Euskarak eta euskal hiztun komunitateak bizi dugun larrialdi linguistikoaren aurrean, Euskaraz Bizitzeko Pizkundea abiatzera deituko du Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27rako, larunbatarekin, Bilbao Arenan. Txalogarria da helburua, guztiok deituak gara ekitaldi horretara. Baita Bilboko ekimen jendetsu eta indartsu horren data heltzen den bitartean, ekimenaren eragina egokia gerta dadin, gogoeta kolektiboa partekatzera ere.
Larrialdi egoeran gaudela diogu guztiok, baina zein da larrialdiaren dimentsioa? Nondik dator larritasuna? Eta, batez ere, nola egin behar dugu larrialditik pizkunderako bidea?
Larrialdi honek duen dimentsioaz eta larritasun mailaz badugu azkenaldi honetan, ez gogoeta hutsa, baizik eta euskararen bilakaera soziolinguistikoaren azterketa zientifiko zehatz, sakon eta ukaezina. Unibertsitate mailako ikerketa zein doktorego tesi mardulak egin dira eta, ondoren, emaitzen dibulgazio-liburu oso pedagogikoa. Ikerketaren ondorioetara bagoaz, aipatu liburuaren azalean eskaintzen zaigu, izenburuan, ezin argiago: Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan. Oraindik liburu hori irakurri eta aztertu ez duenari biziki gomendatzen diot eskuratzea eta aztertzea.
Lizarra-Garaziko akordio haren modukoa eguneratzea eta iraunkor egitea lortzen badugu, hori bai izango da benetako pizkundea
Euskararen soziolinguistikak, baina, ezin du berez guztia argitu. Zergatik daukagu gaur egun euskara ikasi duen azken mendeko kopururik handiena, eta aldi berean, euskararen erabilera galduz doa, egunetik egunera, euskararen beraren iraupena arrisku bizian jarri arte? Hori ulertu ahal izateko, nahi eta nahi ez, euskararen beraren eta, are, Euskal Herriaren egoera eta bilakaera politikoa sakon aztertu behar ditugu. Arazo soziolinguistikoaz gain, arazo politiko larria dugu. Euskararen pizkundea lortu ahal izateko, Euskal Herriaren beraren pizkundea lortu behar dugu. Nazio kontzientzia eta naziogintza garatu behar ditugu, ezinbestean, euskaldunok Euskal Herrian euskaraz bizi ahal izateko. Eta azken hamarkadetan euskal alderdi eta instituzioek ez garamatzate bide horretatik. Hor ere larrialdi sakona dugu. Larrialdi politiko-instituzionala.
Horren adibide laburra eskaintzeko, gure gogoeta hau uler dadin: Hego Euskal Herriko herritar ugari kezka bizian daude orain, datozen hauteskundeetan Espainiako Gobernuan txanda-aldaketa gerta ote daitekeen. Kezka horren itzalera jokatzen ari dira bi alderdi abertzale nagusiak, oraingo gobernu espainiarra babestu eta praktikan sistema politiko espainiarra legitimatzen eta euskal nazioaren kontzientzia ahultzen, ondorio guztiekin. Baina praktikan ikusten dugunez, gobernu espainiarrean batzuk zein besteak izan, estatu espainiarraren egiturazko zutabeak ez dituzte aldatuko: erregetza post frankista, konstituzio zurruna, epaile-sistema, armada eta armamentismoa, hezkuntza sistemaren curriculum zein programazioa, sistema ekonomiko-soziala, nazioen eta autodeterminazioaren ukapena. Oraingo gobernu espainiar “progresistaren” balioak dira, estatuaren zutabeak direlako. Horiek guztiek inposatzen dituzte marra gorriak, euskararen beraren galera behartuta, adibidez.
Euskararen pizkundeak euskal naziogintzarena eskatzen du baldintza bezala. Franco hura hil ondoren bi une historiko bizi izan ditugu, gure pizkundea modu egokian antola daitekeela frogatu digutenak: Xiberta-Angeluko akordioa eta, gugandik hurbilago, Lizarra-Garazikoa. Azken horretan akordioak Euskal Herri osorako elkartu zituen hamar euskal alderdi politiko, bederatzi euskal sindikatu eta 23 herri mugimendu.
Lizarra-Garaziko akordio haren modukoa eguneratzea eta iraunkor egitea lortzen badugu, hori bai izango da benetako pizkundea.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.