Hamabi gizarte eragilek auzitegietan salaketa jarri dute Lanbideren irizpideek legea urratzen dutelakoan

  • Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta onartzeko Lanbidek ezarritako 75 irizpideetatik 28ren aurkako salaketa jarri dute martxoan gose greba egin zuten hamabi kolektiboek. Auzitegira eramandako irizpide horiek ehunka herritar utzi dituzte DSBE jaso gabe. Irizpideak apirilaren 7an egin zituen publiko Lanbidek, baina etengabe aldatzen dituela ere salatu dute.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2017ko maiatzaren 16a
Maiatzaren 15ean Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzea, Lanbideren irizpideak epaitegira eramango zituztela iragarriz.

Iñaki Carro abokatuak jarri du astearte goizean auzitegian salaketa Lanbidek apirilaren 7an publiko egindako irizpideen aurka. Salaketa horretan diotenez, funtzionarioek legea aplikatzeko irizpide edo "eskuliburu" horien sei aldaera ezagutu dituzte. Arreta deitzen du bosgarren irizpide-sorta apirilaren 7koa dela eta zazpigarrena, berriz, maiatzekoa. Hau da, hilabeteren buruan aldatu dituztela webgunean publiko egindako irizpideak (hona hemen oraingoak, berrienak).

Salaketak dioenez, aldaketa horiek lotura estua dute Legebiltzarrean irizpideez egindako galdera parlamentarioarekin (maiatzaren 11 edo 12an ezabatu zen Legebiltzarrean zalantzan jarritako irizpideetako bat), eta gaur goizean auzitegian aurkeztu duten salaketarekin: Iosu Balmaseda Argilan-ESK-ko kidearen hitzetan, "irizpideak astez aste doaz aldatzen, mutatzen".

Salaketari erantzuna eman beharko dionez Lanbidek, hainbat galdera zehatz lutzatzen dizkio. Horien artean, ea nork erabakitzen duen irizpideetan egiten den aldaketa bakoitza, eta zer galbahe juridiko pasatzen duten irizpide horiek. Berme juridikoak eskatu dituzte irizpideak zehazterakoan. Hona apirilaren 7an Lanbidek publiko egindako 75 irizpideetatik salatu dituzten 28 irizpideetako batzuk:

Atzerritarren Nortasun Zenbakia eskatzea Espainiako Estatuan hiru hilabete daramatzatenei

Auzitegian jarritako salaketak argudiatzen du irizpide honek ez duela oinarri legalik eta DSBE jasotzeko aukerarik gabe uzten dituela administratiboki egoera irregularrean dauden jatorri atzerritarreko herritarrak (salaketaren arabera, Gipuzkoan gutxienez bi pertsona geratu dira DSBE jasotzeko eskubiderik gabe). Salaketaren arabera, 18/2008 legea aldatu beharko litzateke irizpide hau aplikatzeko eta berau Legebiltzarrean onartu. Astearte goizean Gipuzkoako SOS Arrazakeriak elkarteak komunikatu baten bidez salatu du hainbat astez irizpide hori aplikatu dutela Lanbideren Gipuzkoako hainbat bulegotan, eta irizpide horrek kanporatze arriskuan jarri dituela ANZ eskatzera joan diren egoera irregularreko herritarrak.

EAEtik aterako zarela eta itzuli zarela komunikatu beharra

Apirilaren 7an publiko egindako irizpideetatik kenduta zegoen ordura arte jasota zegoen betebehar hau: DSBE jasotzen zutenek EAEtik aterako zirela aurrez komunikatu behar zuten eta itzultzen zirenean jakinarazi, EAEtik kanpo zenbat denboraz egon ziren frogatzeko. Behin hori ez betetzeak hilabetez DSBE ez kobratzea zekarren, eta bi aldiz ez betetzeak DSBE etetea. Salaketa dokumentuaren arabera, 700dik gora herritar dira DSBErik gabe geratu direnak juridikoki oinarririk ez duen irizpide horren ondorioz.

Etxekoek utzitako dirua zigortzen du, Elizak edo Caritasek utzitakoa ez

Salaketak azaltzen duenez, "tratu diskriminatzailea" ematen diete Lanbideko irizpideek familiakoek edo lagunek utzitako diruari, izan ere, horiek "diru sarreratzat" ditu, eta aldiz, Caritasek edo Elizak utzitako diruak ez du eraginik izaten DSBEtik jaso beharreko dirua kalkulatzerakoan.

Alokairu sozialari eta Etxebideri uko egin ezina

Horrek ez duela oinarri juridikorik argudiatu dute. Etxebizitza aukeratzeko irizpide bakarra ez dela ekonomikoa, pisu handia dutela beste aldagai batzuek ere (esaterako, umeak zein ikastetxetan eskolatuta dauden, herritarraren harreman-sareak non dauden...).

Irizpideetatik kendu baina praktikan mantentzen diren barne-arauak

El Correo egunkarian agertutako albiste batek kezka piztu du, auzitegiko salaketak azaltzen duenez: albiste horretan Lanbide saileko iturriak aipatuz esaten da Lanbideren webgunetik kendutako irizpide batzuek "indarrean jarraitzen dutela nahiz eta publikoki ez agertu". Salaketak nabarmentzen du DSBE eskatzen duten herritarrek eta haien eskubideen defentsan lan egiten duten eragileek beharrezko dutela aplikatzen diren irizpideak publikoak izatea, ez araudi bat publikoa eta bestea ezkutukoa izatea. Era berean, eskatzen dute irizpideetan egiten diren aldaketak nabarmenduta agertzea, testu zaharra eta berria behin eta berriz alderatzen aritu behar ez izateko, eta irizpideetan egiten diren aldaketak izan daitezela epai judizialek zehaztutako interpretazioak gehitzeko.

Irizpideetatik kendu arren, indarrean mantenduko den beldur da salaketa txostena, besteak beste bi kasu hauetan:

200 eurotik gorako "gastu ez beharrezkoen" ondorioz (edo gastu horiek hiru hilabetean gehituta 200 eurotik gorakoak izatea) DSBE etetea. Salaketa txostenak galdetzen du: "Zer esan nahi du 2014ko irizpide hau egungo irizpideetan ez idatzita egoteak, lehenagoko egoerara itzuliko garela, alegia, DSBE bideratzen duen funtzionarioaren arabera, kendu edo emango digula DSBE 60 euro gastatu ditugulako hilean telefonoan, ileapaindegian, arropatan edo gimnasioan?".

Gauza bera gertatzen da bizilekua frogatzeko agiriekin. 2016ko uztaileko irizpideek, zehazten zuten etxe batean erroldatuta egon arren etxebizitza horren errenta kontraturik ez zuten herritarren egoera. Orain kasu horiek irizpideetatik ezabatu dira. Salaketa txostenak galdetzen du ea urteetan atzera egingo dugun, esaterako okupa diren herritarrak DSBE jasotzeko eskubiderik gabe utziz, nahiz eta legez ez dagoen horretarako oinarririk.

DSBE eskatzerakoan irizpideek sortzen dituzten egoera injustuak azaldu genituen erreportaje honetan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: DSBE

DSBE kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude