Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren araudi berriak "isilpean" murrizketak dakartzala salatu dute

  • ESK sindikatuaren Argilan plataformak, Berri Otxoak plataformak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak helegitea jarriko diote DSBEaren araudi berriari, prestaziorako sarbidea mugatu eta "eskubide gehiago murriztuko" dituelako euren esanetan.

Asteazkenean agerraldia egin dute Bilbon, helegitea jarri eta manifestazioa iragartzeko. Argazkia: Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista

2024ko otsailaren 16an - 08:49
Azken eguneraketa: 10:50

Azaro honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) araudia eguneratu egin dute, eta horrek "isilpean" murrizketak ekarri dituela salatu dute kolektibo sozialek. Argilan eta Berri Otxoak plataformek eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu dutenez, egindako hainbat aldaketen ondorioz "funtsezko eskubide batzuk" urratu dira, eta hartzaileei kalte egingo die horrek.

Bilboko EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egin dute agerraldia asteazkenean talde horietako kideek, helegitea aurkeztu baitiote epaitegietan DSBEaren eguneraketari.

Eguneraketa horrek "bizitoki" kontzeptua aldatu duela salatu dute eta ondorioz etxebizitza bat titulupean –jabetzan edo errentan– ez dutenek ezin izango dute DSBErik eskuratu. Horrek kanpoan utziko lituzke kontraturik ez duten guztiak, hala nola etxebizitza okupaturik dutenak, logela soilik alokatuta dutenak edo berralokatutako etxebizitzetan bizi direnak.

Bestalde, talde horiek salatu dute beste prestazio batean ere zailtasun gehiago jarri dituela orain administrazioak. Etxebizitza Prestazio Ekonomikoa jasotzeko, hemendik aurrera derrigorrezkoa izango da hiru urtez Etxebiden izena emanda egotea. Prestazio horrek aurretik zegoen beste laguntza bat ordezkatzen du pasa den apiriletik.

DSBEaren eguneraketak "bizitoki" kontzeptua aldatu duela salatu dute eta ondorioz etxebizitza bat titulupean –jabetzan edo errentan– ez dutenek ezin izango dute prestazioa eskuratu. Horrek kanpoan utziko lituzke kontraturik ez duten guztiak

"Gaur epaitegietan inpugnatzen duguna izebergaren punta baino ez da. Etxebizitzarako prestazioen arloan ematen ari diren hainbat erreforma eta murrizketari gehitu behar zaio, sektore pobretuenak kanporatzea helburu dutenak", azaldu dute.

Hala, datorren otsailaren 24an manifestazioa antolatu dute Bilbon, "murrizketen aurka, kriminalizazioaren eta pobretzearen aurka eta pertsona guztientzako kalitatezko bizi-baldintzen alde", Moyua plazatik 12:00etan irtengo da mobilizazioa.

Lege "ikurra" batzuentzat, "tranpa" besteentzat

Pasa den urtean jarri zen indarrean DSBEaren lege berria. Idoia Mendia lehendakariordearen eta PSEren lege-ikurretako bat izan da, eta 2022ko abenduan legea onartzerakoan Gasteizko legebiltzarrean hala erakutsi zuten harro legebiltzarkide sozialistek.

Legeak igoera bat ekarri zuen duela hamabost urtez geroztik herritarrek eskubide ukaezin duten DSBEaren taularen kopuruetan, eta horrez gain horiek eskuratzeko aukerak gehitzen zituen, sustatzaileen esanetan. PSE-EEk eta EAJ-k ez ezik, Elkarrekin Podemos-IUk ere alde bozkatu zuen, EH Bildu abstenitu egin zen gehiago egin zitekeela esanez, eta PPk eta Vox-ek kontra bozkatu zuten.

Nolanahi ere, legearekin kritiko azaldu ziren  gizarte taldetako kide ugari, besteak beste pobrezia arriskuan dauden biztanleen %30 estaldurarik gabe uzten duelako.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak, esaterako, salatu zuen Eusko Jaurlaritzak "tranpa" egin zuela 2019an, pentsio minimoak gutxieneko soldataren mailara ez igo behar izateko DSBErekin osatuta, 2008ko aurreko legeak agintzen duen moduan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizarte politikak
Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Pobreziaren kontrako “euskal sistema”

EAEko parlamentuan aurrera egin du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege aldaketak. Badago zer aztertu legearen eztabaidak, aldaketa egiteko ezker zein eskuin egin den akordioak, eta legeak ekartzen dituen berrikuntzak izan duten oihartzun eskasari... [+]


Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berria indarrean sartu da kritika artean

Teorian pobreak egoera horretatik ateratzea helburu duen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak adostu dituzte EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta indarrean sartu da lege berria. Jende asko kanpoan uzten duela, pobrezia egoeratik ateratzeko ez duela balio eta txiroak... [+]


Ertzaintza egunero miaketak egiten ari da prestazio ekonomikoak eskatu dituen jendearen etxeetan

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen hasi aurretik ere, prestazioa eskatu duen jendearen etxeak arakatzen ari da Ertzaintza: “Prebentzioaren izenean, egunero-egunero ari dira etxeetan sartzen; astakeria da eta jendea beldur da, modu oldarkorrean ari direlako,... [+]


Eguneraketa berriak daude