Ostiralean AEBetako presidenteak presio egin zion Ukrainakoari Etxe Zurian burututako bileran, Donbass ez berreskuratzea onar dezan. Frontea dagoen lekuan “izoztu” eta muga horiek negoziatzen hasteko esan zion. Asteartean Europako hainbat buruzagik Zelenski babestu eta Putinen aurka egin dute adierazpen bateratuan, baina Trumpen proposamena onartuta.
Ostiralean bildu ziren Etxe Zurian Donald Trump AEBetako presidentea eta Volodimir Zelenski Ukrainakoa. Bileran, Trumpek bere diskurtso aldakorra berretsi du beste behin. Iragan hilabetean esan zuen ukrainarrek 2022tik Errusiaren aurrean galdutako lurralde osoa berreskuratu ahal izango zutela. Ostiralean, ordea, "borroka-lerroak dauden tokian” gelditu eta hori oinarri izanda “bakea” negoziatzeko esan zion Zelenskiri. Horrek esan nahiko luke Donbassen zati handi bat errusiarren mende geratuko litzatekeela. Financial Timesen arabera, Trumpek gerra galtzen ari zela esan zion Zelenskiri, ohartaraziz: "[Putinek] nahi badu, suntsitu egingo zaitu". Hedabide berak eta Reuters albiste agentziak ziurtatu dute bilera “oihuka egindako borroka" batean amaitu zela, eta Trumpek “biraoak” bota zituela bata bestearen atzetik.
Zelenski eta bere taldea Etxe Zurira joan ziren Trump konbentzitzeko itxaropenarekin, AEBek Ukrainari irismen luzeko Tomahawk misilak eman ziezazkien; baina AEBko presidenteak uko egin zion. "Uste dut [Donbasseko] lurraldearen %78a Errusiak okupatuta duela jada. Utzi dezatela oraintxe bertan dagoen bezala. Aurrerago negoziatu dezakete. Gelditu dezatela gerra, doazela etxera, utz diezaiotela borrokatzeari eta jendea hiltzeari", adierazi zuen Trumpek asteburuan.
Europaren erantzuna
Ukrainako presidentearekin adierazpen bateratua sinatu du Europako buruzagi talde batek: Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrak, Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak, Georgia Meloni italiarrak, Donald Tusk poloniarrak, Jonas Gahr norvegiarrak, Mette Frederiksen danimarkarrak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Alexander Stubb finlandiarrak, eta Ursula von der Leyen eta António Costa Europako Batzordeko eta Kontseiluko presidenteek. Espainiako presidente Pedro Sánchezek adierazpenarekin bat egin du ordu batzuk geroago.
Adierazpenak dio Ukrainarentzat "bake justu eta iraunkorra" nahi dutela, eta “konpromisoa” agertzen du mugak “indarrez” eraldatu ezin direla dioen “printzipioarekin”. Errusiaren aurka egiten jarraitzeko prestutasuna berresten dute agintariek: “Errusiar ekonomiaren eta bere defentsa industriaren gaineko presioa handitu behar dugu Putin bakea egiteko prest egon arte”. Baina, aldi berean, hori guztia zalantzan jartzen duen Trumpen proposamenari erabateko babesa adierazi diote: “Irmo babesten dugu Trump presidentearen jarrera, hau da, borrokak berehala eten behar direla eta egungo kontaktu-lerroa izan behar duela negoziazioen abiapuntua”.
Putin eta Trump Budapesten bilduko dira
Datarik zehaztu ez badute ere, Putinek eta Trumpek joan den ostegunean adostu zuten Budapesten biltzea, azken honek proposatuta. Bilera Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren etxean egiteak Zelenskiren eta Europaren ahulezia agerian utzi du. Izan ere, Orban Errusiaren aliatua izan da luzaroan –baita Trumpen aldekoa ere– eta Ukrainiari laguntza militarra ematea ukatu du hainbatetan, nahiz eta Hungaria EBeko eta NATOko kide den. Gainera, sinbolismoz betetako hiria da Budapest ukrainarrentzat, 1994an "segurtasun bermeei" buruzko memoranduma sinatu baitzuten Errusiak, AEBek eta Erresuma Batuak, Ukrainak sobietar aroko armategi nuklearrari uko egitearen truke.
Putin hartzeak ekarriko luke Hungariak nazioarteko betebeharrak urratzea: Hagako Nazioarteko Zigor Auzitegiak Errusiako presidentea atxilotzeko agindua emana du gerra krimenengatik, eta estatuak legez behartuta daude agindua betetzera. Urte hasieran Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa hartu zuen Orbanek herrialdean, Nazioarteko Zigor Auzitegiak arrazoi berdinengatik hura atxilotzeko agindua eman badu ere. Edonola dela, Netanyahuk zein Putinek, biek igaro dituzte Mendebaldeko hainbat herrialderen lur edo aire espazioak atxilotuak izan gabe.