"Erakundeetatik nagusioi dena eginda eman behar digutela uste dute eta ez gara baloratuak sentitzen"

  • Mari Carmen Pineda Heras, Pako Rama Merino eta Rafael Martín Rodriguez “Txikerra” Erromoko (Getxo) Ibar Nagusien Etxeko kideak dira. Ekainaren 24an eraikinetik kanporatuak izateko mehatxupean daude, Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eraikina eraitsi nahi baitute, ondoren eraikiko denari bestelako erabilera emateko. RKE Romo Kultur Etxea erabiltzea eskaini diete alternatiba gisa, baina Nagusien Etxeako hainbat kideren iritziz espazio horrek ez die beren beharrizanei erantzuten; Nagusien Etxean geratu nahi dute. Hori aldarrikatuz, ekainaren 22an manifestazioa deitu du Eraistearen Aurkako Plataformak. Egun seinalatuaren bezperetan, elkarrizketa egin die Garazi Basterretxeak.

Ezkerretara, goian, Mari Carmen Pineda; behean, Pako Rama; eta eskuinetara Rafael Martín. Nagusien Etxeako beren txokorik kuttunenean atera dute argazkia: eraistearen aurkako muralaren aurrean paratu da lehena, bulegoan bigarrena, eta patioan hirugarrena. (Argazkiak: Garazi Basterretxea)

2022ko ekainaren 21an - 17:13

Mari Carmen Pineda Heras, Pako Rama Merino eta Rafael Martinez Rodriguez “Txikerra” Erromoko (Getxo) Ibar Nagusien Etxeko kideak dira. Nagusien Etxea 1935ean eraiki zuen elkarte erlijioso batek, baina gero, herriaren presioaren ondorioz udalak eskuratu zuen (%50a Bizkaiko Foru Aldundiak emana). Baina 2018an udalak bertako langileei RKE Romo Kultur Etxeara joateko eskaintza egin zien, ondoren etorriko ziren pausuak iragarriz; hots, eraikina ixtea eta eraistea. Eraikinarentzat beste plan batzuk zituen udalak: lehenik, babes ofizialeko etxebizitzak egingo zituela esan zuen, eta orain, belaunaldien arteko elkarbizitza sustatzeko zentro bat, 2. eta 3. graduko menpekotasuna duten nagusientzako egoitza eta 35 urte baino gazteagoentzako berrogei apartamentu.

2013 urtera arte udalak hitzeman zien eraikina berriztuko ziela eta lanak iraun bitartean kultur etxe berrira joango zirela, ondoren itzultzeko. Baina urte hauetan zehar planak aldatu dira eta Nagusien Etxeko kideak oztopo lasterketa bizi izan dute: sinadura bilketak egin dituzte (adibidez, eraikinaren etorkizuna bazkideek erabaki dezatela eskatzeko sinadura bilketa kalean egin behar izan zuten 2016an, momentuan Nagusien Etxeko batzordeak ez baitzien barruan egiten utzi), manifestazioak, hitzaldiak, txostenak, bilerak…. Nagusien Etxeko kudeaketan eta ekintzetan egunero parte hartzen duten gehienek zera adierazten dute: eraikina hustu eta eraisteko erabakiak ez dituela auzoko nagusien beharrak kontuan hartzen, eta eurek nahi duten gauza bakarra dela gustatzen zaiena egin ahal izateko biltzen jarraitu eta non egon nahi duten eta zelan bizi nahi duten erabaki.

Ekainaren 24an eraikinetik kanporatuko dituztenaren mehatxua dute, nahiz eta joan den maiatzaren 8an herri galdeketa egin zuten auzoan eta 1.500 pertsonatik %98ak eraistearen aurka bozkatu zuen. Horretaz gain, duela hilabete batzuk eraikina mantentzearen aldeko 4.000 sinadura ere aurkeztu zituzten. Ez da mehatxua jaso duten lehen aldia, 2018ko maiatzean hogei eguneko itxialdia egin zuten eta espazioa zabalik mantentzea lortu zuten. Ordutik Nagusien Etxeak martxan jarraitzen du bertan lan egiten duten boluntarioei eta egunero espazio hori habitatzen duten bazkideei esker.

Pako, Mari Carmen eta Rafa, zuek Nagusien Etxeko egunerokoaren parte zarete eta behin eta berriz azpimarratzen duzue horrela deitzearen garrantzia, “Nagusien Etxea”, zuen etxea. Zerk egiten du etxe hau zuen etxe?

Pako Rama: Uste dut leku hau gure etxe bilakatzen duena pertsonak direla. Denak boluntario direnez eta nahi dutelako etortzen direnez, nolabaiteko hurbiltasuna ematen da jendearen artean. Jendea hona etortzen da haiek bezalako pertsonak aurkitzen dituztelako, maitatuak sentitzen direlako, pertsona bezala onartuak, ez bakarrik zenbaki bat izango balira bezala edo pertsona nagusi bezala.

Rafa Martín: Adibidez, bazeuden bi gizon sarreran esertzen zirenak eta hor egoten zirenak egun guztia, jendeari begira. Norbait euren alboan esertzen bazen hitz egiten zuten, baina hor egoten ziren, besterik gabe, eroso, euren etxean.

Rama: Euretariko bat semeak ekartzen zuen goizean, eta ixteko orduan bere bila etortzen zen. Azken momentura arte gelditu nahi zuen hemen.

Mari Carmen Pineda: Nagusien Etxean jendearekin egoten gara, kafe bat hartzen dugu eta elkarri mesedeak egiten dizkiogu. Hona etorri da nire ama, nire seme-alabak haurtzaindegira etortzen ziren eta orain ni etortzen naiz. Nire ama etortzen zenean, gauetan lanetik irtetean bere bila etortzen nintzen eta tarte batez egoten nintzen. Igandeetan ere etortzen nintzen kartetan jokatzera. Lan egiten nuenean gutxiago etortzen nintzen, baina erretiratu nintzenean berriro itzuli nintzen, ez dut gustuko egun osoa etxean egotea, hona etortzea gustatzen zait eta jendearekin hitz egitea.

Pineda Nagusien Etxeako patioan. Lehen argazkia 1988koa da, Nagusien Etxea garbitzen lan egiten zuenekoa, eta bigarrena elkarrizketaren egunean ateratakoa (Argazkiak: lehena Mari Carmenek elkarrizketara ekarriatakoa eta bigarrena Garazi Basterretxeak ateratakoa)

Martín: RKE zabaldu zutenean udaletik jende askori deitu zioten Nagusien Etxea itxita zegoela esanez. Norbaitek hona deitzen zuenean deia udalera desbideratuta zegoen eta gauza bera esaten zieten. Boikot kanpaina egin zuten: komunak ataskatzeko papera sartu zuten, ateko kisketa ixten zuten jendeak kanpotik pentsatzeko itxita zegoela… Askotan, nagusiak manipulatu egiten dira erakundeetatik, baina ahotsa altxatzen dutenean eta esaten dutenean “hau da nahi dudana”, ezetz esaten zaie ez badator botereak nahi duen horrekin. PSEk eraistearen aurkako kanpaina egin zuen, baina orain EAJrekin elkartu eta alde daude, zelan izan daiteke hori? Zelan izan dezake horrek legitimitaterik?

Pineda: Adineko asko etxean gelditu dira, eta pandemia eta gero askoz txarrago. Jende asko ez doa RKEra ez dutelako hirugarren solairu horretan egoteko lekurik. Nik uste dut RKE sortu zutenean ez zirela gutaz gogoratu. Bertan sartzen gaituzte ardiak bezala, kabitzen direnak eta heldu ahal direnak joaten dira, eta gainontzekoak euren etxeetan gelditzen dira. Nik defendatu nahi dudana hau da, Nagusien Etxea, jendeak hona etortzen jarraitu ahal izatea; eta alboan eguneko zentroa izan ahal badugu, askoz hobeto, hau ez baita eguneko zentroa, kontzeptu desberdinak dira Nagusien Etxea eta Eguneko Zentroa.

Zergatik uste duzue dela garrantzitsua pertsona nagusiek sentitzea hau euren etxea dela?

Martín: Badago gauza bat oso garrantzitsua dena. Urteak betetzen ditugun heinean familia-kideak eta lagunak galtzen ditugu. Bakardade ez desiratua ez da tontakeria, oso gauza serioa da, jendea hona etortzea eta euren taldea izatea oinarrizkoa da.

Pineda: Ni pandemian bakarrik egon naiz etxean hilabete batzuk. Gaztetxekoek asko lagundu zidaten behar nuena etxera ekarriz, seme-alabekin bideo-deiak egiten nituen kanpoan bizi direlako, baina bestela bakarrik egoten nintzen. Hona etortzeko desiratzen nengoen, hemengo jendearekin egoteko. Pandemia eta gero espazio zabalak eta irekiak behar ditugu, aireztatze egokiak, eta RKE ez da horretarako egokia.

Rafael Martín: "Bakardade ez desiratua ez da tontakeria, oso gauza serioa da, jendea hona etortzea eta euren taldea izatea oinarrizkoa da"

Martín: RKEko leihoak zabaltzeko atezainak zabaldu behar ditu txartel batez, sartzeko ateak berdin, eta espazioak oso txikiak dira. Gainera, udalak zerbitzuen logikari jarraituz antolatu du: ekintza bat antolatzen badute 30 pertsonentzako eta 60k ematen badute izena, erdia kanpoan geldituko da eta ez da ezer gertatuko. Gu saiatzen gara jende guztiarentzako lekua bermatzen. Horretaz gain, nagusien intereseko gaiak jorratzen ditugu hitzaldi eta ikastaroen bidez: bakardade ez desiratua, nagusien sexualitateak, adinkeria, zaharrek pairatzen dituzten tratu txarrak, zahar-egoitzak… hausnartzeko eta kritiko izateko gaiak, hain zuzen ere.

Eta zergatik uste duzue nahi duela udalak Nagusien Etxea eraitsi eta zuek RKEra joan zaiteztela?

Rama: EAJk urteak daramatza eraikin hau eraitsi nahian proiektu desberdinekin. Getxo eraikin handiz bete nahi dute, modernitatearen ikur. Ez dira lotsatzen, historiaren eta memoriaren zati handi bat ezabatuko dute, baina berdin die.

Martín: Gauza desberdinak proposatzen dituzte, eta horiek komunean duten bakarra eraikina eraistea eta berria eraikitzea da, dirua ematen duena hori delako. Horrelako lan bat egiten den bakoitzean “ustez” dirua lortzen du alderdiak, eta uste dut hemen hori funtsezkoa dela. Gogoratu dezagun 2005ean Maragall Kataluniako parlamentuan.

Pineda: Orain aldundiak kudeatuko du espazioa. Udalerriaz gogoratuko al dira? Bizkaia osoko jendea etorriko da egoitza honetara, ez da Getxoko jendearentzako proiektua.

Martín: Santa Eugeniako eskolak bota zituzten, birritan saiatu dira Etxe Merkeak botatzen, nahiz eta ondare historikoa izan, auzoaren bilakaera –batez ere herriko jendearena– islatzen duena. Ez dute horretarako sentsibilitaterik. Aldundiaren berrizterako proiektua irabazi zuten arkitektoek zera esan zuten 2014an Deian: balioa duena eraisteak ez duela zentzutik. 2015ean Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak egindako proiektu bat aurkeztu genuen; bertan esaten zuten Etxe Merkeak, Nagusien Etxea, Euskaltegia eta eliza auzoko herrigunea direla eta eraitsi baino, berriztu beharko liratekeela; izan ere, euren egitura egoera onean dago eta herriaren ondare dira. Udalekoek teoria jakingo dute, baina gero ez dute praktikan aplikatzen.

Pako Rama: "Historiaren eta memoriaren zati handi bat ezabatuko dute, baina berdin die"

Pineda: Nik ere espekulazio hutsa dela uste dut. Guk egoitza hau Getxo II eraikinean egiteko proposamena bidali genien eta esan zuten ez zutela jaso.

Martín: Arkitektoen Elkargoko txostena ez zitzaiela heldu ere esan didate niri. Nik neuk aurkeztu nuen hirigintza sailean, zinegotziei, eta HAPO planaren berrikusketa izan zenean.

Zelakoa da Nagusien Etxea barrutik? Zein ekintza dituzue eta zelan antolatzen da espazioa?

Rama: Badaude edonor sar daitekeen lekuak: gimnasioa, patioa, telebista gela, irakurketa gela. Beheko gela handia erabilera anitzekoa da, ekintza desberdinak antolatzen dira: gimnasia, taichi, antzerkia, bingoa, zinema; hau da, espazio handia eskatzen duten gauzak. Ordu horietan ezin da inor gehiago sartu. Jendea espazioetan antolatzen da, etxean bezala mugitzen da, ekintzarik ez badago edonon egon daitezke.

Nagusien Etxeako bazkideak, lekualdatzea bazkideek erabaki ala ez bozkatzeko asanbladan (Argazkia: Nagusien Etxeko artxiboa)

Martín: Nagusien etxeko ekintzak zuzendaritza batzordeak antolatzen ditu, bazkideen proposamenak kontuan hartuz. Oso garrantzitsua da nagusientzat eurek izatea egingo dituzten ekintza erabakiko dutenak; horrek garrantzitsu sentiarazten ditu, talde aktibo baten parte eta ez zenbaki huts. Erakundeetatik nagusioi ekintzak modu inpertsonalean eskaintzen zaizkigu, ez digute horiek diseinatzen eta antolatzen uzten, dena eginda eman behar digutela uste dute eta ez gara baloratuak sentitzen.

Eta zelan egin daiteke hori RKEn? Posible ikusten duzue guzti hori eraikin berrian egitea?

Martín: Ilea-paindegia, podologoa eta fisioterapia bezalako zerbitzuak orain RKEn daude. 2018an bertan lan egiteko proposamena egin zieten, nahiz eta gurekin kontratua izan abendura arte. Ondoren esan ziguten ezin zirela zerbitzuak bikoiztu, bestelako profesionalik kontratatu ez genezan, eta hori eskaintzeko aukerarik gabe utzi gintuzten. Nagusi askok esaten dute RKE espazio hotza dela, bulegoz betetako eraikina bezalakoa, eta ez duela gureak duen esentzia.

Rafael Martín: "Oso garrantzitsua da nagusientzat eurek izatea egingo dituzten ekintza erabakiko dutenak; horrek garrantzitsu sentiarazten ditu, talde aktibo baten parte eta ez zenbaki huts"

Rama: Hemen egunean egiten den azken gimnasia klasea mugikortasun murriztua duen jendearentzat da, batzuk gurpildun aulkian etortzen dira, beste batzuk lagunduta… RKEra heltzeko igogailua hartu behar dute eta egunen batean funtzionatzen ez badu, ezingo dira sartu. Behin eta berriz esaten digute eta medioetan argitaratzen dute Getxoko biztanleriaren %30a inguruk 60 urte baino gehiago dituela, baina pertsona horiek ekintzak egiteko espazioak murrizten dituzte. Nagusien Etxean ekintzak egiteko espazioak daude eta gero gela amankomunetara joan zaitezke, eta bertan zuk erabakitzen duzu zer egin. Niretzat eraikin honetan garrantzitsuena hemengo partaide garenaren sentimendua da, hau gure etxea da.

Udalak belaunaldien arteko harremanak sustatu nahi ditu proiektu berriaren. Tarte batez gaztetxeko gazteak alboko eraikinean egon ziren eta desalojatu zituzten. Zelako harremana zenuten eurekin?

Martín: Gaztetxeko gazteak alboan izan genituenean askotan elkartzen ginen. Hona etortzen ziren, patiora, tabernara, hitzaldietan parte hartzen zuten, inauterietako dantzaldian, irakurketa gelan egoten ziren. Elkarbizitza oso atsegina zen, gure kideak ziren. 2018ko itxialdian gurekin egon ziren, gitarra jotzen zuten, abesten zuten, marmitakoa prestatu ziguten, baita bestelako bazkariak ere…

Rama: Gutxi iraun zuen arin bota zituztelako, eta akabo belaunaldien arteko harremana. Baina hemen harreman hori egunero eman daiteke, hau zabalik dugulako. Gu gara espazioa kudeatzen dugunak eta uste dugu leku hau Erromoko jendearen erabilerarako izan behar dela. Itzubaltzetako Emakume Asanbladak hemen egin zituen jardunaldi feministak, eta aurten Erromoko emakumeen bazkaria hemen ospatu da. Erromo Kantarikoak, elizakoak…. Baina udalaren helburua belaunaldien arteko harremana Europako ereduei jarraituz egitea da, eta hori da Europan saldu dutena eta horregatik eman diete eman dieten diru-kopurua. Guk, ordea, ez dugu argi ikusten zer nolako harremana emango den 2. eta 3. graduko menpekotasuna duten nagusien eta 35 urte baino gutxiagoko gazteen artean.

Eta zein aztarna utzi dizkizue zuei leku honek gorputzetan? Zer sentitzen duzue hona sartzen zaretenean?

Rama: Gela guztiek euren berezitasunak dituzte, euren usainak, euren soinuak. Hemen soinuak pertsonen ahotsak dira. Ni orain Bilbotik etorri naiz eta Simon eta Lanza entzun ditut, hemen egunero egoten diren bi laguntzaile, tabernan eztabaidatzen. Ahots horiek espazio honekin lotzen ditut eta eurek entzuteak pozik sentiarazten nau. Gauza horiek dira leku honek ematen didatena, pertsonak eta euren ahotsak.

Pineda: Patiora atera eta aire garbia arnasten duzu, txoriak entzuten dituzu, baita kaioak ere batzuetan. Hona etortzen dira gu bisitatzera eta alde egiten dute [barre egiten dute]. Sentsazioak dira.

Martín: Niri eta beste pertsona askori bake sentsazioa sortzen digu leku honek, geure giroan gaude, geure jendearekin, kamaradak gara, lagunak.

Ahotsez ari garela, lehen esan didazue abesbatza sortu duzuela hemen. Pako eta Mari Carmen bertako partaide zarete, eta gainera Mari Carmenek idatzitako kantua abesten duzue, leku honen omenez sortua.

Pineda: Bai, zoriontsu sentiarazten nauen kantua da. Pandemian idatzi nuen. Nire herrira joan nintzen eta ezin nintzen itzuli, mugak itxi zituztelako. Urriaren 1ean pertsona nagusien eguna da, eta hemen ospatuko zutenez, pentsatu nuen: zer egin dezaket Nagusien Etxeari ikusgarritasuna emateko? Lau lerro idatzi nituen, abestu nituen nik bakarrik etxean, eta irakasleari bidali nizkion. Gero, denek abestu zuten. Oso pozik jarri nintzen, oso zoriontsu, nik sentitzen nuena islatu nuelako eta orain guztiok abesten dugulako. Nik horrela egiten dut protesta, beste modu batzuetan ezin baitut.

Mari Carmen Pineda: " Lau lerro idatzi nituen, abestu nituen nik bakarrik etxean, eta irakasleari bidali nizkion. Gero, denek abestu zuten. Oso pozik jarri nintzen, oso zoriontsu, nik sentitzen nuena islatu nuelako eta orain guztiok abesten dugulako. Nik horrela egiten dut protesta, beste modu batzuetan ezin baitut"

Rama:Ibar Nagusiko abesbatza gara / nagusiak baina ilusioz beteak / abestea eta zuek poztea / gure lelo eta harrotasuna / alde egiteko esaten digute / baina hemen diraugu / geure adinak sentiarazten digun / indarrez eusten”.

Lekua eraitsi nahi dute, baina lekuaren barruan, esan bezala, ahotsak daude, memoria… Zer ekarriko lioke eraisteak Erromo auzoari?

Martín: Nik uste du tristura sortuko diola, sentsazio mingotsa, oroitzapen asko dituen leku bat galtzea, eta horrekin batera norbere oroitzapenak, kide eta lagunen oroitzapenak…

Rama: Nik kontrako ikuspegiak ditut. Badago gure alde dagoen jendea, baina badago ere paso egiten duen jende asko. Ez dut uste hau Nagusien Etxearekin bakarrik gertatzen denik, jendartean nolabaiteko jarrera konformista nahiko errotuta dagoela uste dut. Badakigu jendartean hori dagoela, baina guk leku honen alde borrokatuko dugu.

Espazio honen barruan ere ari da hori gertatzen?

Rama: Elkartean egongo da eraisteak axola ez dion jendea, eta hori onartuko dugu. Batzuek udalarekin negoziatu nahiko dute, baina gehiengoa aurka gaude.

Pineda: Badago axola ez dion jendea, hemen gauden bitartean hemen egongo dena eta gero hara joango dena. Hasieran lau gauza esango dituzte, baina gero gauzak ahaztu egiten dira.

75 urte baino gehiagokoen bazkaria eta gero, jendea patioan. Sariak eta musika egon ziren (Argazkia: Nagusien Etxeko artxiboa)

Rama: Borroken arazoa askotan hori izaten da, jendea gauzetara moldatzen dela eta ahaztuz joaten dela.

Astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 12:30etara, biribilean ibiltzen zarete Xake plazan, isilik. Zergatik erabaki zenuten modu horretan manifestatzea? Zer esaten dizue jendeak?

Martín: Hasieran pentsatu genuen egunero lau pertsona desberdin ateratzea mozorrotuta, baina batzuei lotsa ematen zien. Orduan erabaki genuen txaleko horia jantzi eta musika jartzea, hortik pasatzen direnei atentzioa emateko. Azken egun hauetan ordu erdia amaitzean “Eraisketari ez! Eguneko zentroari bai!” oihukatzen dugu. Gu ez gaude jendea RKEra joatearen aurka, pertsona bakoitza eroso sentitzen den lekura joateko aske da, eskatzen dugun bakarra tratu bera da, hemen jarraitzen utz diezagutela.

Pineda: Guk eskatzen duguna da hau utz dezatela eta alboko eraikinean eguneko zentroa egin dezatela, elkarrekin egon ahal izateko. Goiko partea erabili dezakete behar dutenerako, baina geure lekua mantendu nahi dugu.

Rama: Horrela hasi ginen mobilizatzen, baina gero jende gehiago etorri zen eta orain 25-30 pertsona artean egoten gara egunero; urte eta erdi daramagu. Egunero jende gehien egoten den leku horretan, Xake plazan, gure borroka ikustaraztea da helburua. Protestatzeko modu hori Argentinako Plaza de Mayoko emakumeengan inspiratuz aukeratu genuen, hasieran zapiak ere eramaten genituen.

Ekainaren 24an espaziotik botako zaituztela dioen mehatxua duzue. Zer egingo duzue egun horietan? Zelako erantzuna jaso duzue auzoan?

Martín: Ni oso bibrazio positiboak ari naiz somatzen. Entzun dut eraisketaren aurrean talde desberdinak daudela auzoan antolatuta, gazteak eta Eraisketaren Aurkako Plataforma hasi dira elkarrekin gauzak egiten. Jokoak egongo dira, musika, bazkaria, eta batez ere, eraistearen aurka dagoen jendea egongo da, kidetasuna. 22an 20.00etan Eraistearen Aurkako Plataformak manifestazioa deitu du guztion artean geure etxea defendatzeko.

Zein bide ikusten dituzue Nagusien Etxea eraitsiko balute, pertsona nagusiek elkarrekin topo egiten, gozatzen, desiratzen, amesten, eusten, barre egiten… bizitzen jarraitu dezazuen?

Martín: Nik oso zail ikusten dut, eta hain zuzen ere horregatik, leku honi eusten diogu, pertsona nagusiontzako luxua delako; ez bakarrik guretzat, baita etorriko direnentzat ere. Auzoan ezinezkoa da horrelako beste espazio bat lortzea.

Rama: Oso zaila da. Zuzendaritza Batzordean gauden askok uste dugu elkarteak jarraitu beharko duela, uste dugulako egiten dugun lana pertsona nagusiontzat ona dela. Eta azkenean hau botatzen badute, zer? Irudimena erabiliko dugu, orain arte egin izan dugun bezala. Jendearen babesarekin, eta batez ere espazioa egunero zabalik mantentzen duten eta ekintzekin jarraitzea ahalbidetzen duten boluntarioekin.

Pineda: Nik pentsatu nahi dut ez gaituztela botako, baikorra izan nahi dut azken unera arte, baina botatzen bagaituzte irudimena erabiliko dugu.

Egunero Xake Plazan egiten duten manifestazioetako bat (Argazkia: Garazi Basterretxea)

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gizartea
2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Palestinaren aldeko unibertsitate-sarea

EHUk Tel Aviv-eko unibertsitatearekin etorkizuneko lankidetzarako bideak ahalbidetzen dituen zibersegurtasuneko katedra bat sortu izanaren harira, bertako langileok interpelatuak izan gara hainbat lekutatik, eta esan beharra dut neurri handi batean lotsatuta sentitu naizela,... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude