Gurea bere egiten duen Paris horri...


2022ko abenduaren 21ean - 08:08
Azken eguneraketa: 17:19
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Duela 40 urte plazaraturiko Maiatz literatura aldizkariaren lehen alea esku artean, epilogoko “euskarak hil behar zuela, beste mintzaira zibilizatuei bide egiteko, Unamunok hala zeukan, dohakabeak. Guk ez dugu euskara beste mintzaira baten compost nahi” pasarteak eraman ninduen bi gertakizunetara.

Bata, Frantziaren ordezkari Pirinio Atlantikoetako prefetak Euskararen Eguna kari, Euskaraldiaren logoa erabiliz “Prefetak euskararen hiztun orori besta ona desiratzen die. Frantziaren ondarearen osagai garrantzitsu den euskara sostengatzen du Estatuak, Euskararen Erakunde Publikoaren bitartez” zekarren txioa.

Bestea, Frantziako Kultura ministerioak bere ondare immaterialeko kultur ondasunen zerrendan bertsolaritza sartu izana. Paris, Bordale, Paue: ez gara zuen lurrustel. Gurea ustelarazi nahian zabiltzate, zabor gaituzue amets; baina liberté, égalité, fraternité eta “aniztasunaren” defendatzaile figura ontzeko erabili ohi gaituzue, gurea zuena eginez. Zerrendan sartzeko eskaera luzatu zitzaion Frantziako Kultura ministerioari. Galdea eginik erantzuna jaso dugu. Badeke sesitu ez dudan arrazoi bat; konfiantza egiten diet udazken eder, aberats eta euskaldun hau eskaini diguten bertsogintzako eragileei –esker onak besterik ez ditut Nafarroa Arenan pasatako egunaren biharamunean–.

Ez, Paris, gurea ez da besta bat; ofizialtasunik gabe trabaz traba aitzina egitea latza da, eta errua zurea da

Baina ezer galdetu gabe, abenduaren 3an “besta on” bat desiratzea? Zeinek eta Frantziak? Ez, Paris, gurea ez da besta bat; ofizialtasunik gabe trabaz traba aitzina egitea latza da, eta errua zurea da. Euskaraldiaren irudia erabiltzeak ez zituen hautsak harrotu, euskalgintzak ez zion iharduki (ez behintzat publikoki). Ekimen horrek norbanakoan jartzen du arreta, gure hizkuntza ohituretan eragin beharra daukagulako. Arrazoi. Baina euskara politikoa da, norbanakoa politikoa da, eta ekuazio horretan osagai politikoa faltan da: ofizialtasun eza eta pairatu beharreko diglosia da euskaldunaren lur linguistikoa Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan. Ohiturak indibidualak dira, baina inguruneak eragin handia dauka horietan. Orekaren bidean, osagai politikoa eta sistemikoa gehiturik, lur hori irauli nahia uztartu beharra diogu ariketa soziolinguistikoari. Bestela compost gisa baliatuko gaitu Parisek, urtean behin txio madarikatu baten bidez laudatuz gurea.


Euskara Ipar EH-n kanalean gehiago
2026ko martxoaren 11
Bixente Claverie, AEK-ren Nazio Kontseiluko Ipar Euskal Herriko kidea
"Borondatea baldin badugu, lortuko dugu 2050ean hiztunen kopurua %30 izatea"

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.