Ertzaintzak hartutako bideari jarraituz, Kataluniako Esquadra Mossoek atxilotuen jatorriaren berri emango du urteko txostenetan, 2025etik hasita. EAEn bezala, argudiatu dute neurriak “immigrazioari eta segurtasunari buruzko zenbait bulori aurre egiten” lagunduko duela. Erabakia eskuin muturraren gorakada betean iritsi da.
EAEn Ertzaintzak pasa den hilabetean iragarri moduan, Katalunian Esquadra Mossoek ere atxilotuen jatorriaren berri emango dute. Urteroko kriminalitate balantzea aurkeztean aipatuko dute datua, 2025etik hasita. Balantze horrek Kataluniako jarduera kriminala biltzen du, eta delituen tipologiaz gain, egileen jatorria zehaztuko da aurrerantzean. Mossoek dagoeneko ematen dute atxilotuen jatorriaren berri Gardentasun Atariaren bitartez, edo talde parlamentariek egiten dituzten galderen bitartez. Orain, ordea, Generalitat-ak Barne Sailean ere argitaratuko ditu datuak publikoki.
Generalitat-ak eman duen argudioa EAEn entzun genuen berbera da. Nuria Padrón Barne kontseilariaren arabera, neurriak “immigrazioari eta segurtasunari buruzko zenbait bulori aurre egiten” lagunduko du. Josep Lluis Trapero Esquadra Mossoen arduradun nagusiak adierazi du ebasketa edo lapurreta asko atzerritar jatorriko pertsonek egiten dituztela, baina sexu eraso edo ustelkeriari dagokionez, "gehienak espainiarrak" direla: "Zergatia ikusi behar da. Pertsonaren egoera sozialarekin du zerikusia". Hala ere, Segurtasun Sailetik ez dute zehaztu ea “espainiar eta atzerritar” bereizketa soila egingo duten, ala, Eusko Jaurlaritzaren gisan, jatorri geografiko ezberdinak aipatuko diren (magrebtar, latinoamerikar, europar, Saharaz hegoaldeko afrikar edo asiar kategoriak erabiltzen hasi da Ertzaintza).
Eskuin muturraren gorakada betean
Mossoek jatorriaren berri ematearen erabakia eskuin muturraren gorakada betean iritsi da. Gorakada, baina, ez da bat-batekoa edo kasualitatezkoa. Kasurako, astelehenean jakin dugu Aliança Catalana eskuin muturreko alderdia Kataluniako Parlamentuko hirugarren indar politiko indartsuena bilakatu dela, Juntsekin berdinduta. Kataluniako Generalitateko CEO Centre d’Estudis d’Opinió-k publikatu duen barometroan, martxoan ikusitako joera sendotu da: Silvia Orriolsen eskuin muturreko alderdiak, gaur egun Kataluniako Parlamentuan bi eserleku dituenak, bere ordezkaritza bost aldiz handituko lukeela iragarri zuten. Oraingo galdeketaren arabera, hamar aldiz biderkatuko luke bere ordezkaritza parlamentarioa. Horrez gain, barometroak iragarri du Vox-ek PP gaindituko lukeela legebiltzarreko eserlekuetan. Modu honetan, Espainiar Estatuko parlamentu bakarra da non ultra eskuinak bi alderdi dituen, indar nabarmenarekin.
Procèsaren hondarretik sortu zen alderdiak ospea hartu du izaera ustez independentista, xenofobo eta arrazista erabilita. Vox-en diskurtso berberak ditu migrazio gaietan, eta eztabaida lokazti horretara ari da bultzatzen beste indar politikoak, Juntsen kasu.