Errusiak baieztatu du Putin eta Trump datozen egunetan bilduko direla

  • Joan den astean Trumpek ohartarazi zion Putini hamar eguneko epean Ukrainarekin su-eten akordio bat sinatu ezean, zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola. Zelenskik sare sozialetan adierazi du ezinbestekoa dela Errusiako presidentearekin bildu aurretik lehenbizi su-etena ezartzea frontean. 


2025eko abuztuaren 07an - 12:13
Azken eguneraketa: 13:25
Donald Trump AEBetako presidentea eta Vladimir Putin Errusiako haren homologa elkarrekin hitz egiten. Jorge Silva / Reuters
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

AEBetako eta Errusiako presidenteak datorren astean bilduko dira, hori aurreikusi du Errusiako Gobernuko nazioarteko politikarako aholkulari Yuri Ushakovek. Tass Errusiako berri agentziak jaso du albistea, baina adierazi du oraindik ez dagoela jakiterik zenbat egun behar dituzten bilerarako prestaketek. Ukrainako gerrarako une garrantzitsu batean eman du albistearen berri Kremlinak: izan ere, datozen egunetan Kievekin su-eten akordio batera iritsi ezean, AEBek zigor ekonomikoak ezarriko dizkiola egin zion mehatxu Donald Trump Etxe Zuriko maizterrak joan den astean. 

Egoeraren larritasunaz jabetuta, Errusiako ordezkariak AEBeko Gobernuko Ekialde Hurbilerako eta Errusiarako ordezkari Steve Witkoffekin bildu dira asteazkenean. Bileraren ostean, Trumpek adierazi du "aurrerapausoak" eman direla datozen egunetan Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake akordio bat adosteko gailur bat egiteko; eta, noski, Trump, Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Volodimir Zelenski Ukrainako haren homologoa aurrez aurre biltzeko gailur horretan. 

Zelenskirentzat, lehenbizi su-etena eta ondoren negoziazioak

Zelenskik, ordea, sare sozialetan adierazi du Errusiako presidentearekin bildu aurretik "ezinbestekoa" dela frontean su-etena ezartzea, eta "lehentasunak" zein diren argi dagoela: "Lehenbizi, hilketen amaiera eta, horretarako, Errusiak su-etenerako akordioa sinatu behar du; bigarrenik, agintarien arteko bilera, benetan iraunkorra izango den bakera heltzeko; azkenik, AEBen eta Europaren laguntzarekin epe luzerako segurtasuna bermatzea". 

"Ukrainak ez du inoiz gerrarik nahi izan eta bakerako ahalik eta eraginkorren lan egiten jarraituko du", azaldu du Ukrainako presidenteak sare sozialetan argitaratutako mezuan. Gainerak, adierazi du Errusiari dagokiola "inbasioa" amaitzeko benetako pausoak ematea. Telefono deiz beteriko egunak izaten ari dira Zelenskirentzat: asteazkenean Trumpekin eta Mark Rutte NATOko idazkari nagusiarekin hitz egin ostean, ostegunean Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrarekin eta Frantziako eta Italiako ordezkariekin mintzatzekoa da. 

India, xake taulako pieza bat gehiago

Dagoeneko pieza ugari ditu Trumpek abiatutako muga zergen xake taulak, baina azken egunetan peoi bat gehitu zaio: India. Izan ere, bi herrialdeen arteko harremanak azken urteetako une okerrenean daude, asteazkenean AEBetako presidenteak %50eko muga zergak ezarriko dizkiola iragarri ostean; orain arte herrialde bati ezarritako ehuneko handiena. Horren arrazoia sinplea da: Moskuri presioa sartzea. India Errusiako petroleoaren inportatzaile nagusia da: hain zuzen, New Delhiren inportazioen %36 suposatzen du errusiar jatorriko petroleoak.  

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nazioartea
Eguneraketa berriak daude