Oldarraldi militar fabrikatuen arriskuak Ukrainan

  • 2021eko urriaren 30ean The Washington Post egunkariak argitaratutako artikulu batek ireki zuen bidea. Testuan iradoki zuten Errusia Ukrainaren inbasioa prestatzen ari zela. Ordutik zurrumurrua etengabe elikatu eta garatu dute AEBetako Gobernutik, eskala handiko inbasioa berehala gertatuko zela esan arte. Iturria? AEBetako eta Erresuma Batuko inteligentzia zerbitzuak. Frogak? Bat ere ez. Hipotesiak ba al du logikarik, Errusiak nazioarteko politikan azaldu duen portaerari erreparatuz gero? Hori ere ez.  Orduan, zer ari da gertatzen?

Ukrainako militarrak Donetsk eskualdean 2022ko otsailaren 10ean. Argazkia: W. Schwan / Getty Images

2022ko otsailaren 22an - 08:10
Azken eguneraketa: 2022-10-21 10:44:14

Aurrekariak garrantzitsuak dira: Errusiako armadak bere mugetatik kanpo egin dituen esku-hartze militar guztiak erreaktiboak izan dira, ez dago bat bera ere proaktiboa. Halere, hori ez da arrazoi nagusia ulertzeko zergatik Errusiak ez duen eskala handiko inbasio bat burutuko Ukrainan, nahiz eta Mendebaldeko hedabide nagusiek etengabe kontrakoa esan. Nahi izan balu, garai aproposagoak izan ditu hori egiteko indar harremanei dagokienean, dimentsio militarraren eta Ukrainako jendartearen artean izan lezakeen babesari erreparatuz, baina ez du nahi izan. Izan ere, nazioarteko politikan Kremlina zuhurra eta kontserbadorea da, gogoan ditu Bigarren Mundu Gerrako hondamendia eta sobietar abentura Afganistanen. Ondo ezagutzen ditu bere ahulguneak. Horrelako abentura militar batek egun Errusiako Estatuaren etorkizuna arriskuan jarriko luke.

Errusiak ondo ezagutzen ditu bere ahulguneak. Horrelako abentura militar batek estatuaren etorkizuna arriskuan jarriko luke

Etxe Zuriaren ametsetako bat da Errusiako Federazioa beste Afganistan batean lokaztea, horregatik, Joe Biden boterera iritsi bezain laster Errusiaren kontra erasokor agertu da. 2021eko martxotik ekaina bitartean AEB, NATO, Ukraina eta beste aliatu batzuek historiako ariketa militar handienetakoak jarri zituzten martxan, Defender-Europe 2, besteak beste, Europa Ekialdean, Baltikoan eta Itsaso Beltzean. Aste batzuk geroago errusiarren erantzuna etorri zen, ariketa militarrak antolatuz Ukrainarekin muga egiten duten errusiar lurraldeetan. AEBek gerraontziren bat edo beste bidali zuen Itsaso Beltzera, baina, Errusiak ariketak bukatu eta armada kuarteletara erretiratu zuen.

Ekainean Erresuma Batuko gerraontzi bat errusiarren kontrolpeko Itsaso Beltzeko uretan sartu zen, geroago Herbehereetako gerraontzi batek saiakera bera egin zuen eta azkenean, AEBek eta Ukrainak elkarrekin ariketa militarrak egin zituzten Itsaso Beltzean. Behin uda pasata, inbasioaren mamua berriro paseatzera atera zuten AEBetako eta Erresuma Batuko gobernuek. Beraien inteligentzia zerbitzuek era eskuzabalean elikatu dituzte hedabideak, erdi-egiekin, konspirazioekin eta berri faltsuekin.

Guztia Errusiak Ukrainako mugetan ehun mila militar inguru metatu omen dituelako, hau da, Ukrainak Donbasseko herri errepubliken inguruko lurraldeetan pilatu dituenen erdia gutxi gorabehera. 15 milioi biztanle zituen eta Mendebaldetik deskonektatuta zegoen Txekoslovakia inbaditzeko milioi erdi militar behar izan zituen Varsoviako Itunak, eta orain, antza, Errusiak ehun milarekin nahikoa du inbaditzeko 40 milioi biztanle dituen eta NATOrekin lurrez konektatuta dagoen Ukraina.

Fake guda mediatikoa

Edozein potentziak gezurrak fabrika ditzake, baina arrakastatsuak izan daitezen hedatzeko bitartekoak behar ditu. Washingtonek eta Londresek nazioarteko hedabideen gainean kontrol handia dute eta egun bi herrialde horiek bizi duten gainbehera hegemonikoari aurre egiteko, maiz erortzen dira manipulazio eta faltsifikazioetan.

Nazioarteko gatazka bat mediatikoki sortu edota elikatzeak beti izan du Ipar Amerikako konplexu militar-industrialaren babesa. Dwight D. Eisenhower AEBetako presidenteak bere agurreko hitzaldian ohartarazi zuen bezala, konplexu militar-industrialaren interesek etengabe mehatxatzen dute politika estatubatuarra, bere interesak nazioen gainetik jartzen dituelako. Parte batean, horrek esplikatzen du zergatik AEBek NATOren hedapena bultzatzen duten. Kide berri bat sartu orduko konplexu militar-industrialak bezero bat gehiago dauka, bere armak erostera behartuta dagoena. Logika horren arabera ez da kontraesankorra NATOk etsaitzat duen Errusia inguratzea eta mehatxatzea, arriskutsua izan arren. Izan ere, potentzien artean ez badago estatu neutralik, gatazka arintze-eremu gisa, tentsioak noizbehinka gora egingo du armamentu erosle konpultsiboak sortuz. Hori da egun gertatzen ari dena.

AEBetako eta Ukrainako soldaduak 'Fearless Guardian' ariketa militar bateratuen irekiera ekitaldian, Ukrainako Yavoriv-eko entrenamendu-zelaian 2015ean. Argazkia: AFP

Ondo datorkien panorama

Halere, konplexu militar-industrialak duen pisuaz gain, badira barne-motibo ugari azaltzen dutenak zergatik orain Washingtonek eta Londresek tenkatu duten harremana Errusiarekin. Erresuma Batuak oraindik ez du ondo digeritu Brexita eta Boris Johnson lehen ministroaren irudia narriatuta dago, batez ere, berak antolatu eta parte hartu duen zenbait festetan ez dituelako pandemiari aurre egiteko arauak errespetatu. Johnsonen eskandalu bakoitzaren ostean, ia automatikoki jakinarazten dute aztergai dugun Ukrainiako krisian tentsioa igoarazten duen britainiarren beste ekarpen bat.

AEBetako panorama ez da hobea. Herrialdearen gizartea eta politika sakonki ari dira zatitzen eta polarizatzen, horregatik, eztabaida politikoaren joera zentrifugoa apaltzeko kanpo etsai errusiarrengana desbideratu dute arreta. Bestalde, ekonomian inflazioa harrotuta dago eta zorra etengabe ari da handitzen; horrelako egoeren aurrean gerra hotsek indartu egiten dute dolarra, inflazioaren aurka borrokatzeko abantailak ekarriz eta hazkunde ekonomikorako aukera berriak sortuz. Era berean, alderdi demokratak erabili nahiko ditu giro gerrazalea eta berarekin batera aktibatzen den maccarthismoa, Biden eta bere administrazioak sufritu duten babes higadurari buelta emateko aurtengo Kongresurako hauteskundeetan –azaroan izango dira–.

Errusiaren inbasioaren mehatxua, nahiz eta ez sinesgarria izan, arriskutsua da, “autobetetzen den profeziaren” arabera

Barne faktoreez gain, gertatzen ari dena ulertzeko komeni da nazioarteko politikaren elementu garrantzitsu batzuk kontuan hartzea. Washingtonen zenbait sektorek pentsatzen dute AEBek bizi duten hegemonia gainbeherari galga jartzeko modu zuzenena litzatekeela beren etsaiak inplikatuko dituen gerra bat egotea. AEBek nagusitasun zabala dute arlo militarrean eta ekintza militarrak justifikatzen dituzten hedabideetan. Horregatik, gerrazaleek arlo ekonomikoan dituzten gabeziak betetzeko edota konpontzeko erabili nahi dituzte. Gainera, edozein gerrak nekez zipriztinduko ditu AEBak, geopolitikaren ikuspegitik uharte baten gisa funtzionatzen baitute. Hori defentsarako abantaila den moduan, ekonomiarako arazo da, batez ere, Eurasia, Afrika eta Latinoamerika merkatu gisa konektatzeko Txinak martxan jarri duen Zetaren Bide berria proiektuagatik. Horregatik, AEB eta Erresuma Batua espazio eurasiarra desegonkortu dezakeen edozein aukera eta ekintza bultzatzeko prest daude, Errusia eta Txina molestatzeko.

Ukrainako emakume batzuk autodefentsa teknikak praktikatzen, 2022ko otsailaren 5ean Kieven antolatutako 'Biziraupena hiriguneetan' izeneko formakuntzetan. Argazkia: Getty Images

Autobetetzen den profezia

Washingtonek eta Londresek ondo dakite eurasiar merkatu integrazioa garatzen bada, ardatz anglosaxoia osatzen duten uharte geopolitikoak munduko ekonomiaren periferia bilaka daitezkeela. Horregatik daude hain tematuta Gerra Hotzaren bigarren bertsioa sortzen Errusiaren eta Txinaren aurka; EB gatibu hartzeko, integrazio eurasiarrean parte hartu ez dezan. Helburu hori izanda, ardatz anglosaxoiak etsaiak sortu eta antagonizatu behar ditu NATO kohesionatzeko eta EB bere interesetara ainguratzeko.

2008an NATOk iragarri zuen Georgia eta Ukraina Ipar Atlantikoko aliantza militarrean sartuko zituela

Horretarako erabili duen Errusiaren inbasioaren mehatxua, nahiz eta ez sinesgarria izan, arriskutsua da. Robert K. Mertonek sistematizatu zuen “autobetetzen den profeziaren” arabera, hasiera batean egoera baten definizio “faltsu” bat egiten badugu, horrek jokabide berria sortzen du hasierako definizio faltsua “egiazko” bihurtuz. Horrela, inbasio bat hasteko borondaterik ez duen Errusiak Ukraina inbadituko duela esaten badugu, bere balizko biktimak eta horien aliatuak has daitezke armatzen eta tropak Errusiako ateetan pilatzen, Errusia geroz eta mehatxatuago sentitu arte eta gerrarako prestatzen hasi arte.

Zoritxarrez hori da gertatzen ari dena. Normalean ez bezala, Errusiak eskalada diplomatiko-militarrean parte hartu du, ordea. Hori da oraingoan berritasuna. Etxe Zuriak sorturiko kontakizuna Kremlinak aprobetxatu du etxean dituen barne arazoak estaltzeko, baina baita NATOren zabalkundea geratzeko ere. Behin mamu izendatu zaituztela, mamu izateak dakartzan abantailak baliatu eta zure eskariak aintzat hartzeko aldarrikatuko duzu, ze bestela… tropak leku batetik bestera mugituko ditut, nire mugak misilez josiko ditut eta sorpresazko neurriren bat har dezakedala iragarriko dut.

Otsailaren 16an Kiev-en AEBetako enbaxadaren aurrean dozenaka pertsona elkartu ziren gerra inperialistaren aurka. Argazkia: Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komitearen bitartez.

2014tik guda abian da Ukrainan

Kontua da antzezlan diplomatiko-militar guztia gertatzen ari dela nazioarteko gatazka erreal bat tartean dagoela. Ekialdeko Ukrainan intentsitate txikiko gerra dago 2014tik, 15.000 hildako eragin dituena. Horregatik, eskaladaren jokoa arriskutsua da egur gehiago botatzen diolako pizturik dagoen gatazka bati, nahiz eta 2019an askok pentsatu zuen Ukrainako presidente berriak, Volodimir Zelenskik, guda amaitzeko pausu sendoak emango zituela.

Hasieran Zelenskik Minskeko bake akordioak betetzeko borondatea erakutsi zuen. Alde biko su-etena eta eremu desmilitarizatu baten sorrera adostu zituzten, besteak beste. Baina Ukrainan politika bakezaleak bultzatzeko edozein saiakera bertan behera gelditzen da mugimendu ultraeskuindarrek, estatuko hainbat aparatuk eta AEBek egiten duten presioagatik. Presidenteak bake bidetik jarraitzeak zekarkion higadura politikoaz ohartuta, azkenean albo batera utzi zuen helburu hori.

Zelenskik ekonomian ere ez zuen zorterik izan eta ondorioz, inkestek jaso zuten bera begi onez jotzen zuten herritarren babesaren jaitsiera handi bat. Irtenbide gisa, presidenteak muturreko nazionalismoa besarkatu eta neurri antidemokratiko ugari ezarri zituen, besteak beste, zenbait telebista eta hedabide itxiz, oposizioko buruzagi bat atxilotuz eta Petro Poroxenko presidente ohia judizialki jazarriz.

Ukrainako presidenteak presioari aurre egiteko erabili duen beste neurri bat izan da Donbasseko intentsitate txikiko gerra hauspotzea, tropa eta armamentu gehiago hara mugituz eta eraso “txikiak” ugalduz. 1995ean Ekaitza Operazioaren bitartez, Kroaziak Krajina berreskuratu zuen bezala, Ukrainak tentazioa izan dezake antzeko operazio bat burutzeko Donbass eskualdea osotasunean bere menpe hartzeko. Ideia horrek bultzada handia jaso zuen 2020an Azerbaijanek Nagorno Karabakhi eraso egin eta lurraldearen parte handi bat berreskuratu zuenean.

Nagorno Karabakheko jokaldia errepikatzeko tentazioak?

Errusiak badaki Ukrainako armada ez dela 2014 eta 2015ean bezain ahula. Garai hartan Donbasseko miliziak gerra irabazten zihoazen Kremlineko inteligentzia militarraren laguntzarekin eta errusiar militar kamuflatuek bitan burutu zituzten esku-hartze azkarrekin. Ordutik Ukrainako armadak asko hobetu du gaitasun militarra. Hori dela eta, Kievek erabakiko balu Donetskeko eta Lughanskeko herri errepubliken aurkako eraso handi bat egitea, litekeena da emaitza Nagorno Karabakheko gerran gertatu zenaren antzekoa izatea, Ukrainaren alde.

Mendebaldeak eta Ukrainak, isilean bada ere, onartu egiten dute Errusiak ez duela Donbass eskualdea okupatzen, horregatik dago gerra; aitzitik, Krimean tropa errusiarrak daudenez, Ukrainak  ez dio penintsulari eraso egiten. Baina, beste alde batetik, Ukrainako mugaren inguruan Moskuk egiten dituen tropa mugimenduekin, praktikan onartzen du errepublika autoaldarrikatuak ez direla gai beren independentzia bermatzeko eta balizko eraso baten aurrean Errusiako armadak eman liezaiekeen laguntzaren menpe daudela erabat. Beraz, Errusiako tropak metatzeak disuasioa du helburu, Kiev eror ez dadin Nagorno Karabakheko tentazioan, edo bestela esanda, gogorarazteko 2008an Georgian gertatu zenaren antzeko agertoki bat errepika daitekeela. Orduan Georgiak Hego Osetiaren aurkako eskala handiko eraso bat abiatu zuen, baina Errusiak azkar erantzun eta irabazi zuen gerra.

Gerra pizteko dagoen probabilitatea txikia da, baina demagun Kievek operazio militar zabala abiarazten duela. Errusiak militarki esku hartuko al luke Donbasseko herri errepubliken alde? Kontraerasoa arrakastatsua bada, noraino iritsiko lirateke errusiarrak? Nagusiki bi hipotesi daude. Lehenengoan, Donbasseko herri errepublikek egun okupatzen dituzten lurraldeen kontrola berrezartzeko operazioa burutuko lukete Errusiak eta bere aliatuek; bigarrenean aldiz, Donbasseko eskualde osoaren kontrola hartzeko kontraerasoa litzateke.

Errusiaren beldurra: NATO

Edonola ere, gerra ez da Errusiak nahi duena, Moskuk Donbasseko gatazka amaitzea nahi du Minsken adostutakoaren ildotik. Horrek funtsean esan nahi du Donbasseko eskualdeari autonomia ematea eta Ukrainan berrintegratzea. Errusiak horrela uste du 2014tik Ukrainan galdu duen eragin politiko, ekonomiko eta kulturala berreraikitzen hasteko aukera izango lukeela, nahiz eta jakin inoiz ez litzatekeela bueltatuko izatera garai bateko errepublika-ahizpa. Halere, Kremlinentzat agian hori baino garrantzitsuagoa da Donbass autonomoak joka lezakeen papera Ukrainaren balizko NATOko integrazioa blokeatzeko.

Gogora dezagun 2008an NATOk iragarri zuela Georgia eta Ukraina Ipar Atlantikoko aliantza militarrean sartuko zituela. Esan gabe doa Ukrainako herritarren iritzia ez zela kontuan hartu; garai hartako inkestek ziotenez, herritarren gehiengoa zatituta zegoen Errusiarekin aliantza militar batean sartzearen aldekoen eta herrialdeak neutral mantendu behar zuela uste zutenen artean; NATOn sartzea defendatzen zutenak ez ziren %20ra iristen.

Arazoa da balizko edozein akordio ez badute AEBek babesten, praktikan ez duela ezertarako balioko, Mendebaldean agintzen duena Washington baita

Errusiak ez ditu Georgia eta Ukraina NATOn integratuta ikusi nahi. Beldur da eta ez da harritzekoa kontutan hartzen badugu Aliantza Atlantikoak Errusia etsai bezala izendatuta daukala, ez zuela bete ekialdera ez hedatzeko eman zuen hitza eta errusiarren ateetatik gertu misilak jartzen pasa dituela azkeneko urteak. Horrez gain, armak ez ugaltzeko zenbait hitzarmenetatik erretiratu dira AEBak aldebakartasunez eta NATOko kide gehienek Errusiaren kontrako jazarpen politiko eta ekonomikoan parte hartzen dute, adibidez, ia guztiek zigorrak jarri zizkioten. Halere, Errusiak badaki bere jazarpenaren iturburu nagusia Washington eta Londres direla. Horiek agintzen dute eta Europar Batasuneko bazkideak beraien esanetara jartzen dira, horregatik, Moskuren negoziaketa eskaera zuzenean sheriffari zuzendu diote: AEBei.

Joe Biden eta Vladimir Putin, bideokonferentzia bidezko elkarrizketa batean abenduaren hasieran. Argazkia: Efe

Elkarrizketetan ez daude ez Ukraina, ezta Donbasseko herri errepublikak ere. Bien soberania maila oso txikia da. Deigarriagoa da Europar Batasuna negoziazioetan ez egotea. Normandiako taldeak –Ukraina, Frantzia, Alemania eta Errusia– Minskeko akordioak betearazteko duen ezintasunaren adierazlea da. Akordioak ezin izan dira bete Ukrainak ez duelako akordioa betetzeko indarrik izan eskuin muturraren eta AEBen presioen aurrean.

Hau ez da Washingtonek Ukrainan europarren ahalegin diplomatikoak zapaltzen dituen lehen aldia. 2014ko otsailaren 21ean, Ukrainako oposizioak eta gobernuak, Europar Batasunaren bitartekaritzarekin, akordio bat lortu zuten Ukrainako krisi politikoa amaitzeko, baina, akordioak 24 ordu bete baino lehen, oposizioak estatu kolpea jo zuen AEBen laguntzarekin. Barack Obamaren hitzetan, haiek “bitartekaritza” lana egin zuten botere aldaketarako.

Halere, Errusia ez da Normandiako taldetik erretiratu eta prest agertu da Europako buruzagiekin hitz egiteko. Arazoa da balizko edozein akordio ez badute AEBek babesten, praktikan ez duela ezertarako balioko, Mendebaldean benetan agintzen duena Washington baita. Europa kontinentalaren gehiengoa AEBen jarrera oldarkorretatik aldendu bada ere, horrek ez du esan nahi Europar Batasuna ahaldundu denik eta bat-batean bere soberania eta interesak lehenetsiko dituenik.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ukraina
Europak armak erosiko ditu, zuri pentsioa kenduta

Badator gerra handi bat. Gastu militar ziztrin horiekin ez goaz inora. Trumpek bakarrik utziko gaitu oraingoan. Herritarrek prest egon behar dute Putinen aurrean... Europar Batasuneko agintarien artean nagusitzen ari den diskurtso hori, hitz bakarrean laburbiltzen da:... [+]


Pablo Gonzalez "berehala" askatzea exijitu dute Gernikan eta nazioartean

Bi urte Polonian preso daraman kazetaria "berehala" askatzeko exijitu dute ehunka lagunek Gernikan. Madrilen, Espainiako Kongresuaren aurrean elkarretaratu dira alderdi ugaritako diputatuak; Espainiako Atzerri ministro Jose Manuel Albaresen esanetan, kazetariaren... [+]


Babes gutxi jaso du NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko Macronen planteamenduak

Ukrainari buruzko nazioarteko bilera burutu zuten otsailaren 26an hogei bat estatuburuk eta horren berri emateko prentsaurrekoan bota du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak NATOko tropak Ukrainara bidaltzeko planteamendua.


Zelenski: "Ukrainako 31.000 eta Errusiako 409.820 soldadu hil dira gerran”

Gerran hil diren ukraniarren inguruan Errusiak emandako datuak ezeztatu ditu Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak. Laguntza militarra ematen jarraitzeko eskatu die AEBei.


Eguneraketa berriak daude