta morala ikusita, argi gelditu da Israelgo kartzeletako abusuen erregimen programatu eta orokortua. Torturak eta gehiegikeriak 2023ko urriaren 7tik ugaldu egin direla frogatu dute askatu berri dituzten ehunka palestinarren testigantzek. Nahita eduki dituzte goseak jota, mota askotako torturak pairatu dituzte, eta osasun arta hutsaren hurrengoa izan dela salatu dute. Aske geratutako hainbat larrialdi zerbitzuetara eraman behar izan dituzte. Israelgo kartzela zerbitzuak dio espetxeetako baldintzek nazioarteko zuzenbidea betetzen dutela.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Palestinarren aurkako genozidioa
Eguneraketa berriak daude