Auzitegiak Polonia behartu du sexu berekoen artean beste herrialde batean egindako ezkontzak onartzera

  • Sexu berekoen arteko ezkontzak debekatuta dituzten Europar Batasuneko estatuek ere horiek aitortu beharko dituzte, EBko beste estatu batean ezkondu badira. Alemanian ezkondutako bikote poloniar baten kasuak ekarri du epaia.

Hego Euskal Herrian, 2005etik ezkondu daitezke sexu bereko bikoteak. Ipar Euskal Herrian, 2013tik. Freepik

2025eko azaroaren 26an - 11:46
Azken eguneraketa: 14:45
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Polonian sexu berekoen arteko ezkontzak debekatuta daudela-eta, bertako bi gizon Berlinen ezkondu ziren 2018an, baliatuta bikotekideetako batek nazionalitate alemaniarra ere baduela, poloniar nazionalitateaz gain. Beraien asmoa zen berriro ere Poloniara bueltatzea, bikote ezkondu gisa, baina herrialdeko erregistro zibilean ez zieten ezkon-harremana onartu, arrazoituta Polonian ez dela legezkoa.

Bikoteak auzitara jo zuen eta Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak arrazoia eman die: nahiz eta ezkontzak arautzen dituen legedia herrialde bakoitzaren eskumena izan –eta beraz oraindik ere sexu berekoen arteko ezkontzak debekatu ditzaketen EBko hainbat gobernuk–, derrigortuta daude 27 estatuetakoren batean ezkondu diren sexu bereko bikoteak onartzera. Horiek ez aitortzeak “bizitza pribatu eta familiarra errespetatzeko oinarrizko eskubidea urratzen” du, dio ebazpenak.

Epaiaren kontra joateagatik gobernuari isuna ezarri diezaioke Justizia Auzitegiak.

“Sexu-joeragatiko diskriminaziorik eza” printzipio nagusien artean aldarrikatzen duen Europar Batasunean, 27 estatuetatik 17tan baino ez da legezkoa sexu berekoak ezkontzea

Oraindik ere, ez da legezkoa EB osoan

Gezurra badirudi ere, “berdintasuna” eta “sexu-joeragatiko diskriminaziorik eza” bere balio eta printzipio nagusien artean aldarrikatzen duen Europar Batasunean, 27 estatuetatik 17tan baino ez da legezkoa sexu berekoak ezkontzea. Beste hamarretan, leku batzuetan izatezko bikote izan daitezke, baina ezin dute ezkondu, eta badira herrialdeak non zuzenean sekulako trabak dituzten harreman homosexualak ofizialtzeko, esaterako, Polonian, Bulgarian, Hungarian, Eslovakian eta Errumanian.

Kontuak kontu, positiboki baloratu du epaia LGTBI+ eskubideen defentsarako ILGA-Europa erakundeak: “Europar Batasun osoan sexu bereko bikoteen babeserako urrats esanguratsua da, bereziki inongo babes legalik ez duten herrialdeetan, Bulgarian, Errumanian, Eslovakian eta Polonian, kasu, non halako debekuekin Giza Eskubideen Europako Hitzarmenak ezartzen dizkien aginduen kontra jarduten duten”.

Hego Euskal Herrian, 2005etik ezkondu daitezke sexu bereko bikoteak. Espainia izan zen halako erabakia hartzen zuen munduko hirugarren herrialdea, José Luis Rodríguez Zapateroren gobernupean. Ipar Euskal Herrian –eta Frantziako estatu osoan– zortzi urte geroago onartu zuten eskubide hori, 2013an.


LGBTI kanalean gehiago
2026ko otsailaren 11
Berriketa gutxi
Bixente

2025eko apirilaren 9
Meloi saltzailea
Antifa

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #315 zenbakia
Kultur-programazioari buruzko aldizkari monografikoa
Gorka Peñagarikanoren eskutik, zer eta nola programatzen da Euskal Herrian?