Basotik farmaziara

  • Luzea, fina eta iluna da eskulapioren sugea. Arre-beltz kolorekoa izan ohi da, orban txiki zurixkak ditu gorputzaren aldeetara, eta hargatik, agian, pertsona batzuen begietara beldurgarri itxura hartzen du. Buru fina du, eta lepoaldean horizta edo krema kolorea, bereizgarri gisa. Bere luzetasun eta iluntasun horretan, ordea, eskulapioren sugeak arriskutsutik gutxi du. Izan ere, pozoirik ez du, sugegorriak ez bezala.


2024ko otsailaren 12an - 07:22
Argazkia: Egoitz Alkorta Miranda.
Eskulapioren sugea (Zamenis longissimus)

Taldea: Ornoduna/Narrastia.

Neurria: 150 cm gehienez.

Non bizi da? Basoan eta belardi inguruetan.

Zer jaten du? Ugaztun eta hegazti txikiak.

Marea gorrien sortzaile da: Europa mailan babestua.

Pozoirik ez, eta leku askotan fama ona! Hala iritsi da eskulapioren sugea mundu osoko farmazietara. Izan ere, botiken ikur ezagunean agertzen den sugea da. Greziarrek eman zioten izen ona, Asklepio medikuari gaixo bat sendatzen lagundu ziolakoan, eta horrela iritsi zen ikur ezagunaren parte izatera. Euskal Herriko farmazietan ez ezik, ordea, eskulapioren sugea bertako basoetan ere aurki dezakegu. Ez ikur moduan, baizik eta hezur-haragizko narrasti. Izan ere, suge honek basoak ditu gustuko batez ere. Arbolen arteko argi-itzaletan ibiltzen da, eguzkia sartzen den guneetan gorputza berotuz eta landaretza eta harri arteetan ezkutatuz.

Saguak, arratoiak, eta orokorrean, ugaztun txikiak jaten ditu, baina hegazti habia bila ere ibiltzen da. Hargatik, eskalatzaile finaren fama ere badu. Landaretzan eta arboletan gora ikusi izan da hainbatetan, txiten atzetik: horiek mokadu ona izango ditu, halako tamaina handiko sugeak jatena ere behar duelako gorputza mantentzeko.

Basoan ez ezik, zelai eta horma zaharren inguruan ere topa daiteke maiz. Beraz, esan daiteke hainbat habitatetan ondo moldatzen den espeziea dela. Bere kontserbazio egoera zein den jakitea zaila den arren, badirudi nahiko ugaria dela Euskal Herri atlantikoan. Urtero-urtero hainbat aleren aipuak izan ohi dira, bai mendizaleen behaketei esker, bai, zoritxarrez, errepidean harrapatuak izaten direlako. Izan ere, maiatza inguruan, suge honen ugal garaiarekin batera, bere aktibitate handiena hasten da, eta hor izaten dira behaketa gehientsuenak. Ikerketa gehiago beharko litzateke eskulapioren sugea hobeto ezagutzeko. Are gehiago, kontuan izanda, Europa mailan babestua dagoen espeziea dela.

Helduen eta gazteen artean aldea nabarmena izan ohi da eta horrek nahasdura sortzen du pertsona batzuen artean. Eskulapioren suge gaztea heldua baino argixeagoa izaten da, hori puntu nabarmenagoekin, batez ere lepoaren atzealdean, eta horrek, zenbaitetan, suge gorbatadun gaztearekin nahastea ekartzen du, aditua ez denaren begietara.

Kontuak kontu, eskulapioren sugea, gaztea zein heldua, ezagutzen duten baserritarrek gustura asko utzi izan dute hura bizirik baratze inguruetan. Izan ere, zer hobeagorik inguruko ugaztun txikiak jango dizkizun zaindari eder bat edukitzea baino?

Beste behin ere, ezagutzan dago gakoa. Sugeen dibulgazioan eta horien identifikazioan ahaleginak egin beharko lirateke, bai hankarik gabeko narrasti hauen kontserbazioari begira, bai biodibertsitatearen onerako ere. Ezagutzen hasten garenean hasiko baikara horiek errespetatzen, eta noski, suge bat ikusteak sortzen duen momentuko zirraraz gozatzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: A ze fauna!
2024-05-14 | Iñaki Sanz-Azkue
Dragoitxo arrunta eta klima aldaketa: etsaia lagun duzunean...

Euskal Herriko gune batzuetan bizilagun ezaguna dute jada dragoitxo arrunta. Nafarroa hegoaldean, esaterako, urteak daramatza (gutxienez 1980ko hamarkadatik) bertako hormetan eta etxe inguruetan gora eta behera, batez ere gau partean, argia duten inguruetan, jatena non... [+]


Itzaltzen ari zaigun argia

Urte batzuk ditugunok (nire kasuan, mordoska) sarritan entzun izan diegu gure guraso eta senitarteko helduenei garai bateko ikuskizun harrigarri baten berri. Ipuin baten gertatuko balitz bezala, larreak “argi txikiz” apaintzen zirela maiatza inguruko gau garbietan... [+]


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


2024-04-22 | Eneko B. Otamendi
Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


Eguneraketa berriak daude