EEPren aurrekontua berritu dute, baina aurreikusitako emendio apalenarekin

  • Euskararen aldeko hizkuntza politika eraginkorra bideratu ahal izateko, EEPko kide bakoitzak –Euskal Hirigune Elkargoa, Departamendua, Eskualdea eta Frantziako Estatua– 650.000 euroko emendioa onartu beharko luke, baina ez da horrelakorik gertatu: 100.000 euroko emendioaren alde egin dute. Euskalgintzak eta Euskal Hirigune Elkargoak salatu dute baliabide gehiago jarri ez izana.

Euskalgintzako eragileak batzen dituen Euskal Konfederazioaren elkarretaratze bat. Euskal Konfederazioa

2025eko abenduaren 12an - 09:13
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Biltzar nagusiak erabakitakoarekin "oso dezepzionatuta eta haserretuta" atera dira Euskal Hirigune Elkargoko ordezkariak, Berria-k jaso ahal izan duenez. Departamenduaren ordezkari eta EEPko lehendakari Maider Behoteguyren arabera, haatik, "erabaki baikorra" atera da: "Denek bat egiten dugu euskara larrialdi egoeran dela, denak kontziente gara gure herrialdean eta zenbait instituziotan koiuntura eta finantza arloko zailtasunak daudela. Gaurkoan, bakoitzak urrats bat egin du, lau partaideek elkarrekin aitzinatu nahi zutelako. Gaur-gaurkoz, bilan baikorra da, baina dena segitu behar dugu".

Hizkuntza politikarako beharrak zehaztu zituen EEPk 2023ko uztailean eta aurrekontua %65 emendatzea ondorioztatu zuten; hau da, kide bakoitzak 650.000 euro gehiago ezartzea –adostasunik ez zutenez lortzen, 300.000 eurora apaldu zuten eskaera–. Lau kidez osatuta dago erakundea –Euskal Hirigune Elkargoa, Pirinio Atlantikoetako Departamendua, Akitania Handia Eskualdea eta Frantziako Estatua– eta hein bereko ekarpena egin beharra daukate lauek. Baina Euskal Elkargoa izan zen kopuru hori ontzat eman zuen bakarra eta orduz geroztik egoera blokeatuta zegoen. Azkenean, ostegunean atera da emaitza: bakoitzak 100.000 euro gehituko ditu, hastapeneko helburuetatik eta egoera soziolinguistikoak eskatzen duen aurrekontutik biziki urrun. "Gure partaideek ez dute deusik laxatu, deusik onartu. Haiek finkatu, eta gisa batez inposatu diru zaman gelditu gara", adierazi du Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak Berria-ri, biltzar nagusiaren bukaeran.

Biltzar nagusian adosturiko aurrekontua "ez da batere nahikoa" Euskal Konfederazioaren ustez, eta argi du: "Frantziako Estatuak segitzen du bere linguizidioa".

Euskal Konfederazioko ordezkari Sebastien Castetekin hitz egin du ARGIAk eta atsekabea eta haserrea adierazi ditu: "Trufarik ez euskararentzat genion, baina tamalez, trufak segitzen du...". Ostegun arratsaldean buruturiko biltzar nagusian adosturiko aurrekontua "ez da batere nahikoa" bere ustez, eta argi du: "Frantziako Estatuak segitzen du bere linguizidioa".

Baliabideak ez dira nahiko helburuak betetzeko

Bestalde, 2050erako Ipar Euskal Herriko biztanleen %30 euskal hiztunak izatea jarri dute helburutzat biltzar nagusian. Hori, aitzinetik ere bere helburuetan zuen EEPk. Hain justu, 2024ko ekainean aurkeztu zuten Ipar Euskal Herriko euskal hiztun kopurua %30era heltzeko prospekzio soziolinguistikoa. Arazoa da adosturiko aurrekontuarekin helburu hori ezin lortua daukatela. Behoteguyk berak onartu du Berria-ri egindako adierazpenetan: "Gaur-gaurkoz badakigu ez dela posible".

Azkenik, bi urtean behin EEPko kide diren erakundeetako presidenteak bilduko dituen konferentzia bat antolatzearen alde ere egin dute. Topaketa horren xedea finkatutako helburuen ebaluazioa eginen dute, eta aurrekontua berrikusiko dute. Urtero berrikusiko dute bide-orria ere, Castetek adierazi duenez, eta hori baikortzat dauka, euskalgintzak aspaldian galdetu izan dielako hizkuntza politikaren bilana eta segipena egiteko jarrera. Baina argi du: "Baikorra da, baina azkenean, beti gauza bera da: gogoeta eta tresna politak izanen dira, baina baliabiderik ez bada ez dute balioko".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
Eguneraketa berriak daude