ARGIA.eus

2020ko uztailaren 09a

"Ez da oinarrizko prestazio sozialetan murrizketak egiteko sasoia"

  • LAB sindikatuak adierazi du gizarte segurantzak hartu duela beregain berez zerbitzu sozialen eskuduntza den gutxieneko diru-sarreren errenta. Hego euskal herritarrentzat ez dakarrela onurarik azaldu du, eta burokratizazioa gehitzea ekarriko duela, "jasotzaileen kaltetan". Zenbatekoa Laneko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko eskatu die Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

ARGIA @argia
2020ko ekainaren 01a

LABek adierazi du Espainiako Gobernuak onartutako bizitzeko oinarrizko errenta eta Nafarroako eta EAEko errentekin uztartu beharrak "konplexutasuna eta burokratizazioa gehitzea" ekarriko duela errenta hauen tramitazioan, "jasotzaileen kaltetan".

"Gizarte segurantzak hartu du bere gain, bere arautzetik kanpo zegoen gai hau"

Sindikatuak oroitarazi du gutxieneko diru-sarreren errentak asistentzia soziala eta zerbitzu sozialetako eskuduntza esklusiboen parte direla. "Hortaz, kontua ez da, EAJk esaten duen bezala, gizarte segurantza deszentralizatu denik. Gizarte segurantzak hartu du bere gain bere arautzetik kanpo zegoen gai hau".

Hego Euskal Herriko herritarrei onurarik ez

Espainiako Gobernuak onartu berri duen bizitzeko gutxieneko errentak "ez luke inolako eraginik izango EAEn DSBE eta Nafarroan Errenta Bermatua jasotzen dutenen prestazioetan, bere zenbatekoa apalagoa delako", LABek azaldu duenez. "Beharrizan egoeran dagoen jende gehigori estaldura zabaltzeko ere ez luke balioko, berau jasotzeko baldintzak murriztaileagoak baitira. Adibidez, 65 urtetik gorakoak eta paperik gabeko migranteak kanpo geratuko lirateke". Argilan-ESK plataformak adierazi du 21 urtez beherakoak ere kanpo geratuko liratekeela.

LABek EAEko zenbaki beltzak agertu ditu: "2018ko EAEko Pobrezia eta Gizarte-Ezbedintasunen Inkestak zehazten zuen moduan, 70.000 pertsona daude prestazio sozial bat jaso eta pobrezia egoeran daudenak eta beste horrenbeste, egoera berdina bizi arren babes sozialerako sistemara sarbiderik ez dutenak. Bizitzeko gutxieneko errentak ez dakar inolako aurrera pausorik honen inguruan".

Honen aurrean, sindikatuak dio gakoa dela "ea nola artikulatzen dugu babes sozialeko euskal sistema bat, bazterkeria sozialeko egoeran bizi diren guztiei estaldura bermatuko diena".

EAEn DSBE ez murrizteko eta Nafarroan Laneko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko eskaera

EAEn Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta murrizteko erreforma bertan behera uzteko eskatu die EAJ eta PSEri eta Nafarroako Gobernuari Errenta Bermatua Lanegko Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko. Azken hau izan zen Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bi parlamentuetan aurkeztu zuen proposamena (LGSrekin ekiparazioa), urtarrilaren 30eko greba orokorreko aldarrikapenetan jaso zena.

"Ez da oinarrizko prestazio sozialetan murrizketak egiteko sasoia. Babes soziala herritar gehiagori eta baldintza hobeetan zabaltzeko sasoia da, pandemiaren ondorengo zaurgarritasun egoeren gorakadari aurre egiteko" erantsi du LABek.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Covid-19 shockean adi  |  LAB  |  Nafarroa  |  EAE  |  DSBE

Covid-19 shockean adi kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude