Hegazkinak Covid-19 ostean: arazoa konponduko dute, baina ez zuk espero bezala

  • Hegazkin konpainiak kolapsatzeko zorian egon dira urte askoan eta arrazoi askorengatik, baina benetako arazoa da, gainerako guztien oinarrian dagoena, erregai fosila behar dutela. Hegazkinak piztia ase ezinak dira: munduko erregai-ekoizpenaren %7 inguru kontsumitzen dute, erregaiez hornitzen den hegazkin konpainia baten eragiketa-kostuen %20-%30 inguru. Orain arte, konpainia gehienek lortu dute bizirik jarraitzea petrolio-merkatuaren gorabeheren artean, baina bistakoa denez petrolioak ezingo du betiko iraun. Horrez gain dago erregai fosilek sortutako kutsaduraren arazoa, batez ere berotze globalari dagokiona. Horren ondorioetako bat da "hegaldatzeko lotsa" deritzon fenomenoa, buruko min bat gehiago konpainietako buruzagientzako.


2020ko maiatzaren 07an - 11:00
"Hidrogenoz mugitutako hegazkin batek itxura hau edukiko omen luke. Egia esan, ez dauka itxura oso erakargarria, zalantzan jartzekoa da ea hegan egiteko gauza ote litzatekeen ere. Hegazkinak hidrogenoz mugiaraztea erratza balitz, norbait ariko zen dagoeneko prototipo errealak eraikitzen, horrelako margoak egiten aritzeko partez". (Ugo Bardi)

Hegazkinak airean edukitzea nahi baduzu, erregai fosilen beharra kendu behar diezu. Eta hori ia ezinezkoa da, gaur egungo hegazkinentzat behintzat. Beste artikulu batzuetan azalduta dauzkat erregai fosilen alternatiben alderdi tekniko eta finantzarioak. Hidrogenoa erregai ona da [espaziora jaurtitako] suzirientzat, baina ez hegazkin zibilentzat, teknologiaren eta finantzaren aldetik erokeria da. Bioerregaiek ere ezin dute lagundu: ezingo zenuke horien ekoizpena handitu gaurko hegazkin zibilen flota elikatzeko adina. Hegazkin elektrikoak ideia polita dira hegazkin txikientzat, baina ezin duzu Boeing 747 baten baliokide elektriko bat eraiki. Gorpuzkera zabaleko hegazkinak optimizatuta daude darabilten erregaia, kerosenoa, kontutan hartuta. Dagoeneko azken muturreraino optimizatuta daude. Diru asko gastatuz gero, hau eta hura finduta eta ukituta hegazkinen errendimenduan ehuneko bate irabazi ahalko zenuke, baina horrek ez luke erregai fosilen beharra ezabatuko.

Ondorioz, airelineek arazoari erantzun diote kostuak ahalik eta gehien murriztuz. Hori lortu dute bidaiariei era guztietako umiliazioak jasanaraziz: hegazkinak gainezka beteta, itxaronaldi luzeak, hegaldi ez fidagarriak, ordutegi ezinezkoak, lurrean zerbitzurik ez, janari nazkagarria hegazkinean eta abar. Horiei gehitu aireportuetako ateetan bidaiariei jasanarazten zaien jazarpena: gerrako presoei kontzentrazio-esparrura bidean emandako tratuaren antz handiagoa du beste ezerena baino. Eta hala eta guztiz bazirudien bidaiariek pozik onartzen zituztela tratu txarrak prezio baxuko txartelak eduki ahal izatearen truke.

Alabaina, batzuetan hegazkin konpainiak irteerarik gabeko kaleraino eraman izan dituzte soluzio horiek: murrizketak egiten hasita beti iritsiko zara muga bateraino. Ryanair iritsi zen hegazkinetan bidaiariak zutik eramatea proposatzera, nahiz eta publizitate-trikimailu bat besterik ez zen izan. Eta orduan iritsi zen koronabirus izurritea, jada oso presiopean zeuden aire konpainiei kolpe ikaragarria emanez.

Oraintxe bertan zaila da aurreikustea bidaiari zerbitzua nola berrabiaraz daitekeen: jendeak hain daude beldurtuta, ezen hegan egitea ez bailukete onartuko ez bada denek oxigeno-tanke autonomoz hornitutako eskafrandra bana jantzita. Baliteke datozen hilabeteetan kezka lasaitzea, litekeena da ere "osasun-pasaporteren" bat indarrean jartzea, bidaiariak kutsatu ez ditzaten beldurrik gabe elkarren ondoan eseri ahal izateko. Baina, bitarte horretan, industria izugarri larri dagoela, agur esatea badaukazu turbinen errotoreei.

Hala ere, askotan esan ohi dudanez, gertatzen den guztiak beti dauka gertatzeko arrazoi bat eta aire konpainien patua idatzita zegoen hegazkinen hegaletan. Iaz, Airbusek bertan behera utzi zuen bere A380 hegazkina, Europako industria aeroespazialaren lili hautatua, eta hori kolpe hilgarria izan zen fuselaje zabaleko hegazkinen kontzeptua berarentzako. Gauza jakina zen, eta industria aeroespaziala jadanik ahaleginak beste norabide batean mugitzen ari zen.

Esaten denez, Titanic hondoratu zenean, hirugarren mailako bidaiariak beheko solairuetan itxita eduki zituzten eta ito egin ziren. Bistakoa da jende horiek trabatzat zeuzkatela. Gaur egun, iruditzen zait eliteek ulertu dutela hegazkinek ez daukatela "economy class" [eserleku merkeak] zertan eduki. Kalkulu horren emaitza da hegazkin belaunaldi berri bat, aberatsek bakarrik erabiltzeko pentsatua. Alegia, ontzitik kentzen baditugu plebeioak, kutsadura gutxiago edukiko dugu, hegazkin azkarragoak, erregai gutxiago behar eta hegaldi erosoagoak. Hona hemen adibide bat: Aerion AS2, 8-12 bidaiarirentzako hegazkin supersonikoa.

Aerion AS2 hegazkin supersonikoa, negozioetako jende aberatsarentzako aukea berria.

Adibide bat besterik ez da, baina une honetan hegazkin konpainietan modan dagoen hitza "bizliner" da, hegazkinak (ez nahitaez supersonikoak) horiek ordain ditzaketen pertsona-talde bereziei arreta emateko diseinatu eta antolatuak: politikariak, enpresariak, kirol-taldeak, etab. Hegazkin bat guk, plebeio xumeok, sekula erabili ahal izango ez duguna. Baina bizitza horrelakoa da: hegan egitea pribilegio bat izan da gure belaunaldiko askok gozatu duguna, baina ezerk ez du betiko irauten. Gutxienez, hemendik aurrera ez gara hegan egiteagatik errudun sentituko!

Ugo Bardi kimikari eta kliman adituaren artikulu hau haren Cassandra's Legacy blogetik euskaratu dugu. ARGIAren Larrun gehigarrian "Peak civilisation': Zerk hondoratu gaitzake Erromatar Inperioa bezala?" plazaratu zuen.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Koronabirusa
Hamar milioi euroko komisioak sortu zituzten Koldo García atxilotu duten maskaren operazioan

Guardia Zibilaren esanetan, Victor de Aldama enpresariak ordaindutako diru kopurua litzateke hamar milioi euroko hori, eta Espainiako Garraio Ministerioak pandemia garaian egindako salerosketei lotuta legoke. Ostegun honetan utzi dute aske García, epailearen aurrean... [+]


Ikasgela kalera ateratzetik lau horma artera itzuli al dira eskolak, pandemia ostean?

"Pandemiaren ondoren, jakinarazi ziguten eskolatik kanpoko jarduerak askoz gehiago sustatuko zirela, eskura dauden ingurunean eta baliabideak erabiliz, baina gure seme-alaben hezkuntzan hain garrantzitsua den konpromiso hori ez da betetzen ari". Guraso batek... [+]


2023-07-04 | Ilargi Manzanares
Asteazkenetik aurrera ez da derrigorrezkoa musukoa Hegoaldeko osasun zentroetan

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean amaituko da musukoaren beharra, eta COVID-19 pandemiak eragindako murrizketak amaituko dira. Hainbat salbuespen izango ditu: zainketa intentsiboetako unitateetan, onkologikoen eremuetan, ebakuntza geletan edo larrialdietan,... [+]


90.000 milioi euro irabazi zituen industria farmazeutikoak, diru publikoz finantzatutako COVID-19 txertoekin

Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.


Gaurtik aurrera maskara ez da beharrezkoa garraio publikoan Hegoaldean

Espainiako Ministroen Kontseiluak onartu du maskara hautazkoa izatea garraio publikoan. Baina gomendagarria da gaixotasunen sintomak dituztenentzat eta pertsona zaurgarrientzat. Derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan.


Eguneraketa berriak daude