Burokrazia aplikatzen denean ez dezazun dagokizuna kobratu

  • Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE, gaztelerazko RGI) eskubidea da. Eta ez “laguntza”, estigmatizatzeko erabiltzen den hitza. Emakumeak dira DSBE jasotzen duten gehienak (65 urtez gorakoak batez ere), eta emakumeak eta etorkinak dira irizpideek gehien zanpatzen dituztenak. EAEn udaberri nahasia aurreikusten da, DSBE-n aldaketak iragarri dituelako Jaurlaritzak maiatzerako.


2017ko apirilaren 09an
Martxoaren 24an zortzi pertsonak ekin zioten gose greba mugagabeari. Bilboko Azaroaren 25eko plazan daude geroztik. Osasun arazoengatik seigarren egunean bik utzi egin behar izan zuten. Horrela adierazi zigun egun horretan, gose greban jarraitzen zutenetako batek: “Osasunagatik utzi ahala, gehiagok hartuko dute lekukoa. Jaurlaritzak DSBE Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatari beharrean Kontsumoaren Prezioaren Indizeari lotzeko asmoan atzera egin arte eutsi nahi diogu”. Egitaraua: goizez eragile politiko, sozial eta sindikal guztiekin hitzordua lotzen dute egunez egun, gaiaz informazioa eta eztabaida gizartean zabaltzeko. Eta arratsaldero bada hitzaldi edo ekintzarik: Apirilaren 5ean, 19:00etan, Dani Reventosen hitzaldia: “Oinarrizko Errenta posible da”. Apirilaren 6an Korrika. Apirilaren 7an, 18:00etan M15en ekintza CETA eta TTIPen aurka, eta CGTren hitzaldia: “Sindikalgintza eta gizarte bazterketa, anarko-sindikalgintzaren ideia”. Apirilaren 8an, 19:00etan: Ni, Daniel Blake filma. Bi ekintza jendetsu antolatu dituzte: apirilaren 1eko manifestazioa, Eskubide Sozialen Kartak deitua. Eta apirilaren 8tik 9ra burutuko den baraualdi jendetsua, 50 lagunek baino gehiagok egingo dutena. Eragile hauek guztiek antolatu dute, elkarlanean, gose greba: ESK sindikatuaren prekarietatearen aurkako Argilan plataforma, Argitan (Emakumearen Aholkularitza-Etxea, Barakaldo), Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea, Baietz Basauri!, Berri-Otxoak (Barakaldo), Sorgin eta Anitzak, Danok Lan (Galdakao), Munduko Emakumeak, Besarkatuz, SOS Arrazakeria Bizkaia eta Kaleratzerik Ez!Argazkia: Iñigo Azkona.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuek islatzen dute gero eta diru gehiago bideratzen dela DSBEra: 2013an 435 milioi bideratu zituen; 2014an 472 milioi; 2015ean 488 milioi eta 2016an 492 milioi. (DSBEri buruz gehiago jakiteko, Mikel Garciaren aberatsak eroso, pobreak lupapean artikulu mamitsura jo dezakezu).

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari buruz mintzo zaizuna nondik abiatzen den behatzeko gomendioa egin digu, ezer baino lehen, Argitan, Sorgin eta Anitzak eta Munduko Emakumeak elkarteetako Liz Quintanak: “DSBE eskubide bat da, egoera sozio-ekonomikoak baztertutakoek aurrera egin ahal izateko aldi baterako beharrezko duten tresna. Gero eta lan prekarioagoak daudela ikusita, eta errealitatea ezagututa, herritarren gehiengoak pentsatu behar genuke guk ere aurkitu dezakegula gure burua egoera horretan, noizbait”. Aldiz, DSBE lantzerakoan jende askok hauxe du oinarrizko premisa: “DSBE jasotzen dutenek iruzur egiten digute”. Politikariek ikuspegi horretatik arautzen dituzte errenta jasotzeko irizpideak. Susmo hori zabalduz egiten dituzte adierazpenak. Komunikabideek oihartzuna ematen diete eta egia erdiz osatutako kasu harrigarriekin hornitu, aurrerago aztertuko dugun moduan. Lanbidek Kaltetuak elkarteko Vicky Molinak salatzen duenez: “Prentsan egunero iraintzen gaituzte politikariek. Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, esaterako, erosokerian erortzen ari ginela iradoki zigun. Legebiltzarrean esan nion zer esaten duen jakiteko probatu behar lukeela bere botikatik, pasatzeko hilabete batzuk DSBEa soilik kobratuz. Hilean 3.000 euroko soldata dutenak bai, horiek eroso egon daitezke, eta aldiz, gu ez gara eurekin sartzen”. DSBE kudeatzen duen Lanbide Euskal Enpleguaren Agentziako langile askok ere iruzurraren aurre-juzkutik artatzen omen dituzte herritarrak leihatilan. Okindegiko eta tabernako analisiek ekartzen dute kalera presioa. Eta ondoren, harritzen gara DSBE jasotzen duten EAEko 63.300 familien egoera egunerokoan ikusi ere egiten ez dugulako: “Estigmak isilarazten ditu. Beraien egoera kulpaz bizi dute eta iruzurgile sentiarazten ditu gizarteak” azaldu du Quintanak.

 


    Iruzurraren oinarri hori gezurra dela oroitarazi digu Molinak: “Lanbideren datuek diote DSBE jasotzen dutenen artean %0,3 dela iruzurra. Aldiz, EAJk kudeatutako erakunde publikoetan %14koa da. Jar diezaietela hatz-aztarna digitala erakunde publikoetan ari diren politikariei”.

 

Paper ulergaitzak eta legeak


2012an Patxi Lópezek Lanbidera pasatu zuen ordura arte herrietako gizarte laguntzaileek egiten zuten DSBEren kudeaketa. Quintanak adierazi duenez, “denean bezala, pertsonak eta pertsonak daude, baina gizarte laguntzaileak herrian daude, bertako egoera ezagutzen dute, DSBE eskatzen dutenen ingurua eta ibilbidea ere bai, eta tratua paper kontuetatik harago joan ohi da”.


    Lanbideko langilea den Ines Unanuek azaldu digunez, DSBE kudeatzeko jaso duten formazioa legeari buruzkoa da. Eta hortik aurrera, langile bakoitzaren esku dago kasu bakoitzaren jarraipena: “Nik herriko gizarte laguntzailearekin lan harremana badut, baina ezin dizut esan gainerako bulegoetan hala egiten den edo ez”.


    Kasu bakoitza ezagutu beharrean dena paper bidez justifikatzeak egoera absurduak sortzen dituela azaldu du Quintanak: “Iruzurraren aurreiritziarekin eta homofobikoki, onartzen da etxe berean bizi diren sexu bereko bi pertsonek bi bizikidetza unitate osatzen dituztela, eta beraz, biek DSBE banaka jaso dezaketela, eta aldiz, gizon-emakumeak badira ez. Eta horri buruzko irizpidea da ‘ez dagoela inor sinetsiko duenik andre eta gizon bat etxe berean biziko direnik bikote ez badira’”. Salatu du legez ezkongabeak direnei ezin zaiela inposatu betebehar fiskalak edo bestelakoak partekatzerik. Dena paper bidez justifikatzeak sortzen dituen egoera gehiago irakurriko dituzu erreportajean zehar.


    DSBEren hartzaileek, beren egoera sozio-ekonomikoan dagoen edozein aldaketa 15 eguneko epean jakinarazi behar dute Lanbiden, dagokion dokumentazioarekin. Horrez gain, hiru hilero seilua jartzera joan behar dute bulegora. Data horiek pasatzea ez dela arraroa, eta askotan ez dela borondate txarrez egiten adierazi digute hitz egin dugun guztiek. Horrelako hutsegite batek ekar lezake hilabete batez DSBE ez jasotzea familia osoak (adin txikikoek barne), eta hirutan gertatzen bada, DSBE kentzea. Paperak behin eta berriz aurkeztu behar horretaz kexu da Molina: “DSBE lehen aldiz eskatzen dugunean, sinatzen dugu oniritzia Lanbidek sarbidea izan dezan gainerako erakundeetako gure datuetara: gizarte segurantza, ogasuna... Orduan, zergatik eskatzen dizkigu behin eta berriz aurkezteko, 15 eguneko epean, euren esku dauden datu horiek? Isunak bidaltzen dizkigunean datu horietan oinarritzen da bada!”. Galdera honi Artolazabal sailburuak erantzundakoa irakur dezakegu artikuluaren amaieran.


    Unanue langileak adierazi digu gero eta sarbide gehiago dituztela beste erakundeetako datuetara eta gero eta elkarlan gehiago (orain, baita Ertzaintzara ere) eta horrek beren lana erraztuko duela.


    Hiruak datoz bat gauza batean: Lanbidek DSBE jasotzen dutenei ematen dizkien argudioak eta egiten dizkien eskaerak ez dira hizkera ulergarrian egiten, sarri ez dute jakiten zehazki zer eskatzen zaien ezta horretan lanean ari direnek ere. Elkarteetara jotzen dutenek aholkularitza jasotzen dute, baina bidean asko eta asko geratzen dira, Quintanaren hitzetan.

Liz Quintana Argitan, Sorgin eta Anitzak eta Munduko Emakumeak elkarteetan dabil. “Lanbideren politiken analisia ikuspegi feministatik” azterketa egin zuten eta Emakunden, Arartekoan eta Lanbiden aurkeztu. Denetan oso ongi hartu zituztela adierazi du baina praktikan ez dutela aldaketa nabarmenik ikusi.

Ezkutuko irizpideak nagusi


DSBEren legeak arautzen ditu berau jasotzeko oinarriak, baita eten edo kentzekoak ere. “Legea interpretatzerakoan datoz zailtasunak” adierazi du Unanue langileak. Interpretazio zehatz hauek langileei jakinaraztea eskertuko luketela gaineratu du.


    Quintanak adierazi duenez “publikoa den lege horrez gain, badira egunerokoan aplikatzen diren barne mailako irizpideak, publiko ez direnak. Eta horiek dira ebazten dutenak nori eman eta nori kendu DSBE”.


    Bai Quintanak eta bai Molinak esan dute DSBEren hartzaileek normal-normal egiten dituztela eguneroko bizitzan hainbat gauza, Lanbideren barne-irizpideak hausten ari direla jakin gabe, eta ondoren ustekabean etortzen zaiela zigorra. Molinak 2017ko otsailaren 20an, Legebiltzarrean zorrotz salatu zuen (hemen dituzue lan saio horretako bideo denak, gazteleraz): “Kafe bat hartzea hutsegite larria al da? Haurren eskolaz kanpoko jarduerak ordaintzea (haurren heziketarako eta integraziorako erreminta izanik) hutsegite larria al da? Ile-apaindegira joatea (lana lortzeko itxura garrantzitsua izanik) hutsegite larria al da?”. Molinak salatzen duenez, “Lanbidek aplikatzen dituen hutsegite denak dira larriak –hilabeteko diru-sarrera kentzea–. Hutsegite arinak –gehienez %30eko isuna– eta oso larriak –3.000 eurorainokoa– ez dira existitzen. Mailu-kolpeka ebazten dute”. Hutsegitetzat hartzen den arau bat da 15 egunerako EAEtik atera behar baduzu, baimena eskatu beharra. Molinaren hitzetan, “hori ez da legezkoa ere, bertakoentzat (etorkinen kasuan bai, legezkoa da)”.

 

Emakumeak eta etorkinak zapalduen


Lanbideren politiken analisia ikuspegi feministatik lanean zehatz daude zerrendatuta zer irizpidek talka egiten duten emakumeen errealitatearekin, DSBE lortzeko aukerarik gabe utziz. Kasu mingarrienetakoak, tratu txarrak jaso dituztela frogatzeko emakumeek eman beharreko pausoak dira: lehenbizikoa, urruntze agindu bat aurkeztu beharra. Quintanak ohartarazi du ez dagoela emakumearen esku agindua lortzea edo ez, eta horretarako salaketa jarri beharra izaten dela, eta tratu txarrak jaso dituzten emakume askok ez dutela pauso hori eman nahi izaten, besteak beste, beldurragatik. Beste era batera frogatu ahal izatea eskatu du, gizarte laguntzaileen txostenekin, esaterako. Gaineratu duenez, “Lanbidek behin eta berriz ziurtatzen digu bulego bakoitzean badela emakumeen aurkako indarkerian gaitutako langile bat. Tratu txarrak jaso dituen emakumeak leihatilan adierazi behar duela egoera horretan dagoela, eta orduan langile espezializatu horrek artatzen duela. Hasteko, jendez betetako bulego batean tratu txarrak jaso dituela adieraztea espero izatea, surrealista da. Baina ni joan naiz egoera horretan dagoen emakume bati laguntzera bulegora, tratu txarrak jaso dituela adierazi genuen, eta ez gintuen espezializatutako langile batek artatu. Lanbidek hori bermatzen dela errepikatzen digu, baina nik bizi izan dudan kasuan eta ezagutzen ditudanetan ez da horrela izan”.


    Etxeko langileek erroldatuta egoteko dituzten zailtasunak kontuan hartzeko ere adierazten du txostenak, beren ugazabek sarri ez baitituzte lan eta lo egiten duten etxean erroldatu nahi izaten, eta errolden merkatu beltz bat badagoela ere salatzen du txostenak. Etxeko langile eta garbitzaileen kasuan, beste bidegabekeria bat da ugazabak kontratua etetean aski duela “langileak boluntarioki lana eten duela” esatea, eta langilearen hitza ez dela kontuan hartu ere egiten, ondorioz, DSBE jasotzeko aukera galduz.


    Lana edozein modutan hartu beharra ere salatu du Quintanak: “Umeak bere kargu dituen pertsonak ezin dio lanari uko egin, baita horrek umeak zaindu ezina ekarriko badio ere. Egoera horietan Lanbidek eskaintzen dien irtenbidea Aldundira jotzea da, umeak harreran ematea! Guraso horiek ez dute inongo arazorik umeak zaintzeko, duten arazo bakarra ekonomikoa da”.


    Molinak adierazi du, etorkinentzako baldintzak ere ez direla bidezkoak: “Nola da posible bi urtero paperak eskatzea atzerritarrei, frogatu dezaten ez dutela ondasunik eta ondarerik beren jatorrizko herrialdean? Lehen aldian agiria emanda nahikoa da, edo lau edo bost urtean behin. Zeren honek dakarkie 200-500 euro arteko gastua, agiri horiek hona bidali ahal dizkietenean. Eta ezin dizkietenean bidali, pertsonak bere jatorrira bidaiatu behar du eta horretarako mailegu bat eskatu”.


Lanbide: pertsonen akatsak ala kudeaketa txarra?


Molinak “Lanbideren praktika txarrak” zerrendatu zituen Legebiltzarrean. Horietako batzuk, hauek: DSBE kentzea, alegatzeko denborarik gabe, herritarrari gutuna 15 egunak pasatutakoan iritsi zaielako: “Gabon hauetan kasu asko izan dira”. Lanbidek 9 euro ematen zizkion hilean Lasarteko emakume bati, bere lan saria gutxieneko errentara iritsi zedin. Epe batean, 50 euro handiagoa zen bere lan-saria gutxieneko soldata baino. Eta Lanbidek 59 euro kendu dizkio epe horretan, berak bere soldatan irabazten zituen 50 euroak ere bai. Epaiketara doa. Beste praktika txar bat, herritarren nominak puztu egiten dituztela (honen froga erakutsi digu), lan egindako egun batengatik hilabete osoa lan eginda bezala kontatzea... Salaketa hauei buruz Artolazabalek emandako erantzuna irakur dezakegu artikuluaren bukaerako elkarrizketan.

 

  

Hiru dokumentu hauetan ikusten da zein zen nominaren zenbatekoa, eta Lanbidek kopuru handiagoak inputatu zituela.

 Pertsonen akatsak diren edo kudeaketa eskasaren ondorio den, sortzen da galdera. Quintanaren hitzetan “kudeaketa txarra da”. Kasu horien oinarrian, iruzurraren aurre-juzkua dagoela dio, eta langile batzuek ebidentziak ukatzen dituztela: “Esaterako, sententziak irmoak izan arte herritarrei ez zaizkie jakinarazten eta beraz, hauek ezin dituzte Lanbiden aurkeztu. Herritarrek berri izan eta 15 eguneko epean aurkezten dituzte Lanbideko bulegoan ziurtagiriak, baina badugu kasu bat onartzen ez diotena, Lanbideko bulegoan epaiaren lehenbiziko data kontuan hartzen tematzen direlako, epaia irmoa ez zenekoa, eta herritarrak horren berririk izan ezin zuenekoa”.


    Lanbideko langile denek ez dute beren funtzioa antzera betetzen. Quintanak adierazi du ulertzen ez den gutun bati buruzko argibideak eskatzera joan eta leihatilan tokatzen denaren arabera, “hor jartzen du ekarri behar duzuna eta nik ezin dizut argibide gehiagorik eman” batekin bidaltzen zaituztela. Beste langile batzuek, noski, norberaren kasua ezagutzen eta hortik laguntzen saiatzen omen dira. Leihatilako langileen funtzioa juxtu eskubide eta betebeharren ahalik eta informazio gehiena eta argiena ematea dela adierazi du, eta erakundearen eta herritarraren arteko bitartekari lana egitea, herritarrari bere egoeran dituen aukeren berri ematea.


    Erreportajearen hasieran azaldu bezala, Lanbideko langile bakoitzak DSBE eskubide gisa edo iruzur gisa ulertzen duen, horren araberako tratua ematen duela adierazi du Quintanak. Molinak salatu du leihatilako tratua batzuetan umiliagarria dela: “‘Hain gaizki bazaude zergatik ez duzu zure buruaz beste egiten?’ esan zuen langile batek eta publikoki salatu genuen. Gure idazkariari bulego bateko zuzendariak esan zion ‘polita da ipurdia sofan gizentzea, ezta? Zer egiten du zure gizonak, bere familia ez badu aurrera ateratzen? Zeren umeak bereak izango dira, noski...’. Etorkinek pairatzen dituzte eraso gehien; ‘niri berdin zait zubipean edo kale gorrian hiltzen zaren’ esan zioten bati... Pertsonak daude hor ere, badira bere lana oso ongi egiten dutenak”.

 

Vicky Molina Lanbidek Kaltetuak elkartearen sortzailea da: “2014an sortu zen elkartea: urrian, Aburtoren gutuna jaso nuen esanaz 3.000 euro zor nituela. Sutu ninduen eta elkartea sortzeari ekin nion. Egun, EAEko 600 bazkide gara. Laguntzen dugun kasu bakoitza, elkarteko kide bihurtzen da”.


Nola da posible zorra sortzea?


Aurreko hilabeteko errenta, hurrengoaren hasieran ordaintzen du Lanbidek. Demagun DSBE jasotzen ari denak lan kontratua sinatzen duela eta Lanbiden 15 eguneko epean jakinarazi. Ohikoena izango da hurrengo hilabete hasieran, DSBEren ordura arteko kopurua jasotzea, Lanbide hartzailearen egoera aldaketaz jabetu, aldaketa ebatzi eta gauzatu arte. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 2016an 22.000 espedientek zuten ez bidezko ordainketarik (guztira 132 milioi euro), eta 55.000 hartzaileri eragiten zien. Ez bidezko ordainketa hauetatik 26,1 milioi euro itzuliak izan ziren.

 

    Molinak galdera zorrotza egin du, ordea: “Hartzaileok gure edozein aldaketa 15 eguneko epean jakinarazten badugu, nola da posible Lanbidek lau urteko atzerapena ere izatea, 40.000-50.000 euroko zorrak pilatuz?”. Galdera hori pausatu diogu Unanueri. Esan digu kasu horiek Lanbidek kudeaketari heldu zion lehen urteetakoak direla, denborarekin joan direla zorra pilatzen.

 


    Famatuak dira Aburtok, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu zela, 2014an DSBEren milaka hartzaileri bidali zizkion gutunak, zorra erreklamatuz. “Gutunak ez ziren pertsonalizatuak, ez zetorren bakoitzaren zorraren azalpenik ere, eta prebarikazioa egitea aurpegiratu genion Legebiltzarrean”. Aburtok erantzun zuen ez zituela hartzaileak mindu nahi izan, dirua itzultzeko beren borondatea frogatu baizik, eta gutunen bidalketa ez zela ongi egin eta ez zela errepikatuko.


    Molinak “estafa” deitu dio 100.000 bizikidetza unitatek duten zor horri eta “espedienteak kartzelaratzen dituztela” salatu du: “Badakigu Bilboko biltegi batean edukitzen dituztela hainbat urtez, eta zorra pilatu dutenean erreklamatzen dutela”. Salatu du zor hori sortu izana Lanbideren kudeaketaren ondorioa dela, askotan Lanbideren akatsak egoten direla tartean eta beraz, Lanbidek beregain hartu beharko lituzkeela: “gainera, kasuek lau urtera preskribatzen dute, eta Lanbideren hutsegiteren bat badago tartean, urte bakarrean preskribatzen dute, baina oraindik 2012ko zorrak erreklamatzen jarraitzen dute”. DSBE jasotzea dagokien herritar batzuek errenta horri uko egiten diola gaineratu du, “zorrak ez pilatzeko”.


    Quintanak adierazi du, ebazpena hartzailearen aldekoa denean, Lanbidek herritarrari itzuli egiten diola aurreko hilabeteetan gutxiegi ordaindutakoa. “Horiek dira prentsara filtratzen diren kasuak: ‘Halako pertsonak 3.000 euro jaso ditu!’. Esaten ez dena da, hori ez dela hileroko zenbatekoa, aurreko lauzpabostetan jaso gabe zuena baizik. Eta kontatzen ez dena da, hilabete horiei guztiei aurre egiteko nola moldatu behar izan den pertsona hori. Beraz, 3.000 euro jasotzen dituenean ez ditu oporretara joateko izaten, inguruan sortu dituen zorrak kitatzen agortzen zaizkio jaso orduko”.

 

Apirilaren 1ean Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako manifestazioa, DSBE murriztearen kontra.


Zer etorriko da maiatzean?


Maiatzerako agindu du Eusko Jaurlaritzak DSBEko Legearen erreforma eztabaidatzeko txosten teknikoa. Urtarrilean iragarri zuen Artolazabalek, erreforma horien artean, DSBEren eguneraketa Kontsumorako Prezioaren Indizearen (KPI) arabera egitea aztertzen ari zela. Horretarako legea aldatu beharko dute, DSBE Lanbide-arteko Gutxieneko Soldatari lotua baitago. EITBk urtarrilaren 10eko albistean kontatu zuenez, Artolazabalek bi helburu azaldu zituen aldaketa hau egiteko: “batetik, oinarrizko errenta behar duten pertsonen bizi-baldintza duinak bermatzea, eta bestetik, lana topatzeko aukera lehenestea, dagoeneko beharrean daudenekin ezberdintasunak sortzea saihestuta, diru-laguntza handiegia delako”.


    Quintanak adierazi du irizpide aldaketa hau garaian garaiko datu ekonomikoen arabera egitea ez dela batere bidezkoa: “Gutxieneko soldata izoztuta egon da azken urteetan, edo oso gutxi igo da. Orduan bai, balio zuen DSBEren oinarri gisa. Orain, %8 igotzea tokatzen denean, erreferentzia horren ordez %1 igo den KPIari eustea, ez da bidezkoa. Herritar hauen eros ahalmena etengabe gutxitzen ari dira”.


    EAEn gutxieneko soldataren %88 jasotzen da, gehienez, DSBE bidez. Molinak salatu du Patxi Lópezek %7 murriztu zuela bere garaian kopurua. Eta oraingo aldaketa honek beste %7 bat murriztea ekarriko duela. “Politikariek ere jaitsiko duzue %14 zuen soldata? zuek ere diru publikotik kobratzen duzue” galdetu zien, aurrez aurre, Legebiltzarrean. Maiatzean etorriko den erreformaz zera adierazi du: “EAJren truke txanpona gara, PPrekin aurrekontuak onartzeko. PPk gogortu egingo ditu DSBE eskatzeko baldintzak, eta EAJ bere tesietara etorriko da”.


    Artolazabalekin elkarrizketa hitzordua lotua genuen, galderak bidali genizkion, baina sortu zitzaion agenda arazo bat medio, ezin izan genuen aurrez aurre bildu. Eskertzen diogu elkarrizketa hartarako bidali genizkion galderak idatziz erantzun dituelako. Bere erantzunak erreportaje hau inprentara heltzear zela jaso genituen, eta segidan dituzu galdera-erantzunak irakurgai:

 

Beatriz Artolazabal, Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako sailburua:

"Legebiltzarrak erabakiko ditu egin beharreko aldaketak, babesa bermatzeko gure gizarteko pertsonei pobrezia eta bazterketa sortzen dieten egoeren aurrean"

 

 

Elkarrekin-Podemosek Legebiltzarrean eskatu zuen Lanbideko webgunean argitaratu daitezela DSBE bideratzeko irizpideak. Noizko jarriko dituzue?

Lanean ari gara, Lanbidek aplikatzen dituen irizpideak eta epai judizialek berretsi dituztenak errebisatzeko eta zabaltzeko. Oraingoz, ez daukagu prozesu hau bukatzeko data zehatzik, baina espero dugu azkar izango dela.

 

Lanbidek Kaltetuak elkarteak legebiltzarrean "Lanbideren praktika txar" dezente zerrendatu zituen, eta adierazi zuten Lanbidek ezarritako zigorrak eta zorrak ez zetozela bat errealitatearekin. Nola frogatzen du Lanbidek kasu bakoitza? Beste erakundeekin kontrastatzen du?

Lanbidek  baditu beste erakundeekin interoperagarritasunerako zerbitzuak eta kontsultak egiteko bideak. Datuak gurutzatzen ditugu INSS, TGSS, SEPE eta gainerakoekin. Lanbidek konpetentziak garatzeko lan egin du bere langileekin egunero hobetzeko prozedurak, eta ez dugu atsedenik hartuko DSBE behar duten pertsonak behar bezala babestuta egon arte.

 

Lanbidek Kaltetuak elkarteak eskatzen du Lanbidek beregain hartu ditzala bereak diren hutsegiteak. Aurreikusi duzue hobekuntzarik hutsegite hauek gutxitzeko?

DSBEa kudeatzeko prozeduretan etengabeko hobekuntzak lantzen ditugu. Gaur egun, Kalitatezko Kudeaketa Sistema ezartzen ari gara, DSBE kudeatzeko etengabeko hobekuntza ekarriko duena.

 

DSBE kudeazeko hobekuntzak iragarri dituzu. Horien artean aurreikusi dituzue, hartzaileei lana errazteko balio dezaketenen bat, esaterako, Lanbidek sarbidea duen datuen kasuan agiri horiek ez aurkeztu behar izatea, edo beren espedientera Internetetik sarbidea izateko aukera, edo edozein tramitazio eta eskaera gertueneko leihatilan egiteko aukera?

Denbora bat daramagu aztertzen hartzaileek aukera izatea espedienteko datuetara sartzeko Lanbideneteko eremu pribatutik, eurei emanaz behar duten informazioa kontsultarako edo egin nahi dituzten beste eskaeretarako.

Administrazioarekin komunikatzeko, gaur egun ere herritarrek aukera dute gertueneko leihatilara jotzeko.

Lanbidek, bere sorreratik, apustu argi bat egin du interoperagarritasun sistemak jartzeko, horrela herritarrak paper gutxiago aurkeztu behar izan ditzan Lanbiden, eta hori onura handi bat da espedienteak ebazteko azkartasuna irabazteko. Baina hau ez dago Lanbideren borondatearen esku soilik, baita ere badago gainerako administrazioen inplikazioaren baita, hauek baitira informazioa Erakunde Autonomoaren esku jarri behar dutenak. Berez, esaterako, ez da enpadronamendu agiririk eskatzen, helarazten dizkiguten udal denen kasuan.

 

Hartzaileek positiboki baloratu dute urte honen hasieratik jasotzen dituzten gutunak argumentatuta daudela baina ez dutela gutunarekin batera espedienterik jasotzen. Zergatik ez zaie bidaltzen?

Pertsona denek dute bere espedientea eskatzeko eskubidea, baina ebazpen bakoitzarekin ez diegu beren espedientea igorriko, dokumentuak eurek Lanbiden aurkezten dituzten berak baitira. Baina nabarmentzen dugu ebazpenarekin ados ez dagoenak eskatzen badu ematen zaiola.

 

DSBEren hartzaileek dokumentazioa 15 eguneko epean aurkezten badute, eta Lanbidek sarbidea badu beste erakuundeetara, nola azaltzen da Lanbidek 3-4 urteko atzerapena izatea espedienteak eguneratzen eta horrek zorra sortzea? (Lanbidek Kaltetuak elkarteak ziurtatzen du Aburtok espedienteak 2 urtez kartzelatu zituela).

Ez da egia. Kontua ez da ez direnik espedienteak denbora honetan berritu, baizik espedienteak berritu zirela zegozkien ebazpenekin, baina ez zen hasi zenbateko hori erreklamatzen, lehenetsi zirelako hartzaileen mesederako ekintzak, hau da, kontzesioak, berriz hasteak edo zenbatekoak igotzen zituzten aldaketak.

Lanbiderengan jarri denean lan karga, hasi dira aurreko urteetako tramitazioei zegozkien kopuru hauek eskatzen. Hau da, kontua ez da orain detektatu ditugula arautu beharreko zenbatekoak, baizik eta tramitazio momentuan sortu zirela eta orain ari direla hauek eskatzen.

 

Lanbidek Kaltetuak elkarteak "iruzurra" hitza darabil gizarte prestazio batek 40.000 euro arteko zorrak sortzea izendatzeko. Zor horretan irregulartasunak daudela dio: lan egindako egun batengatik hilabete osoa kontatzen dela, eta preskribatutako kasuak kobratzen jarraitzen dela. Helbururik jarri duzue ez bidezko ordainketak gutxitzeko?

Adierazpen hori faltsua da. Lanbidek ez du inongo kasutan lan egindako egun bat hilabete kontatu. Noski, ez bidezko ordainketa hauek gutxitzea Erakunde Autonomoaren helburu bat da, eta lanean ari gara lanagatik lortutako diru-sarreren datuak modu automatizatuagoan lortzeko.

 

Nora doa ez bidezko ordainketengatik herritarrek itzultzen duten dirua?

Eusko Jaurlaritzaren izenean dagoen kontura, urteko aurrekontuei aurre egiteko.

 

Prentsak publikatua du Eusko Jaurlaritzak maiatzean txosten tekniko bat aurkeztuko duela DSBE Legea erreformatzeko, eztabaidarako. Zein izango dira erreforma horren oinarriak? Gogortu edo erraztu egingo ditu DSBE eskatzeko baldintzak? PPrekin aurrekontuak onartzeko negoziatutako gai bat izan al da?

DSBE Legearen erreforma, oraingoz, hobekuntza helburuei buruzko diagnostikoa eratzeko fasean dago. Honen gainean Legebiltzarrak erabakiko ditu egin beharreko aldaketak, babesa bermatzeko gure gizarteko pertsonei pobrezia eta bazterketa sortzen dieten egoeren aurrean.

Legebiltzarraren enkarguak soilik eskatzen digu diagnostiko bat eta ez darama berarekin inongo negoziaketarik.


ASTEKARIA
2017ko apirilaren 09a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: DSBE
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren araudi berriak "isilpean" murrizketak dakartzala salatu dute

ESK sindikatuaren Argilan plataformak, Berri Otxoak plataformak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak helegitea jarriko diote DSBEaren araudi berriari, prestaziorako sarbidea mugatu eta "eskubide gehiago murriztuko" dituelako euren esanetan.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Pobreziaren kontrako “euskal sistema”

EAEko parlamentuan aurrera egin du Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren lege aldaketak. Badago zer aztertu legearen eztabaidak, aldaketa egiteko ezker zein eskuin egin den akordioak, eta legeak ekartzen dituen berrikuntzak izan duten oihartzun eskasari... [+]


Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren lege berria indarrean sartu da kritika artean

Teorian pobreak egoera horretatik ateratzea helburu duen Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentan aldaketak adostu dituzte EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUk, eta indarrean sartu da lege berria. Jende asko kanpoan uzten duela, pobrezia egoeratik ateratzeko ez duela balio eta txiroak... [+]


Ertzaintza egunero miaketak egiten ari da prestazio ekonomikoak eskatu dituen jendearen etxeetan

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen hasi aurretik ere, prestazioa eskatu duen jendearen etxeak arakatzen ari da Ertzaintza: “Prebentzioaren izenean, egunero-egunero ari dira etxeetan sartzen; astakeria da eta jendea beldur da, modu oldarkorrean ari direlako,... [+]


Eguneraketa berriak daude