Errusiaren eta Ukrainaren arteko guda, geroz eta gordinago

Zuzeneko jarraipena
  • Ukrainako gerra egunetik egunera aldatzen doa. 2014an independentzia aldarrikatu baina linboan geratu ziren Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliken independentziak onartu eta guda hasi zuen Errusiak. Mendebaldeak zigor ekonomikoen bidez erantzun du Ukraina ekialdeko errepubliken independentzia aitortzari.


2022ko martxoaren 01an - 12:19
Gakoak
Ukrainako Gobernuak armak emango dizkio "herria babesteko prest dagoen orori"
Herritarren entrenamendu militarrak Kievetik gertu otsailaren 5ean. Argazkia: AP

Ukrainako presidente Volodymyr Zelenskyk iragarri du gobernuak armak eskainiko dizkiola "herrialdea babesteko prest dagoen orori". "Prest dagoen eta arma bati eusteko gai den edonork bat egin dezake bere lurraldeko Defentsa Unitateekin".

Herritarrei ere eskatu die odola emateko, soldadu zaurituek beharrezko dutelako. Era berean, eskarmentu militarra duen ukrainar guztiei egin die dei zuzena. Mezu berean, Errusia Alemania naziarekin alderatu du Zelenskyk. Agerraldi osoa ukraineraz egin du, baina pasarte batean errusieraz mintzatu da; Errusiako herriari zuzendu da eta errusiarrei eskatu die plazetara atera eta gerra geldiarazteko eska diezaieten Errusiako agintariei.

 

Irango atzerri ministroak NATOri leporatu dio Ukrainako krisiaren jatorria

Hossein Amirabdollahian Irango atzerri ministroak adierazi du “NATOren probokazioek” eragin dutela Ukrainako krisia. Halaber, beharrezkotzat jo du su-etena ezartzea eta irtenbide politikoa eta demokratikoa bilatzea: “Ez dugu uste gerrara jotzea denik aterabidea”.

BIDEOA | Tanketa errusiarra suntsitua Ukrainako Kharkiv-en

Geolokalizatu egin du bideoa John Marqueek.

Ukrainaren aurkako erasoa airez eta lurrez egiten ari da Errusiako armada
Errusiako mugatik gertu dagoen Chuguev hiriko aireportuari eraso egin diote. Argazkia: Aris M. / AFP

Oraindik informazio nahasia badago ere, Errusiako armadaren bonbardaketak Ukraina osoan egiten ari dira, baina lurretik mugimendu eta borrokak Krimea, Donbass eta Bielorrusiako mugaldearen inguruko hainbat eremutan zabaltzen ari dira, gutxienez. Ukraina hegoaldean, Krimeatik joandako tropa errusiarrek Mariupol hirira iristea dute helburu. Itsaso Beltzeko edozein itsas mugimendu oztopatzeko, Errusiak Azov Itsasorako merkataritza-ontzien sarrerak itxi ditu.

Era berean, zabaltzen ari da tropa errusiarrak Kharkivera heltzen saiatzen ari direla, Ukrainako bigarren hiria eta Errusiako mugatik gertu dagoena. Kiev, Kharkiv, Odesa, Kramatorsk eta Poloniako mugatik gertu dagoen Ivano-Frankivsk hiriko aire-baseak misilez deuseztatu dituzte errusiarrek.

Errusiako aire-erasoak Ukrainako azpiegitura militarrean eta funtsezko beste azpiegitura batzuetan zentratzen ari dira, hala nola aireportu eta portuetan.

Auto ilara luzeak pilatzen ari dira Ukraina eta Eslovakia arteko mugan

 

Bestetik, Poloniako Gobernuak iragarri duenez, errefuxiatuak jasotzeko guneak antolatzen hasi da.

Milaka ukrainar ari da Kievetik alde egiten errusiarren operazio militarra hasi ondoren

Milaka herritar Ukrainako hiriburutik alde egiten ari da, gerra hotsak piztu direnetik. Reuters agentzia multinazionalak Ukrainako hiriburuan ezarritako kamera hau zuzenean erakusten ari da herritarrak nola ari diren hiritik ateratzen.

 

"Errusiako erasoak gerra handi baten hasiera ekar dezake Europako kontinentean"

Ukrainako Estatuko (egungo) mapa eta bandera atzean dituela, lehen adierazpen ofizialak egin ditu Ukrainako presidente Volodymyr Zelenskyk: "Errusiako erasoak gerra handi baten hasiera ekar dezake Europako kontinentean. Etsaien tropek eraso egiten badigute, gure herria, gure askatasuna, gure bizitzak, gure haurren bizitzak kentzen saiatzen badira, geure burua defendatuko dugu. Erasorik egin gabe, baina defendatuko gara. Eta eraso egiten diguzuenean gure aurpegiak ikusiko dituzue, ez gure bizkarrak. Gure helburu nagusiak Ukrainan bakea eta gure herriaren segurtasuna dira. Horregatik prest gaude edonorekin hitz egiteko, errusiarrak barne".

Errusiako ekonomiako "sektore estrategikoen" aurkako zigorrak iragarri ditu Europar Batasunak

“Ez da bloke kontua. Bizitza edo heriotzaren arteko kontua da”, salatu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Putinek agindutako erasoa “aurrekaririk” gabekoa dela ohartarazi du, eta Ukrainatik erretiratzeko eskatu dio. Putini leporatu dio “Europa berrira” gerra eramatea: “(Erasoak) helburutzat du Europako egonkortasuna eta nazioarteko ordena”.

Zigor multzo bat iragarri du von der Leyenek, Errusiako ekonomiako “sektore estrategikoen aurka” egingo duena; teknologietara eta merkatuetara sarbidea blokeatuko diote Errusiari. “Ekonomiaren oinarria ahulduko diegu, baita modernizatzeko gaitasuna ere”. Arratsaldean larrialdizko bilkura bat egingo dute Europako Batzordeko agintariek, Bruselan.

Argazkia: European Union.

 

Aire-eremua itxi eta gerra-legea ezarri dute Ukrainan

Ukrainako Gobernuak Kieveko aireportua, herrialdeko nagusia, ebakuatzeko agindua eman du, eta aire-eremua ixteko agindua eman du. Ukrainako hainbat hiritan, hiriburua barne, erasoen aurkako sirenak entzun dira goizaldean. Ukrainak lege martziala ezarri du eta erasoari aurre egiteko deia egin die herritarrei. Ukrainako agintariek zabaldu dute lurreko inbasio bat ere abiatu dutela Bielorrusiako mugetatik, baina hori ez dago baieztatuta.

Errusiako armadaren erasoak Ukraina osoan ari dira gertatzen, ez Donbassen

Ukrainako armadaren azpiegituren aurkako eraso zabala ari da gauzatzen Errusiako armada. Lehen orduetan ez zegoen argi ea "operazio militar berezia" Donbasseko zonaldean burutuko zuten ala Ukrainako Estatu osoan. Azken orduetan datozen irudi eta informazioen arabera, lurralde osoan barreiatuta dauden Ukrainako armadaren azpiegitura askoren aurkako erasoak ari dira gertatzen.

 Ukraina mendebaldeko aireportu baten aurkako erasoa.

 

Ukrainan "operazio militar berezia" agindu du Putinek

Vladimir Putin osteguneko goizaldean iragarri du Errusiako armadak "operazio militar berezia" abiatuko duela Ukrainan "Ukrainako agintariek Donbasseko jendeari egindako gehiegikerietatik eta genozidiotik" babesteko. "Donbasseko errepublikek Errusiara jo dute laguntza eske, eta horregatik erabaki dut operazio militar berezia abiatzea. Kieveko erregimenaren aldetik zortzi urtez abusuak eta genozidioa jasaten dituztenak babesteko helburuarekin, justiziaren aurrera eramango ditugu pertsona baketsuen aurkako odol-krimenak egin zituztenak, errusiarrak barne".

Putinek dio ez duela Ukrainako lurraldeak militarki okupatzeko asmorik. Militar ukrainarrei armak entregatzeko eta etxera itzultzeko eskatu die. Eta ohartarazpen bat egin du: "Errusia modernoa potentzia nuklear indartsuenetako bat da, baita SESB desegin eta potentzial nuklearraren zati handi bat galdu ondoren ere. "

"Etengabe egiten diegu aurre gezurrei, edo presio eta xantaia saiakerei, NATO, gure protestak eta kezkak gorabehera, etengabe hedatzen ari den bitartean. NATOko herrialde nagusiek, beren helburuak lortzeko, ultranazionalistak eta neonaziak babesten dituzte Ukrainan, eta horiek, era berean, ez diete inoiz barkatuko Krimeako eta Sebastopoleko biztanleei haien hautu libreagatik: Errusiarekin bateratzea ".

Ukrainak 114 aldiz erasotu du Luhanskeko herri errepublika azken 24 orduetan

Lougansk Information Center egiturak zabaldu datua da: Ukrainak 114 aldiz eraso dio Luhanskeko herri errepublikari otsailaren 23 honetan.

Errusiak errepublika honen independentzia aitorturik otsailaren 21ean, giroa gaiztotu egin da azken egunetan. Donetsk herri errepublikan ere giroa gaiztoturik dute.

Agerraldia egin du Donetskeko Herri Errepublikaren buru Denis Puxilinek, azalduz "momentuz" ez dutela Ukrainako tropen aurka egingo. Ez du baztertu mugak zabaltzeko "konponbide militarra" erabiltzea: "Oraindik ez gaude une horretan. Ukrainako tropak frontean daude, eta edozein unetan jo dezakete erasora".

 

Aterabide bat atzemateko lanetan, "bitartekari" izateko proposamena luzatu die bi aldeei Turkiak

Ukrania eta Errusiarekin harreman nahiko onak dituela, "bitartekari" izateko proposamena luzatu die gatazka honetako eragile nagusiei. Recep Tayyip Erdoganek hitz egin du telefonoz Vladimir Putinekin eta ohartarazi dio gerra bat ez litzatekeela inoren mesederako.

Turkiak ere deitoratu du Errusiaren jokaera: "onartezina" zaio Errusiak independentzia aitortu izana Donetsk eta Luhanskeko herri errepublikei.

 

Mundua "arrisku momentu" batean dela dio NBEk

Nazio Batuen Erakundeko buru Antonio Gutierrezek alarma piztu du: mundua "arrisku momentu" batean dago. Errusiaren jokaera berriro ere kritikatu du nazioarteko erakundeak.

 

Erresuma Batuak arma gehiago bidaliko dizkio Ukrainari

"Errusiaren jokabide gero eta mehatxagarriagoaren aurrean, Erresuma Batuak laster laguntza militar gehiago emango dio Ukrainari". Horra Boris Johnson Erresuma Batuko Lehen ministroaren adierazpena. Errusiaren aurkako neurriak hartzeko "prest" agertu da Erresuma Batua, tartean zigor gehiago erabakiz.

Errusiaren kontrako zigorrak 15:00tan abiatuko ditu Europar Batasunak

Gaurtik hasiko da Europar Batasuna Errusia zigortzen. 15:00etatik aurrera aplikatuko ditu lehen zigorrak, eta Errusiari Europako finantza zerbitzuen eta kapitalen merkaturako bidea oztopatzea dute helburu. Bestalde, hainbat herritar –tartean, Luhansk eta Donetskeko errepubliken independentziaren alde egin duten Dumako 351 hautetsiak– baita bi errepublika hauetako aktibitate ekonomikoak dituzte jomugan.

Erabaki politiko esaguratsua hartu du bere aldetik Alemaniak ere: Nord Stream 2 gasbidea abiarazteko baimena ezeztatu dio Berlinek Errusiari. Errusiatik Alemaniaraino gasa ekarri behar duen 1.200 kilometroko hodi batean dago korapilatuta Europar Batasuna, AEB eta Errusiaren arteko harremana eta aldi honetan berriro egitasmo hau erabili du Mendebaldeak Errusia trabatzeko.

 

 

Larrialdi-egoera ezarri du Ukrainak

Larrialdi-egoera ezartzea galdetu zion Ukrainako Segurtasun Kontseiluak Parlamentuari; erabakia berresteko 48 ordu ukan arren, berehala agertu da larrialdi-egoera ezartzearen alde. Alarma-egoera ezarriko dute herrialde osoan, Donetsken eta Luhansken izan ezik. Neurriak 30 egun iraunen du gutxienez.

Ukrainako Atzerri ministroa: "Jo gehiago. Jo azkarrago. Jo orain"

"Jo gehiago. Jo azkarrago. Jo orain", mezua helarazi die nazioarteko estatuei Ukrainako Atzerri ministro Dmytro Kulebak. Errusiari zigor gehiago jartzeko eskatu dio nazioarteari, orain arte eman pausoak eskertuz.

 

 

Herritarrei armak hartzeko bidea irekitzen dien legea bozkatu du Ukrainako Parlamentuak

Ukrainako Gobernuaren lege-proiektuaren alde agertu dira parlamentariak. "Zilegizko defentsa" kasua izanik armak hartzeko bidea ireki die herritarrei gobernuak. Horrez gain, Errusian bizi diren herritarrei Ukrainara itzultzeko eskatu die gobernuak. Hiru milioi ukrainar inguru bizi dira Errusian.

 

AEBek "tentsioak areagotu" izana kritikatu du Txinak

"AEBek beti saldu izan izan dituzte armak Ukrainari, tentsioak areagotuz, ikara emendatuz baita gerra agenda puztuz ere. (...) Ukrainak gaur egun bizi dituen tentsioetan zein da AEBen eragina? Hau da benetako galdera". AEBen jokaera gogorki salatu du Txinako diplomaziaren bozeramaile Hua Chuyingek.

Joe Biden "momentuz" ez da Vladimir Putinekin bilduko

Tentsioa gora doa, eta elkarrizketaren bidea hertsituz doa. "Diplomaziak ez du arrakastarik izango Errusiak norabidea aldatzen ez duen bitartean" adierazi zuen astearte gauean Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak.

Alta, Putinek berretsi egin du "aterabide diplomatikoak" aurkitzeko borodantea, asteazken goiz honetan: "Arazo konplexuenei begira aterabide diplomatikoak atzemateko xedez, elkarrizketa zuzen eta zintzo bati buruz irekirik jarraitzen du gure herriak".

Ostegun honetan Genevan (Suitza) biltzekoak ziren Antony Blinken AEBetako Estatu Idazkaria eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa, baina bilera hori ere bertan behera utzi du Blinkenek.

 

 

 

Ukrainako gerra arriskua petrolio prezioa igotzen ari da

Petrolio eta gasaren prezioak gora egiten ari dira, Ukraina eta Errusiaren arteko gerra arriskuak munduko horniduran eragin dezakeenaren beldurrez. Nazioartean erreferentzia den Brendt gordin upelaren prezioak otsailaren 22an azken zazpi urteetako gorengo preziora iritsi zen: 99,38 dolar.

Albistea osorik irakurtzeko.

ARGIAko asteko gaia irakurgai

Egoera azeleratzen ari dela ikusita, sareratu egin dugu aste honetako ARGIA aldizkarian gai nagusi gisa joan den Asier Blasen analisia. Hemen hasiera:

2021eko urriaren 30ean The Washington Post egunkariak argitaratutako artikulu batek ireki zuen bidea. Testuan iradoki zuten Errusia Ukrainaren inbasioa prestatzen ari zela. Ordutik zurrumurrua etengabe elikatu eta garatu dute AEBetako Gobernutik, eskala handiko inbasioa berehala gertatuko zela esan arte. Iturria? AEBetako eta Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuak. Frogak? Bat ere ez. Hipotesiak ba al du logikarik, Errusiak nazioarteko politikan azaldu duen portaerari erreparatuz gero? Hori ere ez.  Orduan, zer ari da gertatzen?

Irakurri osorik lotura honetan.

Amnesty International: "Alde guztiei eskatzen diegu eraso indiskriminatuei eta debekatutako armei uko egitea"

Mezu hau publikatu du Amnesty Internationaleko buruak:

"Zenbait astez luzatu diren negoziazioek fruiturik eman ez duten honetan, Ukrainako zibilak babestea da gaur egun lehentasun nagusia. Guztia leherraraziko lukeen gatazkaren potentziala gaur egun errealitate den honetan, indar oro jarri behar da zibilen sufrimendua minimizatzera eta krisi honetan gizateria lehenestera. Alde guztien obligazio legala da hori egitea.

Alde guztiei dei egiten diegu nazioarteko giza eskubideen legeria errespetatzera. Herritarren bizitzak babestu behar dituzte eta uko egin eraso indiskriminatuei eta debekatutako armei, hala nola, cluster munizioei. Alde guztiei eskatzen diegu uztea eta erraztea erakunde humanitarioen lana, erasoek kaltetutako zibilen asistentzian oinarritzen dena.

Amnesty Internationalek adi jarraituko ditu gertaerak ikusteko nazioarteko legeria urratzen duen gatazka honetako edozein aldek".

EBk "legez kanpoko ekintza" izendatu du independentzia aitortu izana
Charles Michel Europar Kontseiluko presidentea

Errusiak Donbasseko bi herri errepubliken independentzia aitortuta Ukrainaren burujabetza urratu duela uste dute Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta iragarri dute Europako Batasunak zigorrak ezarriko dizkiela "legez kanpoko ekintza horrekin zerikusia dutenei".

"Putinek bakea mantentzeko operazioa iragartzeak ez du zentzurik", diote AEBek

Nazio Batuetako AEBetako enbaxadore Linda Thomas-Greenfield-ek gaitzetsi du Vladimir Putinek armada bidaltzea Donbasseko errepubliketara. "Bakea mantentzera" doazela esateak ez du zentzurik bere ustetan. "Bakea mantentzera doala dio. Ez du zentzurik. Guk ongi dakigu zertara doazen".

Putinek esan izana Ukraina eskualde hauei eraso egiten ari zela, "gezurretan oinarritua" dagoela esan du, "guda testuingurua sortzeko". "Putinek denboran atzera egin nahi du inperioek mundua dominatzen zuten garaira. Baina hau ez da 1919", adierazi du tentsioz beteriko Nazio Batuetako bileran. AEBek Errusiari zigor ekonomiko gehiago ezarriko dizkiotela adierazi du.

Ukrainako presidentea: "Errusiak bake saiakerak apurtu ditu, baina ez gara beldur"

Ukrainako presidente Volodymyr Zelenskiy goizaldean herrialdeari zuzendu zaio telebista publikoan. Errusiari egotzi dio bake akordioak apurtzea eta bere lurraldea zatitzen saiatzea. Zelenskiyk esan du Ukraina bake eta diplomaziarako eskua luzatuta jarraitzen duela, baina argi utzi nahi dutela ez direla Errusiaren beldur.

Joe Bidenek zigor ekonomikoak iragarri ditu
Biden Zelenskirekin telefonoz, Errusiak Donbasseko errepublikak aitortu ostean.

AEBetako presidenteak Donbasseko bi herri errepubliken aurka zigor ekonomikoak ezarriko dituela iragarri du. Berri agentziek jakitera eman dutenez, Putinek independentzia aitortu berritan, Biden 35 minutuz mintzatu zen telefonoz Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin.

Putinek bere indar armatuei agindu die Donbasseko errepubliketan "bakea bermatzeko"

Asteburuan Ukrainako armadaren partetik erasoak salatu ostean, beren independentzia onartuta, Putinek agindu die gehienbat errusiarrak diren Donbasseko errepubliketako herritarrak babesteko eta han "bakea bermatzeko". Honenbestez, Mendebaldeko potentzien arabera, pauso honekin Errusiak Ukraina inbadituko luke. Beren hitzetan, ez dira Ukrainan sartu, hauek independenteak direlako.

NATO: "Putinen erabakiak gatazka konpontzea zailtzen du eta Minskeko Akordioak urratzen ditu"

NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek bere Twitterreko kontuan idatzitako mezuan ondorengoa adierazi du: "Putinen erabakiak gatazka konpontzea zailtzen du eta Minskeko Akordioak urratzen ditu".

Donetsk eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortu du Errusiak, "Mendebaldeak bere segurtasun kezkak ez dituelako errespetatzen"

Aurreko astean bozkatu zuten Errusiako diputatuek Luhansk eta Donetseko herri errepublikei independentzia aitortzearen alde. Diputatuek adierazi zuten Donbassko errusiarrek laguntza behar dutela, eta "helburu humanitarioa duten neurri egokiak babesten" dituztela. Bi herri errepublikei independentzia aitortu ostean, Errusiako behe ganberako diputatuek Putin presidenteari eskatu zioten erabakia berrestea, eta otsailaren 21ean hala egin du Putinek Segurtasun Kontseiluan.

Azkenik, Errusiako Parlamentuak onetsi beharko du Donbasseko independentzia, eta ondorengo orduetan egingo duela espero da.

Putinek bere erabakiaren berri eman die Frantziako eta Alemaniako agintariei, eta mendebaldeko estatuek honen aurka erreakzionatu dute.

 

<< <
1 2 3 4
> >>

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukraina
2024-04-28 | Axier Lopez
Propagandarako tresna berria Ukrainan

Ukrainako gerraren benetako izar bihurtu dira droneak, baina ez hainbeste ohiko gudu-zelaian, baizik eta gudari ere badagokion baina oso bestelakoa den eremu batean: gerra-propaganda. Moskuk eta Kievek erabiltzen dituzte tripulaziorik gabeko hegazkinek grabatutako bideoak beren... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Eguneraketa berriak daude