EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak, ELAk, LABek eta Satorralaiak Donostiako metroko obrak gelditzeko eskatu dute

  • Donostiako Kontxa hondartzatik gertu dagoen Zubieta kalean metroko obretan berriro ere zulo bat agertu da astearte goizean. Horren harira, hainbat sindikatu, alderdi eta kolektibok obrak berehala gelditzea eskatu diote Eneko Goia Donostiako alkateari. 

Zubieta kalean agertutako zuloak alarma guztiak piztu ditu Donostiako metroaren obren inguruan (argazkia: Donostitik).

2020ko azaroaren 18an - 11:13

Donostiako Zubieta kaleko bizilagunak etxe aurrean beste zulo batekin esnatu dira astearte goizean. Bi metro inguruko diametroa du zuloak eta Euskal Trenbide Sareak (ETS) aitortu duenez, lotura du ekainaren 5ean eremu horretan metroaren lurpeko igarobidearen obren ondorioz agertutako antzeko beste arazo batekin. Gertakaria ikusita, EH Bildu eta Ahal Dugu udal taldeek, LAB eta ELA sindikatuek eta Satorralaia kolektiboak eskatu dute obrak berehala geldi ditzatela.

Donostiako EH Bildu udal taldeko bozaramaile Reyes Carrere gertakariaren tokira joan da eta alderdiaren Twitter kontuan ikusgai dagoen bideoan, alkatea kritikatu du "erantzukizunik" hartu ez duelako. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuaren agerraldia ere eskatu du Eusko Legebiltzarrean. ”Bizilagunen artean beldurra dago. Hilabete hauetan izandako arduragabekeriaren emaitza da: Eneko Goiak eta Iñaki Arriolak, behingoz, erantzukizun politikoak hartu behar dituzte". Carrerek bestalde, ekainaren 5ean ere obren ondorioz kale berean izan zituzten ezbeharrak ekarri ditu gogora: "Ez da lehen aldia honelako ezbeharren bat gertatzen dena. Ez da kasualitatea". 

Aitzole Araneta Elkarrekin Donostiaren bozeramaileak kritikatu du "urrats bat gehiago ez ematea" premiazko auditoria bat egin arte, lan horien "lardaskeria argitzeko". Lanak geldituta daudela agertu da zulo berria, eta horrek agerian uzten du inguruko lurzoruan egindako kaltea lehenagotik egina dagoela. Aranetak azaldu duenez: "Euskal Trenbide Sareak (ETS) ez zekien, eta hori larria da, edo bazekien eta ez du ezer esan, are larriagoa dena".

Igor San Jose ELAko eraikuntza alorreko arduradunak jakinarazi du metroak eragin duen bigarren zulo honek 30 metroko sakonera duela eta lotsagarria iruditzen zaiola lehenago detektatu ez izana. Sindikatuaren ustez, "lanean eta segurtasunean irregulartasun asko" egon dela erakusten du gertakari berri honek.

LAB sindikatuak adierazi du metroko lanak "arriskutsuak" bihurtu direla langileen segurtasunerako, eta azken zulo horrek "tunelaren lurra sendotzeko ezintasuna" agerian uzten duela eta beraz, litekeena dela berriro agertzea. Gaineratu du 11,3 milioi euro gutxiagoan esleitu zirela obrak eta, horren ondorioz, "%70 eta %100 arteko gainkostua" izango duela obrak, "donostiarrek ordainduko dutena", horietako asko lanik gabe geratu diren edo aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten eraginpean dauden une batean. Sindikatu abertzaleak "balio sozialik gabeko" obra "faraonikoa" bertan behera uzteko beharra defendatu du, herritarrek ez dutelako horrelakorik eskatu.

Satorralaia plataformak berriz, azaldu du sortutako arazoek erakusten dutela proiektua "ezjakintasunez eta begirunerik gabe" diseinatu dela. "Hiriko eta Amara auzoko lurzorua ezegonkortzeko arriskuei dagokienez, hiriko hareatza flubikomarealetan finkatuta baitaude". Eragile honen ustez, ez dute ezertarako balio izan abuztuaz geroztik Kontxako hondartzaren zorupeko hegaletatik egin diren hormigoizko injekzioek eta "7 milioi euro gastatu dituzte" horretan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako metroa?
Metroaren lanen ondorioz, atzo Donostiako eraikin batetik erlaitz eta balkoi zatiak erori zirela salatu dute

Satorralaiak mugimenduak azaldu duenez, asteazken eguerdian gertatu da Urbieta eta San Martin kaleetan. Eraikina joan den urtarrilean kalteak jasan zituen beste eraikin baten alboan dago.


Donostiako metroaren lanek eraikin batean eragindako pitzadura salatu du Satorralaiak

Donostiako Zubieta kaleko eragin baten patioan agertutako arrakala "itzel" gisa deskribatu du mugimenduak. Lanak hasi zirenetik bost urte igaro direnean, Donostiako metroaren eraikuntzan egiten ari den "baliabide publikoen xahuketa etengabea" eta obra... [+]


Metroaren lanek beste pitzadura bat eragin dutela salatu du Satorralaiak

Satorralaia bizilagunen mugimenduak Donostiako Metroaren eraikuntza lanek Loiola kalearen eta San Martinen arteko izkinan dagoen eraikinean –Erviti musika denda zegoen tokian– eragindako kalteak salatu ditu.


2021-09-15 | ARGIA
Eusko Jaurlaritza Donostiako metroaren pasantearen lanek kaltetutako bizilagunak "isilarazten" ahalegintzen ari dela salatu du EH Bilduk

Donostiako metroaren lanetan kaltetutako Zarautz hiribideko eta Zubieta kaleko eraikinetako hainbat bizilaguni kalte-ordainak eskaini dizkiete gutun bidez. Donostiako EH Bilduk salatu du haiek "isilarazteko" saiakera dela.


2021-09-02 | ARGIA
Xabier Albistur, Donostiako alkate-ohia: “Metroa alferrikako obra da”

Donostiako alkate izandako Xabier Albisturrek metroaren egungo obren kontrako iritzia azaldu du Diario Vasco egunkariak egindako elkarrizketa batean. Bere ustez proiektua ez da nahikoa “anbiziotsua, obrak suposatzen duen inbertsiorako”.


Eguneraketa berriak daude