“Hazi egin da magrebtarron aurkako arrazismoa, eta beldurra ematen du”

  • Saida el Bakali (Tanger, Maroko, 1985) adingabea zela iritsi zen Espainiako Estatura. Hamaika urte daramatza Laudion bizitzen, eta gazte zein familia migratuak artatzen egiten du lan gaur egun. Geroz  eta gehiago hedatzen ari den oldarraldi arrazistaren inguruan mintzatu da. 


2025eko urriaren 29an - 06:58
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Marokon jaio eta hazi zinen. Nola amaitu duzu Aiaraldean?

Nire bikotearen bidez iritsi nintzen Espainiara. Oso gaztea nintzen. Bost urte igaro nituen Madrilen, etxekoandre moduan. Ez zitzaidan gustatzen. Egonezin ugari nituen, galdera asko, jakin-min asko… bost urte igaro ostean erabaki genuen Euskal Herrira etortzea. Debara joan ginen bizitzera, eta gustatu zitzaigun. Ez genuen lurralde hau ezagutzen. Hondartza zuen herri bat nahi genuen, gu ere hondartza inguruan hazi ginelako. Tangerrekoak garenoi asko kostatzen zaigu itsasotik aldentzea. 

Urte asko igaro nituen Deban, 2004tik 2014ra. Aldaketa asko bizi izan nituen han. Bertan konturatu nintzen barruan nuen egonezina emakume moduan independentzia izatetik harago zihoala. Gehiago ezagutu nahi nuen hemengo kultura, zergatik ziren hemengo emakumeak horren ezberdinak, nahiz eta, egiatan, ez nituen horren ezberdinak sumatzen.

“Beloa kentzen ez baduzu bada otzana zarelako eta inposatzen dizutelako. Kentzen baduzu, aldiz, emagaldu bat zara”

Nik garai hartan oraindik beloa neraman. Estalita nindoan, oso lotsati. 18 urte nituen Euskal Herrira iritsi nintzenean, eta ez nintzen komunikatzera ausartzen ez nuelako hizkuntza menperatzen. Euskal kultura oso itxia da ere bai, zaila da jendearengana gerturatu eta hitz egitea. 

Baina geroago hasi nintzen jende gehiagorekin hitz egiten, nire alaben eskolaren bitartez. Eta orduan hasi nintzen pentsatzen lan egin nahi nuela, saltoa eman…

Emakume arabiar askorengan ikusi dut bizitzeko eta norbera den bezalakoa izateko grina hori, muinean oso independenteak garelako. Baina egia da baita ere asko lotzen gaituela familiak, etxeak eta ingurugiroak. Eta nik oso argi nuen nik ez nuela nire etorkizuna nire bikotearekin eraiki nahi, arrazoi asko medio.  

Deban emakume batzuk ezagutu nituen aukera eman zidatenak hemengo kulturaz gehiago jakiteko eta ikusteko ni noraino hel nintekeen, eurekin modu irekian hitz egin nezakeelako. 

Babes handia jaso dut. Uste dut garai hartan ez zegoela horrenbesteko arrazismorik. Herriko jendea oso itxia zen, bai, baina ez dut uste hainbeste diskriminaziorik zegoenik kolektibo zehatz batekiko, gaur egun magrebtarron aurka ikusten ari garen bezala. Hori hazten joan da. Bere garaian oso gutxi ginen: Eibarren zeuden batzuk, Bilbon… ez zegoen gaur egun dagoen bazterketa, eta horrek ere lagundu zidan urratsa ematen, pertsona moduan hazi eta amesteko. 

Zertan nabaritu duzu arrazismoaren hazkunde hori?

Beti existitu da arrazismoa, baina baita ezezagutza ere. Madrilen ez nuen horrenbeste nabaritu, hiri handia delako eta askoz gutxiago erlazionatzen nintzelako jendearekin. Baina hemen bai nabaritzen da, min egiten du. Hemen kuadrilla existitzen da, eta kuadrillarik ez baduzu salduta zaude. 

Deban bizi izan nuen prozesua: beloa kendu, lana bilatzen hasi, hizkuntza ikasten saiatu… horrek dakarren guztiarekin, noski. Eta prozesu horretan zehar uneoro jaso ditut kritikak: zapia kentzean emagaldu bat nintzela… “Begira orain nola janzten den… hauek senarrak kentzera datoz, mantenduko dituen norbait bilatzeko”. Halakoak entzun behar nituen, eta nik ez nuen ulertzen, zapia kendu nuelako bertako kulturara hobeto egokitzeko asmotan. 

Eta beloa kenduko ez bazenu, bertako kulturara ez egokitzea leporatuko lizukete. 

Hori da. Beloa kentzen ez baduzu da otzana zarelako eta inposatzen dizutelako. Kentzen baduzu, aldiz, emagaldu bat zara. Beloa daraman emakume batek ez du emakume euskaldun batek baino gutxiago balio. Ez da ergelagoa, zapiak ez baitu burmuina estaltzen. Baina lan baten bila zoazenean ez dituzte zure gaitasunak ikusten, zure beloa baizik. 

Beste adibide bat jarriko dizut, askori gertatzen zaiena; taberna batera joan eta zurito bat eskatzean, hau entzun behar izatea: “Oso musulmanak dira baina begira honek nola edaten duen”.  Urdaiazpiko ogitarteko bat eskatzen duzunean berdin. Bakoitza askea da nahi duena egiteko, baina kritikak jasotzen dituzte urdaiazpiko bokata jateagatik. Eta jaten ez badute, “urdaiazpikoa jaten ez duena” dira. 

Egia baldin bada komunitatean bizitzea aberastasun bat dela, zergatik jarri behar ditugu mugak gizarte moduan? Zergatik bizi gara jarri zizkiguten oinarriekin? Oinarri horiek kartzelako barroteak dira niretzat, aurrerago dagoena ikusten uzten ez dizutenak. Eta Euskal Herritik, Espainiatik edota Estatu Batuetatik harago badago beste mundu bat… Hain gara anitzak, ezen niri asko harritzen ninduen ustez hirugarren mundukoa den herrialde batetik Europara etorri eta ikustea hemengo jendea ni baino askoz itxiagoa zela. 

Integrazioaren motorra saltzen digute, baina formula hori oraindik ez dago eginda. Beti saiatzen zara egokitzen, baina egokitu behar naiz benetan? 

"Eskuin muturrak orain migratzaileak ditu jomugan, baina mundu guztiari kenduko dizkiote eskubideak. Boterera iritsiko balira, hemen egingo luketen lehen gauza eskoletatik euskara kentzea izango litzateke"

Horrek guztiak eragin zuzena izango zuen zure nortasunaren eraikuntzan, bi munduren artean zaudelako eta, aldi berean, batean ere ez. 

Egiatan bi, hiru edo lau mundu izan daitezke. Identitate krisia hasten da zure sorterritik joatea erabakitzen duzunean. Jada ez zara horren parte, saiatu arren, baina ez zara ezta ere hemengoa. Erdian zaude, toki baten bila beti, baina toki horrek inoiz ez du zure identitatea aintzat hartzen, beldurragatik: diskriminatua izatearen beldurra, baztertua izatekoa… Eta iristen dira identitate krisiak. Une horietan, guzti hori jasateko gai ez bazara, pikutara zoaz. 

Ezagutzen ditut pertsona batzuk sorterrira itzuli behar izan direnak, edo Europako beste herrialderen batera joan direnak, edota buruaz beste egin dutenak ere, espero gabeko depresioetan sartu direlako. Eurak lanera zetozen, lan egin nahi zuten. Inor ez dator dirulaguntza baten bila. 

Iristen da adin bat zeinetan zure barrua arakatzeari ekiten diozun. Salbatu garenak, noski, ze bidean geratzen direnak buru osasuneko arazo oso serioekin amaitzen dute. Batzuk zortea izan dugu, inguru abegikorrago bat izan dugulako eta krisi uneetan gertuko hiruzpalau pertsonengan babestu ahal izan garelako. Lortzen dugu iristea, terapiara goazelako… baina ezin dutenak? Galduta geratzen dira. 

Bigarren eta hirugarren belaunaldiko migranteak dira gehien galtzen direnak, etxean oinarri sendo bat ez badute babesa eta indarra ematen diena. Ez dakite zer diren, zer nahi duten… eurek ez dute ezer hautatu, eta horrekin bizi behar dira. Ez da batere erraza komunitate batekiko pertenentzia sentimendurik ez izatea… eta komunitate ahulenean babesten zara, zorrotzenean, muturrenekoenean agian. Engainatu egiten zaituen komunitate bat, erlijioa kartzelako barroteak lez saltzen dizuna… ahal duzun horretan babesten zara, etxean ikusi duzun horretan agian, gizarte honek ez dizulako utzi bere parte izaten. Eta dena aurreiritziengatik. 

Zuri ez dizute euskalduna izaten utzi?

Ez. Egiten dudana egiten dudala, ez naute inoiz hemengoa kontsideratuko. Beti markatuko digute ezberdinak garela. 

Dena den, nik ez dut ezta euskalduna izan nahi, edo ez soilik, marokoarra bakarrik izan nahi ez  dudan bezalaxe. Hori barroteak eraikitzea iruditzen zaizkit nire buruaren barruan. Zergatik izan behar toki bakar batekoa?

Dena den, berdin du zer egiten dudan edo norekin nagoen, ‘mora’ izango naiz beti besteen begitara.

Hizkuntzaren gaia ere hor dago. Euskara ikastea guztiz doakoa izan beharko litzateke. Ezin da eskatu integraziorako bide gisa, eta 300 euro ordaindu behar izatea horregatik. 

Nire alabak eskolara zihoazen eta euskara hitz egiten zuten tokiko hainbat haurrek baino hobeto. Irakasleek esaten zidaten euskara “garbia” zutela, perfektua. Eta berdin zuen. Bullyinga zegoen haurren artean, garai hartan horrela deitzen ez zitzaion arren, baina haur batek zerbait egiten duenean etxean ikusi duelako da. Belaunaldi batetik bestera egiten zuen salto, eta beldurra ematen zidan. Ezin nuen onartu. Nire alabek ez diote kontu eman behar inori. Hemen jaio dira, eta hemengoak dira, baina badira baita Marokokoak edo eurak nahi duten beste edozein tokikoak. 

Eta arrazismoa gehiagora doala diozu.

Orain aktiboagoa eta bortitzagoa da. Lehen arrazismoa begirada txar batera mugatu zitekeen agian. Ni orain fisikoki ez naiz marokoarra jendearen begietara. Marokoarra naizela esaten egon behar dut, jendeak ez duelako sinesten. 

Amorrua ematen dizu horrek.

Asko, banaizelako marokoarra. Ni hona etorri nintzenean ez nekien hizkuntza ez ezer, eta aurrera egin badut izan da babestu nauen eta nigan sinetsi duen jende bat izan dudalako inguruan. Baina egiten zizkidaten gauza txar guztiekin geratu izan banintz ez nintzateke inoiz zulotik aterako, inondik inora. 

Garai hartako arrazismoa “isilagoa” zen, orduan. 

Hori da, eta ez zegoen ondo ikusia. Jendea arrazista zen, baina ez zuen publikoki esaten.  Orain jendeari ez zaio kostatzen eskuin muturrekoa dela esatea edo Vox-ekoa dela, adibidez. Eta hori kezkagarria da. 

Eskuin muturrak orain migratzaileak ditu jomugan, baina mundu guztiari kenduko dizkiote eskubideak. Boterera iritsiko balira, hemen egingo luketen lehen gauza eskoletatik euskara kentzea izango litzateke.

Pentsatzen genuen Laudio bezalako herri batera ez zirela horrelako mezuak helduko, baina heltzen ari dira, eta berdin du zenbateraino zauden integratua edo zenbateraino duzun zure bizitza bideratuta, beldurrarekin bizi gara. 

Adibidez, alboko pertsona batek puto moro esaten duenean zu marokoarra zarela jakin gabe. Gero esaten diozu maroakoarra zarela eta ez zaitu sinesten. Baina bai, marokoarra naiz, eta nire komunitatea iraintzen ari zara.

Udan Torre Pachecokoa gertatu zen, eta Euskal Herrian ere egon dira antzeko kasuak. Asko hitz egiten da “segurtasunaren auziaz”, baina ez da horrenbeste hitz egiten arrazismoak komunitate migranteetan sortzen duen segurtasun gabeziaz.

Inondik inora. Oso bitxia da. Badirudi modan dagoela “beldurrei” buruz hitz egitea. Telebista pizten dudan bakoitzean egiten dut topo magrebtarrei buruzko albiste batekin, eta sare sozialak irekitzen ditudanean kazetari bat agertzen zait magrebtarrei buruzko albisteak plazaratzen dituena egunero. Lotsagarria iruditzen zait. Geroz eta gehiagora doa, eta kolektibo bakar bat seinalatzen da. Zergatik ez dugu hitz egiten Marbellan trafikante dirudunen artean gertatzen diren erailketez?

Torre Pachecon dena joan zen pikutara. ‘Moroek’ ez genuen ezer balio, desagertu behar ginen. Torre Pachecoko bizilagunak eurak atera ziren esatera 30 urte zeramatzatela elkarbizitzan, eta inoiz ez zela arazorik egon. Izua sortzen dit eskuin muturraren auziak, benetako beldurra, hazten dagoelako sare sozialen bidez, eta gorroto mezuak hain dira hedatzeko errazak... ezjakintasun handia dago; eta hori, gorroto eta ezezagutzarekin nahastuta, erloju-bonba bilakatzen da. Inork ez du bere herrialdea uzten gainontzekoak izorratzeko. 

“Gazte gehienak hurrengo goizean altxatzen dira, errekan garbitu eta klasera joateko, euren buruan sinesten jarraitzen dutelako, gizarteak eurengan sinesten ez duen arren”

Eta Laudion ere sumatzen duzu hori?

Bai. Laudion klasismo asko dago. Arreta handia deitzen dit horrek. 2014an hona bizitzera etorri nintzenean esan zidaten: Ugartera bazoaz txandalean joan zaitezke, baina herrigunera dotoreago jaitsi behar zara (barreak). Ni toki guztietara nindoan mendiko arropa eta botekin. Janzkera aldatu behar izan nuen. 

Klasismo asko dago, bai. Zarenaren eta duzunaren arabera tratatzen zaitu jendeak. Pertsona askok ez dute nire aurkako jarrerarik erakutsi badakitelako nire bikotea hemengoa dela edo herriko jende asko ezagutzen dudala, baina euren keinuek erakusten dute zer pentsatzen duten. 

Gertatu zait lan bila joatean. Hasieran ez dakite marokoarra naizela, baina gero konturatzen dira. “Marokoarra zara?”, galdetzen dizute. “Bai, zeozer aldatzen du horrek?”, erantzuten diezu. “Ez”, diote, baina gero lan eskaintza, halako batean, ez da existitzen, edo beste norbait hartzen dute. 

“Arrazismo asko dago etxebizitzaren merkatuan. Deitu eta zure izena esaten duzunean,  bat-batean, ez dago zuretzako pisurik”

Eta etxebizitzaren esparruan sumatu duzu horrelako arrazismorik?

Asko. Deitu eta zure izena esaten duzunean, bat-batean, ez dago zuretzako pisurik. Azken lau urteetan are gehiago larriagotu da hori. Denok dakigu herrian ez dagoela etxebizitza nahikorik. 

Beno, etxebizitzak egon badaude, baina ez daude alokairuan.

Bai, hori da. Nire lagun bat eta biok alokairuzko etxebizitza baten bila aritu ginen behin, Aljeriako familia batentzat. Galdetu ziguten lehen gauza izan zen ea etxea ‘moroentzako’ zen, ni marokoarra nintzela jakin gabe. Begietara begiratu eta esan nion agentziakoari: “Hori arazo bat da, ala?”. Eta berak: “Ez, ez, baina badakigu nolakoak diren: batek alokatzen du eta gero denak sartzen dira bere atzetik”. Telefonoz ere deitu dut beste batzuetan, beste familia batzuentzako alokairuak eskatzen. “Zerrendan apuntatuko zaitut”, esaten dute, baina gero badirudi zerrenda hori ez dela inoiz amaitzen. 

Eta, alokairua lortuz gero, pila bat abal eskatzen dizkizute. Kasu batzuetan beste pertsona batek eman behar dizu abala, zure nominak eta gainontzeko bermeek ezer balioko ez balute bezala. Oso mingarria da hori, eta gainera gero esaten dute etxebizitza publikoak guri ematen dizkigutela, zozketa bidez ebazten den kontu bat denean. 

Arrazismoak forma ugari hartu ditu. 2010eko garaian asko zentratu zen Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren auzian, laguntza hori migranteek jasotzen zutela eta ez zutela. Orain, aldiz, segurtasuna eta okupazioa dira bi gai nagusiak. Nola bizi duzu hori eta nola egin ahal zaio aurre?

Niri gustatzen zait arrazista ez dela dioen jendearekin hitz egitea, euren diskurtso guztiak kontrakoa erakusten duenean. Eurekin eztabaidatzen hasten naiz eta haserretzen dira, “zurekin ezin da hitz egin” esateraino. 

“Okupatzen duten gazte migratuak etxe hutsetan sartzen dira, bizirauteko helburu hutsarekin”

Hona zabor guztia datorrela diote: okupatzen dutenak, kalean akanpatzen daudenak… diote gure alabak jada ezin direla etxetik seguru atera, ‘moro’ hauek hemen daudenetik bortxaketa eta delinkuentzia gehiago dagoela, okupazioa igotzen ari dela… migranteak direnean, estatistiken arabera, alokairua ordaintzeari uzten dioten azkenak, badakitelako ez dutela beste alternatibarik. 

Nik gazte askorekin egiten dut lan. Asko asetzen nauen lana da. Gazte horiek hona iritsi dira mendietatik bi urtez ibiltzen egon ostean, jende gehienak ezingo luke egiten duten bidearen % 15 ere egin. Norbait joan da begiratzera zein den okupazioaren atzean dagoen errealitatea? Okupatzen duten gazteak etxe hutsetan sartzen dira, bizirauteko helburu hutsarekin. Ikusi ahal izan dugu zer baldintzetan bizi diren, eta baldintza horiek ez ditut ezta nire txakurrarentzat nahi. Etxebizitza duintasuna da, Espainiako legerian zehaztua dagoen oinarrizko eskubideetako bat. Non geratzen da hori?

Dena den, hau modaka doa, aldatuz joan da gorrotoaren begirada. Krisiaren ostean lana izan zen gai nagusia, atzerritarrak lana kentzera zetozela. Ondoren atera zen Diru sarrerak Bermatzeko Errenta, atzerritarrei etorri bezain laster pagatxoak ematen zitzaizkiela. Eta gero iritsi ziren segurtasun gabezia, lapurretak, bortxaketak, hemendik urte batzuetara denak mestizoak izango garela… Badaude senide magrebtarrik nahi ez duten pertsonak, ez dutelako iloba ‘mororik’ izan nahi. Uste dut hori geroz eta gehiago gaitzetsi egin beharko litzatekeela. 

Eta legea ez dago alde. Ezagutzen dut eraso arrazistak jaso dituen jendea ez dena gai izan salaketa jartzeko, Poliziak ere beldurra sorrarazten diolako, geldiarazi eta paretaren aurka jarri dutelako, miaketa bat egiteko. 

Horren guztiaren aurrean, zer egin daiteke?

Asko nabaritzen ari naiz gorroto diskurtsoen eragina, jende gaztearen artean batez ere, eta horrek asko kezkatzen nau. Askotan, gorrotoa baino, beldurra da dutena, eta ezjakintasuna, euren herrira iristen ari den fenomeno berri baten aurrean. Uste dut Laudio bezalako herrietan komunitatean egin behar dugula lan, elkarbizitza transmititzeko. Etxe barruan hasi behar da hori lantzen, baina baita ere uste dut udaletik zeozer egin beharko litzatekeela, une honetako errealitate bat delako, gehiagora joango dena. Ezer gertatu baino lehen, uste dut gu izan behar dugula aitzindariak sentsibilizazioa jorratzen, hitzaldiak eskaintzen, institutuetara errealitate berriak hurbiltzen… erakusteko hona datozen gazteak bizitza hobe baten bila datozela, ez datozela inori minik egitera eta horretarako aukera eman behar zaiela. 

Saiatu behar gara gorroto eta beldur mezuei buelta ematen. Beldurra jakin-min bihurtu behar dugu. Jakin-minak ikertzera bultatzen zaitu, eta geroz eta gehiago ikertu orduan eta gehiago ezagutuko duzu. Nor da Maroko eta Arjeliatik etorri den mutiko hori? Zure amets eta zaletasun berdinak izan ditzake agian.  

“Gazte migratu ugari daude eskualdean bizitzen Bilboko masifikaziotik ihes egin dutelako, beldurrez. 
Toki lasai bat bilatu dute, zeinetan ez dieten lapurtuko, ez dituzten joko eta zeinetan Poliziak ez dituen goizeko hiruretan altxaraziko euren kanpamentua kentzeko”

Beldurra da borrokatu behar duguna, eta instituzioen isiltasunak ez du laguntzen, ez lirateke isilik egon beharko, segurtasun mezuak helarazi beharko lizkiekete herritarrei. Kale egoeran bizi diren gazte horiek Helduen Eskolara joateko aukera izan dezatela, baina gero aukera izan dezatela baita herriko edozein gazterekin kafe bat hartzeko, Gardeako ‘kolesterolaren bidetik’ paseo bat emateko edo Gaztetxera joateko. 

Oso garrantzitsua da jendeak jakitea gazte horiek Laudion (edo C3 lineako beste herri batzuetan) bizitzen ari direla Bilboko masifikaziotik ihes egin dutelako, beldurra dutelako. Toki lasai bat bilatu dute, oldarkortasunik gabekoa, zeinetan ez dieten lapurtuko, ez dituzten joko eta zeinetan Poliziak ez dituen goizeko hiruretan altxaraziko euren kanpamentua kendu dezaten. Izan ere, kalean lo egiten duten gazte gehienak hurrengo goizean altxatzen dira, errekan garbitu eta klasera joateko, euren buruan sinesten jarraitzen dutelako, gizartean eurengan sinesten ez duen arren. Horregatik uste dut erakunde publikoak direla urratsa eman behar dutenak, ez soilik herritarrak. 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Arrazakeria
2025-09-29
Bilboko Solokoetxeko heriotzari Vocento taldeak emandako trataera
'El Correo', beldurra, arrazakeria eta polizia filtrazio bidezko informazio faltsua

Eguneraketa berriak daude