Pertsona migratzaile asko eraman ditu Aritzek bere autoan, Poliziak ez ditzan harrapatu, gaueko iluntasunean ez daitezen galdu eta batetik bestera seguru ibili daitezen. Bereziki gogoan ditu Irundik Hendaiara muga gurutzatzen lagundu eta etxean lotan izan zituen emakumea eta haren bi alabak, tratu txarretatik ihesi; Parisen bizi dira egun. “Migratzaileen bila aritzen nintzen, Polizia bezala, baina hain justu Poliziaren kontrako helburuarekin”.
Gaur egun ez, baina duela bi-hiru urte Hendaian bizi zinen eta Irungo Harrera Sarean aritzen zinen. Pertsona migratzaile batek baino gehiagok Irundik Hendaiara muga gurutzatzeko laguntza eskatuko zizuen.
Nik esaten nien Hendaiatik aurrera jarraitu ahal izateko laguntza emango niela, baina muga ez nuela haiekin gurutzatuko; kartzela zigorra izan nezakeen. Azaltzen genien muga gurutzatzeko zer eta nola egin zezaketen, eta Poliziak hartu eta berriz Irunera bueltatuz gero, ez kezkatzeko, Irunera iritsi diren ia denek lortu dutela lehenago edo geroago muga igarotzea, salbu zoritxarrez ibaian ito direnek. Azken finean, inor ez da atzera bueltatzen, halako bidaiaren azken zatian ez behintzat. Polizia frantsesaren jarrera zentzugabea da, badakitelako modu batera edo bestera pasako direla, beraz zertara dator hainbeste oztopo jartzea?
Itxurakeria da orduan?
Presioa egiteko modua da. Zailtasunak jartzen dizkiete, baina honaino iritsi denak inoiz ez du beste aldera bidea egingo, batzuek urteak daramatzate ibilbidean eta traba askoz handiagoak aurkitu dituzte aurretik.
Poliziak Irunera bueltatzen ditu atzemandakoak?
Bai, autoan sartu eta Behobian uzten dituzte, edo Santiagoko zubia pasa, Ficobako errotondan jaitsiarazi, eta beraiek errotondari buelta eman eta berriz Hendaia aldera itzultzen dira.
Gauza bat da muga gurutzatzea, eta bestea behin Hendaian daudela aurrera segi ahal izatea, Poliziak harrapatu gabe.
Gauez Polizia kontrolik ez badago, errazago gurutzatuko dute muga, baina Poliziak badaki argirik gabe, garraio publikorik gabe, bidea ongi jakin gabe… aurrera segitzea oso-oso zaila dela, gaua bertan pasako dutela, eta goizean horien bila hasiko dira gendarmeak, urrutira joan ezin izan dutela jakitun. Poliziaren estrategia hori zen garai hartan: muga pasatzen agian utzi bai, baina gero inguruan harrapatu.
Ni goizeko 5etan joaten nintzen lanera Hendaiatik Donibane Lohizunera, eta beraz, laguntza handia eskaini niezaiekeen muga gauez pasa berri zutenei. Autoan sartu eta Polizia egon zitekeen errepideak saihestuta, bide seguruagoetatik eramaten nituen, batzuetan baita mendi bideren bat hartuta ere, Polizia egon zitekeela jakinez gero. Hainbatetan, aurrez Irunen hitzartua nuen muga pasako zuen jendearekin, beste aldean hartu eta eramango nituela; beste hainbatetan, Hendaian aurrera egin nahian edo noraezean aurkitzen nituenak hartzen nituen autoan (gogoan dut zaurituta zegoen bat, oinez eta hanka arrastaka), eta Donibaneko tren geltokira eramaten nituen (noizbait baita Baionara ere), nahi dutena baita lehenbailehen trenera igo eta Paris aldera abiatu. Donibanen Polizia baldin bazegoen, autoan aurreraxeago segi, geltokiak auzo batetik bestera pasatzeko duen tunela baliatu, inguruko aparkalekuan ezkutatu eta juxtu trena iristean korrika sartzen ziren.
Behin baino gehiagotan egin dut pertsona batzuk autoan Donibanera eraman ostean berriro Hendaiara bueltatu, beste batzuen bila, nire buruak esaten zidalako “ezin ditut hemen utzi, arriskuan daude”. Berdin lanetik etxeratzen nintzenean: noraezean ikusten banituen, autoan sartu eta Donibanera itzultzen nintzen; bazkalduko nuen beranduago. Azkenerako, haien bila aritzen nintzen, Polizia bezala, baina hain justu Poliziak egiten duenaren kontrako helburuarekin.
"Zaila izaten zen konbentzitzea. Bidean jasan behar izan dituzte gezurrak, lapurretak, bortxaketak... Gehienak harritu egiten ziren: 'Baina zergatik egiten duzu hau eta ez diguzu ezer kobratu nahi?'"
Eta sartzen ziren autoan? Fio ziren?
Zaila izaten zen konbentzitzea, normala denez. Bidean jasan behar izan dituzte gezurrak, lapurretak, bortxaketak… Irundik Hendaiara igarotzen laguntzea agindu dietenen iruzur kasuak ere ezagutzen ditut: muga gurutzatzearen truke diru bat kobratu, hitzordua jarri eta gero haien bila inor ez agertzea. Nolatan etortzen ziren nirekin? Jarrerak asko egiten du, zintzoki mintzatu eta aurretik beste pertsona migratzaile batzuk nola lagundu nituen azaltzeak, Poliziak harrapatu ez ditzan zer egin dezaketen komentatzeak… konfiantza ematen zien. Hainbaten kasuan, edozeri heldu behar hori ere bazegoen, nora jo oso ongi jakin gabe, “ea zortea dugun eta ez den iruzurra”, pentsatuko zuten. Batzuek esaten zidaten haien bila etorriko zirela, norbaiten zain zeudela. Edo gertatu zait bikote bat aurkitu eta batek nahi izatea eta besteak ez. Baita denak autoan kabitu ez eta haiek esatea: “Edo denak edo inor ez”, eta nik bi bidaia egitea, eta besteen bila bueltatu nintzela bermatzeko, nire mugikorra uztea zain geratzen zirenei. Denek ez didate baietz esan: norberaren esku zegoen autoan sartu edo ez erabakitzea, jakina.
Gehien-gehienak, hori bai, harritu egiten ziren, musutruk laguntzen nituelako: “Baina zergatik egiten duzu hau eta ez diguzu ezer kobratu nahi?”.
Eta zergatik egiten zenuen?
Benetan laguntza behar duenari lagundu beharra sentitzen nuen, bihozgabea iruditzen zitzaidan jendea egoera horretan ikusi eta ez ezer egitea, itsasoan norbait itotzen ikusi eta salbamendu-uztaia botako ez banie bezala. Beste hainbat tokitan bezala, elkartasun sarea sortu zen Bidasoa alde honetan, eta antzera jokatzen duen jendea dut inguruan. Gainera, besteei laguntzeak ongi sentiarazten zaitu, lagundu izanak harrotasun puntu hori ematen zidan, bizipoza, nire autoestimua elikatzen zuen. Bueltan jasotzen duzun esker ona gauza handia da, begiek nola egiten dieten dir-dir.
Duela ez hainbeste, guri egokitu zitzaigun erbestera joan behar izatea, eta beharbada etorkizunean ere, guri, gure seme-alabei edo bilobei beste norabait alde egitea egokituko zaie, eta gustatuko litzaidake norbaitek modu berdinean laguntzea, aurkitu dezatela jendea berdinetik berdinera tratatuko dituena, paperak izan edo ez izan.
Zenbat pertsona lagundu dituzu?
Hendaian bizi eta Donibanen lan egiten nuen urte eta erdi edo bi urte inguruko epe horretan, ehundik gora lagunduko nituen, eta autoan sartu, hirurogei baino gehiago. Kasik egunero nuen laguntzeko aukera, egunero zebilen baten bat oinez, gauez.
"Muga gurutzatzeagatik dirua eskatzen dietenek, sarri, nahita uzten dituzte Hendaiako geltokian edo Polizia dagoen lekutik gertu, berriro Iruna itzul ditzaten. Haien helburua ez da laguntzea, dirua baizik"
Hirurogei pertsona baino gehiago oroitzapen asko dira.
Kostako bidetik autoan, egunsentian eguzkia altxatzen ari dela… A zer nolako paisaia, a zer nolako bidaiak! Jainkoari eskerrak ematen zizkioten, jasotzen ari ziren laguntzagatik, eta nik esaten nien: “Jainkoak ez, nik ordaintzen dut gasolina”.
Oso gogoan dudan kasu bat da Hendaian, Beltzenia inguruan, hiru emakume ikusi nituenekoa, bertako autobus geltokirantz. Esan nien Donibanera hurbilduko nituela, eta mesfidati begiratzen zidaten arren, autoan sartu ziren azkenean. Atzean eseri zirenean, hara non ikusi nuen emakumeetako batek bularraldean zuen zapian haur jaioberri bat zeramala. Halako baldintzetan dagoen jendeari laguntzea bereziki pozgarria da. Gainera, Donibanen Polizia patruila bat zain zegoen geltokian, eskerrak autoan eraman nituen.
Batzuei telefono zenbakia eman izan diet, harrapatzen bazituzten edo arazoren bat bazuten, nigana jo zezaten. Eta gero mezuak jasotzen nituen, “iritsi naiz Alemaniara!” eta halakoak, eta ni hunkituta, noski, baita harro ere, lagundu izanagatik.
Gehienek Paris zuten helmuga.
Bai, eta nik esaten nien beharbada ez zela lekurik onena, errealitatea oso gordina da Parisen eta ziurrenik aurrera egiteko aukerak ere beste toki batzuetan baino txikiagoak. Galdetzen nien ea norbait zuten Parisen lagunduko ziena, bestela milaka pertsona daudela han kalean bizitzen, agian hiri txikiagoetan edo landa eremuetan lan eta bizitza aukera hobeak izan zitzaketela. Baina gauzak garbi dituzte eta normala da, bidaia luze baten ostean, helmuga oso gertu ikusten dute eta iristea dute helburu. Belgikara, Alemaniara, Britainia Handira… ere joaten ziren batzuk.
Kasu batean bai lagundu zenien muga gurutzatzen.
Ginea Konakryko emakume bat etorri zen Iruna, bi haurrekin. Ama ez zen asko ateratzen San Joan enparantzan jarrita genituen kanpin dendetako batetik, baina haurrak bai, jolasten aritzen ziren plazan, eta kariño handia hartu genien. Emakumeak indarkeria handia jasan zuen senarrarengandik, zigarroak sorbaldan eta bularretan itzaltzen zizkion adibidez, eta bi alaba txikiekin alde egin behar izan zuen, bi seme nagusiak Ginea Konakryn utzita. Berarekin ekarritako alaba txikienak 2-3 urte izango zituen, eta zaharrenak 5. Muga pasatzeko laguntza eskatu zigun, eta aurrekoetan ez bezala, ikusita egoera oso zaurgarrian zegoela eta bere herrialdera bueltatzeak heriotza esan nahi zuela, muga pasatzen guk geuk laguntzea erabaki genuen.
Arratsean nik auto batean bakarrik gurutzatu nuen muga, eta atzetik Hendaiako bi emakumerekin batera joan ziren hirurak, beste auto batean. Telefonoz informatzen nindoan denbora guztian, bidea garbi zegoela. Hendaian, gure etxean afaldu eta pasa zuten gaua, eta hurrengo goizean berriz ere berdin egin genuen, ni aurretik, haiek atzetik, Donibane Lohizunen trena hartu zuten arte. Parisera bidea hartuta agurtu genituen.
Harremana mantendu duzue geroztik. Nola joan zaie?
Indarkeria matxista sufritzen dutenak eta paperik gabeak laguntzen dituzten Parisko elkarte batekin kontaktua egina zuen emakumeak, eta Harrera Sareak mezua jaso zuen elkartetik: “Iritsi dira eta ongi daude”. Pertsonalki, harremana mantendu dut emakumearekin, azken finean, bai gure etxean pasa zuten gaua, bai Irunen jasotako laguntza oso gogoan dute, aspaldiko partez aterpe epel eta goxo bat, maitasun handia… eta noizbehinka elkarren berri izateko mezuak bidaltzen dizkiogu elkarri: badakit adibidez alabei erresidentzia baimena eman zietela, amari ez ordea, egoera xelebrea gero; neskak eskolara joaten hasi zirela, eta orain, azkenean paperak lortu dituela emakumeak. Ongi daude.
"Arratsean, autoz bakarrik gurutzatu nuen muga, eta atzetik bi emakumerekin batera joan ziren ama-alabak, beste auto batean. Telefonoz informatzen nindoan denbora guztian, bidea garbi zegoela"
Hendaiatik Donibane Lohizunera pertsona migratzaileak eramateak ere ondorioak izan ditzake, ezta?
Entzuna nuen mugaren beste aldean hartuta ez zegoela kartzela zigorrik, baina kontziente nintzen arrisku bat bazegoela, komisariara gutxienez eramango nindutela pertsona migratzaileak garraiatzen harrapatuz gero, eta beti tentuz ibiltzen nintzen, nondik joan eta nondik ez, Polizia saihesteko, batez ere ondorio larrienak eramaten nituen pertsonek jasango zituzten-eta.
Migratzaileak laguntzeagatik auzitan bukatu du hainbatek.
Hain justu, ez laguntzeak izan behar luke delitu. Auto-istripuetan edota espaloian zaurituren bat ikusiz gero laguntzera edo larrialdietara deitzera derrigortuta gauden gisan, kasu honetan ere hala behar luke legez. Eta behin hasita, pertsona migratzaileak laguntzeagatik zigortzen dituzten horiek zigortuko nituzke nik.
Zer iritzi duzu diru truke muga gurutzatzen laguntzen dutenez?
Nik beti esan diet migrazio-bidean direnei hori ez egiteko, modu batera edo bestera eta gutxiago edo gehiago kostata, lortuko dutela muga gurutzatzea, lasai egoteko eta ez duela merezi, sarri gainera nahita uzten dituztelako Hendaiako geltokian edo Polizia dagoen lekutik gertu, berriz ere bueltatu ditzaten Irunera. Azken finean, haien helburua ez da laguntzea, dirua baizik.
Lagundu eta horren ordainetan dirua eman nahi badiote jasoko duenik izango da, baina niri behintzat ez zait inoiz bidezkoa iruditu nik baino gutxiago duenari dirua kobratzea, laguntzearen truke. Batek baino gehiagok eman nahi izan dit gainera dirua, eta nik beti esan diet ezetz.
Bolo-bolo dabil migrazioaren gaia. Etekin politikoa ere ematen duenez, “irregularki datozenak deportatu behar dira” gisako diskurtsoak entzuten ditugu.
Madrilen nahi dute legez onartu milioi erdi euro edo gehiagoko etxea erosten duenari automatikoki ematea erresidentzia baimena. Diruduna baldin bada, kanpotik etortzea ez zaigu axola, arazoa da txiroak baldin badira datozenak. Zenbait lan egiteko, baldintza ez duinetan eta inolako eskubiderik gabe, orduan bai, enbarazu gutxiago egiten dute. Alegia, diskurtsoa hipokrita hutsa dela eta diskurtso horiek erostea erraza, gizarte oso indibidualista sortu dutelako, eta norbere bizi kalitatea eraso dezakeen edozer sumatuz gero kanpora bota nahi dugu.
Hendaiako komisarian deklaratu dute asteazken goiz honetan, eta segidan atxilotu dituzte, martxoaren 14an Korrika Irundik Hendaiara iragan zen egunean “talde antolatuan migratzaileak Frantziako Estatuan sartzen laguntzea” leporatuta. Zazpi herritarren aldeko... [+]
Kanporatze agindu mehatxua gainean du Moussa txantrearrak. Bizilagunak bildu dira prozesuari aurre egiten laguntzeko.
Juan Mari Aburto alkateak jai apartak izan direla esan arren, kale saltzaileek Aste Nagusian etengabeko tentsioa, jazarpena eta presentzia polizial neurrigabea bizi izan dutela kritikatu dute. Beren eskubideak babesteko neurriak adostu nahian uztailetik Bilboko Udalarekin... [+]
Bost urtean, Inor ez da ilegala proiektuak lau haizetara zabaldu ditu migratzaileen eskubideen aldeko lelodun kamiseta, jertse eta poltsak; elkarlana eta elkartasuna oinarri dituen ekimenak istorio eta bizipen ugari oparitu dizkigu; eta zoritxarrez, inoiz baino biziago... [+]
Neurria Texaseko (AEB) gobernadore Greg Abbott kontserbadorearen proposamena da. Migratzaileen aurkako beste hainbat politika erasokor aplikatu ditu aurretik: kontzertinen instalazioa, mugako patruilen sorrera, eta migratzaileen deportazioa estatu demokratetara autobusez.
Irungo eta Hendaiako herritarrak elkartu dira Santiago zubian, “Ireki zubiak, elkartasuna eraiki” lelopean ostegunean.
Uztailaren 6an, 18:00itan, Santiagoko zubian deitu dute kontzentraziora hainbat taldek, hala nola Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, edo Ongi Etorri Errefuxiatuak.
Han agertu zen, Hör Berlinen, Brava DJa, bere txapela gorri eta guzti Inor ez da ilegala leloa zeraman kamiseta jantzita. Orain hilabete pasatako kontua da eta spoilerra egin badizut ere, irakurle, amaiera horixe duen istorio polita kontatuko dizut gaur.
Aspaldian sarri ikusten dut kalean Inor ez da ilegala aldarria. Poltsan idatzita ez bada, jertsean; eta jertsean ez bada, kamisetan. Kolore askotan. Kolore guztiek, edozein izanik ere, eduki beharko baikenituzke eskubide berak. ARGIAk eta Mbolo elkarteak duela lau urte hasitako... [+]
Denda fisikoetara egin du salto Inor ez da ilegala proiektuak eta Euskal Herriko bost hiriburutan eskuratu ahalko ditugu.
Sekula pentsatu duzu, irakurle, non serigrafiatzen diren Inor ez da ilegala edo Lurra herriari deika proiektuetako kamiseta, jertse eta poltsak? Artizar serigrafia dugu honetan bidelagun.
Maiatzean, patera batean heldu zen Kanaria uharteetara. Frantziara gurutzatu nahi zuen familia kide batekin elkartzeko asmoz. Hiru hilabetetan, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko mugan hil den hirugarren pertsona da Coulibaly.
Igandean, Gipuzkoa eta Lapurdiren arteko muga gurutzatzen saiatu zen gazte bat hil zen Bidasoan. Apiriletik zendu den hirugarrena da. Astelehenean, elkarretaratzea egin dute Irunen gertatuta salatu eta Europako migrazio politikak aldatzea eskatzeko.
GureHaizeak Donostiako Gros auzoan irekiko duten ileapaindegi komunitarioa da. Bost lagunek abiatutako proiektua da, baina kultura desberdinak elkartuko dituen eta auzoan sustraituko den proiektua izatea nahi dute.