Kitzikanek, EHGAMek eta Sare Antifaxistak salatu dute Hego Euskal Herrian eraso homofobo eta arrazisten kopuruak nabarmen egin duela gora.
Ekaitz Herrero Kitzikaneko kideak Info7 irratian adierazi duenez, “eraso homofobo eta arrazistak hazten ari dira eta errotik eten egin behar dira”.
Espainiako Barne Ministerioak berriki eraso homofobo eta arrazisten datuen berri ematen duen txosten bat publiko egin du. Eraso asko, politikoak kasu, estatistika ofizial horietatik kanpo geratzen direla ohartarazi dute hiru elkarteek: “Eraso naziak gaueko liskartzat hartzen dituzte”.
Eragile hauek ohartarazi dute kapitalismoaren krisiaren eraginez horrelako jarrerak areagotu egingo direla: “Ukrainan ikusi da, eta Europako beste herrialdeetan ere horrelako jarreren hedapena nabaria da”.
Pagaburuen bila
Gizarteko bazterretan dauden pertsonak errudun bihurtzeko asmoa salatu du Herrerok: “Maroto bezalako alkateak jarrera hauen garapenean asko laguntzen ari dira”.
Aurreko urteekin alderatuta alde “izugarria” dagoela salatu du: “Joan den urtean lau eraso izan ziren. Aurten, 141 inguru jazo dira dagoeneko”.
Azken eraso homofoboa Algortan izan zen. Ehunka pertsona bildu ziren herriko kaleetan manifestatzeko. "Erantzuna oso positiboa izan da", adierazi du Herrerok. Era berean, kezkaz nabarmendu du erasotzaileen gehiengoa gazteak direla: "Baloreak galtzen ari dira eraikitzen ari diren gizarte honekin".
Erantzun bateratuen premia
Erasoak jasan dituztenak batzeko eta aurre egiteko deia egin du Kitzikaneko kideak: "Kitzikanek erasotzaileei markaje zuzena egitearen aldeko apostua egin du".
Luzera begira, zer gertatzen den aztertuko duen analisi sozio-politiko bat egin beharra dagoela nabarmendu du, "estrategia amankomunak" garatzeko aukera emanen duena.