"Nord Stream 2" gasbidearekin Europa katramilatuta Mosku eta Washingtonen lehian

  • Errusiatik Alemaniaraino gasa ekarri behar duen 1.200 kilometroko hodi batean dago korapilatuta Europar Batasuna, AEB eta Errusiaren arteko harreman berez arantzatsuak bahituta. Ukrainako gerraren hotz-beroak, Alexei Navalny oposizioko politikari errusiarraren espetxeratuaren inguruko tentsioak, Sputnik txertoaren gurutzebide europarra… ezin erabat ulertu Nord Stream 2-arena ezagutu barik.

Gerhard Schröder Alemaniako kantziler ohia Nord Stream gasbidearen lanak ikuskatzen: bera da gas errusiarraren aldeko lobby buru ezagunena.
Argazkia: Nord Stream.
Gerhard Schröder Alemaniako kantziler ohia Nord Stream gasbidearen lanak ikuskatzen: bera da gas errusiarraren aldeko lobby buru ezagunena. Argazkia: Nord Stream.

Energiaren krisiari aurre egiteko estrategietan dena ez baita haize-errota, plaka fotovoltaiko eta hidrogeno, Europar Batasunean atzerritik ekarri beharreko gasaren inguruan ari da jokatzen bataila gogor bat hilabeteotan. Gasaren osagaia kontutan hartu barik ezin dira osorik ulertu Mosku eta Washingtonen arteko talkaren erdian Europak bizi dituen tira-birak. Maiatzeko Le Monde Diplomatique-n Mathias Reymond ekonomialariak eta Pierre Rimbert kazetako erredaktoreburuak azaldu dituzte aferaren hari nagusiak.

Errusiako Vyborg hiritik Alemaniako Greifswaldera Baltiko itsasoan barrena gasa daraman 1.200 kilometroko hodia da Nord Stream. Jada urtean 55.000 milioi metro kubiko gas naturala daramana, 2011an inauguratu baitzuten lehen hodia. Ideia bat egiteko, Frantziako estatuak 2019an denera 43.400 milioi metro kubiko kontsumitu zituen. Errusiatiko gas emaria 110.000 metro kubikotara iritsi ahal izateko erantsi nahi izan diote bigarrena, Nord Stream 2… kasik amaitzear zegoela korapilatu dena AEB eta Errusiaren arteko gerra hotz berrian.

1970etatik ari da mendebaldeko Europa gasa ekartzen Sobiet Batasunatik, bloke komunistaren eta kapitalistaren arteko zubi-lana egiten zuten gasbideok, mendebaldeko enpresei hornidura egonkorra eskainiz. 1982an Ronald Reagan hasi zen AEBetatik trafiko horri zigorrak ezartzen, baina orduan 10 herrialdek osatzen zuten Europar Batasunak aurre egin zioten. 1989an Berlingo harresia erori, Sobiet Batasuna erori, honen orbitapean egondako herrialde saila hartu zuten Europar Batasunak eta OTANek… eta Siberiatik mendebaldera gasa zekarten azpiegituren inguruko tirabirak hasi ziren Europar Batasunean bertan. Eta laster hasi ziren AEB berriro muturra sartzen.

Baltikoan barrena 2005etik 2011ra artean Nord Stream hodia eraiki zutenean amerikarrek ezer gutxi esan zuten. Aldiz, bigarren hodiarekin atera dute zigor ekonomikoen artileria osoa, Nord Stream 2 gelditu eta proiektuan parte hartzen zuten konpainia askori ihes egitera behartuz. AEBen erasoaren oinarrian faktore bat baino gehiago daude. Hasteko, Gas Natural Likidotuak (GNL).

Gasa hoditeriak ekartzeko kontratuak urte luzetarako sinatzen baldin badira, urrutiko iturrietan likidotu eta itsasontziz ekarritakoak erosleari askatasun handiagoa uzten dio negoziatzerakoan. Baditu bere arazo teknologiko eta ekonomikoak, baina GNL modan jarri da, Europak kontsumitzen duenaren herena itsasotik iristen zaio eta 30 portutan badauzka gas hau lehorreratzeko azpiegiturak. Kontua da AEB direla munduan gas natural gehien ekoizten dutenak –fracking teknologiarekin lurrari aterata, funtsean– eta Europan ikusten duela hori GNL formatuan saltzeko merkaturik erakargarriena.

Ukraina deitzen da gatazkaren beste osagaia. Errusiatik Europa asetzen zuen hodi nagusia luzaz Ukraina zeharkatzen zuena zen eta ukrainarrak saiatzen ziren Sobiet Batasunaren aroak utzitako ondare horri zukua ateratzen, kanalaren erdi-bideko giltza zabalik edukitzearen truke errusiarrei prezio eta baldintza hobeak kobratzeko. 2014ko Krimea galtzea eta berrikitan beroaldia nozitu duen Donbasseko gerra, ezin ulertu gasaren liskarrik gabe. Ukraina saihesteagatik, gainera, Moskuk mugimendu bikoitza egin du azpiegituretan: hegoaldetik hodi berri bat eraiki Turkia zeharkatuta Bulgaria eta Serbian barrena iristeko Hungaria eta Austriaraino, eta Iparraldetik Nord Stream hodiari bigarrena gehitzea.

ALEMANIAK EZ DU AMORE EMAN

Baltikoko gasbidearen kontra egon dira AEBetatik Obama eta Trump, eta hala dago Biden ere, demokratak eta errepublikarrak bat datoz Nord Stream-ek Europa eta batik bat Alemania Errusiako energiaren mende uzten duelako argudiatzen yankiek mehatxu garbia bidali dute 2020ko udan: Errusia, Iran eta Ipar Korearentzako prestatutako zigor ekonomiko berekin egin diete mehatxu, “Alemaniara edo Turkiara eraman nahi diren hodiak eraikitzen ari diren itsasontziei laguntzen dieten guztiei bisak eta ondasunak kenduz”. Gas errusiarrak Europaren energia segurtasuna arriskuan jartzen omen du, lege horren arabera; ez, ordea, AEBetatik Europako kaietaraino bidaltzen duten gas natural likuatuak.

Europar Batasunaren barruan lehendik ere Polonia eta Baltikoko herrialdeak bazeuden iparraldeko hodiaren kontra. Aldiz, Alemaniak –Europako erdialdeko beste zenbait estaturen laguntzarekin—eusten zion bere estrategiari, energia nuklearretik 2022an eta ikatzetik 2038ean irtetekotan, energia berriztagarriek behar adinako indarra hartu bitartean gas naturala beharrezkoa duelakoan. Emmanuel Macronek, Frantziatik, Merkeli emandako hitza jan eta Nord Streamaren aurkariekin egin du bat, errusiarrekiko menpekotasun arriskuak aipatzearekin ziur aski Alemaniarekiko beste lehiaren bat estaliz.

Aurretik, ordea, aldaketa Europako Batzordeak gertatua zen. 2018ko uztailean Donald Trumpek, Europako esportazioei AEBetan zergak gogortzeaz mehatxatuz lortu zuen Bruselasek amore ematea afera honetan: Europar Batasunak onartu zuen gasarekiko bere estrategia osoa berrikustea, gas natural likuatuari indarra eman eta hodietatik inportatutakoari kenduz. Trumpen fomulazioan, ‘askatasunaren gasa’ lehenetsi ‘gas-hodi totalitarioen’ kaltetan.

Pierre Rimbertek idatzi duenez, “Europa zaharrean AEBek badakite orain badaukatela Polonia bera baino aliatu sendoago bat: Bruselasko agintarien dogmatismo liberala. Hain zuzen, Junckerren eta Trumpek AEBetatik iritsitako gasari buruzko ituna sinatu eta hilabete gutxira, Europako Parlamentuak 2019ko apirilaren 17an onartu zuen 2009etik indarrean zegoen gasaren zuzentaraua, Amerikatik eta bestetatik ekarritako GNLa sustatuz”.

Noiz iritsiko da gasa Nord Stream 2-tik? Ezin jakin gaurkoz. 1.200 kilometro aingira erraldoiari Alemaniako kostaraino iristeko dozena batzuk kilometro baizik ez zaizkio falta, jada 9.500 milioi euroko inbertsioak eginda dauzkate eta, hedabideek zabaldu dutenez, obra burutzeko lanean ari da Fortuna itsasontzia, laguntzaile dituela Katun eta Baltiski Issledobate logistika-baporeak. Azkenean, Europako konpainia askok proiektuari uko egin ostean, Errusiak bere gain hartu du azken kilometroak eraikitzea. Beraz, iturria prest edukiko dute Alemanian laster, urtean 55.000 milioi metro kubiko gas eskuratzeko moduan.

Analistek diote Alemaniak loxintxa bidez lortuko duela AEB biguntzea. Konpainia eta agintari askok eusten diote han Nord Stream asmoari. Yankien zigorrak saihesteko estrategiak ere prestatzen dituzte Mendebaldeko Pomeranian eta beste zenbait ‘land’-etan. Irailaren 26rako iragarri dira, gainera, hauteskundeak. Euskal Herrian ere izango dira dagoeneko inkestei begira daudenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Energia krisia
2024-05-09
Siemens Gamesak "doikuntzak" iragarri ditu eta kezka areagotu da langileen artean

Energiaren sektoreari loturiko konpainiak bere zuzendari nagusia aldatu du, doikuntzak iragartzearekin batera. Euskal Herriko lantegietan ia 3.000 langile aritzen dira eta sindikatuak kezkatuta agertu dira, kaleratzeak ekar litzakeelako erabakiak.


GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]


2024-03-25 | ARGIA
"Megaproiektu berriztagarrien egungo hedapenaren aurka eta bizitzaren alde" manifestua sinatu dute hainbat alorretako 75 pertsonak

"Elite ekonomiko baten pribilegioak iraunarazten diren aldi berean, konponbide faltsuak eskaintzen dizkigute, egiazko konponbideek beharko luketena onartu gabe: oligarkia energetikoa erabat auzitan jartzea, hazkunde ekonomikoaren aginduarekin haustea, gure eredu produktibo... [+]


2024-03-20 | ARGIA
Jasangarritasunaren Euskal Azokak hamargarren edizioa egingo du asteburuan Durangon

Berdeago Azoka egingo dute martxoaren 22tik 24ra, Durangoko Landako Gunean. Energia-eraginkortasunaz eta kontsumo arduratsuaz kontzientziatzeko helburua du Jasangarritasunaren Euskal Azokak, ingurumena babesteko irtenbideak tarteko.


Eguneraketa berriak daude