Ertzaintzak atxilotuen jatorriaren berri emango du, Voxek eskatu bezala

  • Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du informazio politika aldatuko duela eta Ertzaintzak atxilotutako pertsonen adinaz eta generoaz gain, jatorriaren berri ere emango duela. Bingen Zupiria segurtasun sailburuak Herri Irrati-an adierazi du aldaketak "onurak" ekarriko dituela eta PP eta Voxek horretarako presio handia egin dutela. EH Bilduk atzera egiteko eskatu dio Zupiriari.


2025eko urriaren 23an - 10:39
Azken eguneraketa: 16:27
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Segurtasun Sailak jakinarazi du helarazten duen informazio politikan aldaketa bat egin duela: atxilotuen adinaz eta generoaz gain, jatorriaren berri ere emango dute. Aurrerantzean aipatuko duten herritartasun bakarra espainiarra izango bada ere, atxilotuen jatorriaren berri ematen duten kalifikatzaileak erabiltzen hasiko dira, hala nola “magrebtar”, “latinoamerikar”, “europar”, “Saharaz hegoaldeko afrikar” eta “asiar”. Zupiriaren ustez, informazio horrek “delinkuentziaren diagnostiko zehatzago bat” egiten lagunduko du. Neurri berriak delitu-gertakarien albisteei bakarrik eragingo die, baina ez, adibidez, trafiko-istripuei.

Voxeko buru Santiago Abascalek garaipen gisa txalotu du erabakia, beren eskaera zen eta: "Garaipen berri bat. Beste pauso txiki bat. Oraingoan euskal gobernu erregionalaren aurrean. Voxi esker jakingo dugu kriminalen jatorria, gobernu eta hedabide asko urteetan ezkutatzen aritu zaizkigun zerbait.

Herritarren defendatzaileak argudiatu zuen jatorria, arraza, erlijioa edo kultura aipatzeak ez diola inolako ekarpen esanguratsurik egiten informazioari

Ertzaintzak 2004tik ez du atxilotuen jatorriaren berri ematen, Arartekoaren eskaeraz. Herritarraren defendatzaileak argudiatu zuen jatorria, arraza, erlijioa edo kultura aipatzeak ez diola inolako ekarpen esanguratsurik egiten informazioari, eta immigrazioaren eta delinkuentziaren arteko lotura sustatzen duela. 

Segurtasun sailburuaren hitzetan, PPk eta Voxek “presio ikaragarria” egin dute legebiltzarrean Ertzaintzak atxilotuen herritartasunaren berri eman dezan. Hala ere, erabakiaren alde agertu da, esanez mesede egiten dietela “gurean errotzeko ahalegina egin duten, eta gure ongizateari eta aberastasunari laguntzen dioten 150.000 etorkinei”. Gaineratu du “hobe dela gauzak diren bezala esatea, datuak gardentasunez ematea, inor estigmatizatu gabe, beti eskuin muturrarekin eztabaidan ibiltzea baino”.

EH Bilduk atzera egiteko eskatu du

Sailburuaren adierazpenak “oso larriak” dira Saez de Egilazen irudiko, “onartu duelako ultraeskuin faxistak baldintzatu egiten duela, 75 legebiltzarkideetatik zortzik, eta bereziki batek. Gehiengo osoa duen Gobernu batean, EAJren politikak eta posizio historikoa baldintzatzen al ditu gutxiengo horrek? Kezkagarria da. PPk eta Voxek baldintzatuta gobernatzen duzue?”, galdetu die.

“Hilabeteak daramatzagu esaten euskal politikagintza babestu behar dugula gure mugetatik kanpo nagusitzen ari den toxikotasunetik, oldarraldi ultratik, hemen politika beste era batera egiteko baldintzak baititugu. Giza eskubideetan, elkarrekiko errespetuan eta elkartasunean oinarritutako gehiengoak dira herri honetakoak. Edo hala uste genuen”.

SOS Arrazakeria: "Aurreiritziak indartzen ditu"

Kritikak jaso ditu neurri berriak. SOS Arrazakeria plataformako Mikel Mazkiaran abokatuak Berria-ri adierazi dio neurriak komunitate batzuen “kriminalizazioa eta diskriminazioa” elikatzen duela, eta ekarpen bakarra “aurreiritziak indartzea” dela.

Mazkiaranen iritziz, «hain gai delikatua izanik, Eusko Legebiltzarrean eztabaida bat merezi du gutxienez».


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ertzaintza
Eguneraketa berriak daude