Lurreko bi heren baino gehiago ura da; ur horretatik %96, ozeanoetako ur gazia. Eguzki izpiak ozeanoetako lehen 200 metroko sakonerara heltzen dira, eta bertan bizi dira munduko arrantza industriak ustiatzen dituen espezie ia guztiak. Aitzitik, zientziak gehiago erreparatu izan die Ilargiari nahiz Marteri, sakonera handiagotako eremu ilunari baino, ozeanoen bolumenaren %90 baino gehiago den arren. 200 eta 1.000 metroko sakonera bitartean, “eremu mesopelagikoa” dago, “ilunabar eremu” ere izendatua. Bertan, egunez iluntasuna erabatekoa ez bada ere, fotosintesia ezinezkoa da, eta beraz, ez dago fitoplanktonik; baina bizitza egon, badago, argi dirdirek adierazten duten moduan.
Aipatu eremuan, fotoforo deituriko organoei esker (bioluminiszentziaz) argia sortzeko gaitasuna duten arrain gehienak Miktofidoen familiakoak dira, “ilunabar-arrain” edo “linterna-arrain” modura izendatuak. Argi dirdirak komunikaziorako ezinbesteko dituzte: besteak beste, sardatan elkartzeko, edo ugalketarako.
Ilunabar-arrainek “eguneko migrazio bertikala” burutzen dute: egunean zehar, “eremu batipelagikoan” egon ohi dira, sakonera handiko ur hotzetan (4–7 gradutara), iluntasunaren babesean. Ilunabarrarekin batera, ordea, arrainok “eremu epipelagikora” igotzen dira, 100 metroko sakonerara edo ur azaletik are gertuago. Estrategia horri esker, egunean zehar harrapakariengandik urrun daude eta gauez, zooplanktonaren migrazio bertikala jarraituko dute, elikadura-iturri aberats horren bila.
Ezezagunak bezain ugariak, haien biomasa 10.000 milioi tonakoa izan daiteke; sakonera handiko arrain guztien biomasaren %65. Datuokin hotz geratu denarentzat, hona hemen beste ikuspuntu bat: munduko biztanle bakoitzeko, 1,3 tona arrain; hamar bider, mundu osoan egun ustiatzen den arrain kopuru totala, edo gehiago. Ezagutza handitu ahala zenbakiok ere gehiago handituko diren ustean –oraindik milioitik gora espezie deskribatzear daudela uste da–, dakigunarekin jada Lurreko ornodun guztien artean hedatuen dauden animaliez ari gara. Bigarren Mundu Gerran garatutako sonarrek nahiko lan izan zuten, itsas hondoa arrainon igeri-maskurien gasak islatzen zuen geruza mugikorrarekin bereizteko; harrezkero, “hondo faltsu” modura izendatzen da animaliok islatutako geruza. Duten eskala ikusita, ilunabar-arrainek arrantza-ustiapenerako interesa piztu dutela esan beharrik ez dago. Alta, egun ez dago haiei zuzendutako arrantza-araudirik, eta haien ugaritasuna modu fidagarrian zehaztu ezean, zaila izango da haien ustiapenerako kudeaketa jasangarria aurreikustea. Arrainok ozeanotako elikadura-katean jokatu dezaketen papera, nahiz klimaren erregulaziorako izan dezaketena, uste baino garrantzitsuagoa izan daiteke, elikagai modura izan dezaketen balioa baino handiagoa. Izan ere, eguneko migrazio bertikalean planktonaz elikatzen diren heinean, karbonoa itsas hondora garraiatzen dute; asko. Horrek atmosferaren karbonoa itsas hondora garraiatzea dakar eta berotegi efektuan CO2ak duen eragina hein batean arintzen du.
Kontu handiz ibili beharko dugu, beraz, arrainok betetzen dituzten funtzio ekologikoak hankaz gora jarri nahi ez baditugu. Ozeano Barean, badaezpada, Ameriketako Estatu Batuek jada hauen arrantza debekatu dute. Baina ikusteko dago, iluntasuna argitzeko gai diren animaliok zaindu eta baloratu beharrean, txikitzeko joerari eusteko gai izango ote garen. Gutxi batzuen irabazien ordainetan, kalteak guztiok ordainduko ditugulako, beti bezala. Kalteak ordea, uste baino larriagoak izan daitezke, ezin baititugu neurtu.
ILUNABAR ARRAINA EDO LINTERNA ARRAINA (Myctophidae familia)
TALDEA: Ornoduna/Arraina.
NEURRIA: 10-15 cm.
NON BIZI DA? Mundu osoko eremu mesopelagikoan: 200–1.000 metroko sakoneran egunez, sakonera txikiagoetan gauez (eguneko migrazio bertikala burututa).
ZER JATEN DU? Zooplanktona.
BABES MAILA: Ez dago babestua.
Askorentzat uda soinuaren egilea da hegazti hori eta, seguruenik, hau dela eta mila izen ditu Euskal Herrian. Hauetako batzuek bere ‘txrriiii-txrrriiii-txrriii’ kantu deigarriari egiten diote erreferentzia: txirritxori, zirringilo, irrigo edo kirrilo, adibidez. Beste... [+]
Gorputzeko ezkatak kolore berde bizikoak ditu; biziak eta deigarriak. Eta horiekin nahasten dira, sare bat osatuko balute bezala, orban beltzak, bizkar osoan zehar. Gizakiaren begietara gardatxoa gardatxo egiten duena, ordea, saihetsean aurkituko dugu. Bertan, lerrokatuta,... [+]
Haurtzaroan, lursailen batean, parkeren batean edo baserri giroko lurretan sarritan izaten genituen “txitxareak” eskuartean… Jolas guneak gero eta artifizialagoak diren garai hauetan ordea, zaila da hiri nahiz herri-guneetan halakoak topatzea. Baina itsasoko... [+]
Kaxalotea edo zeroia (Physeter macrocephalus) munduko horzdun zetazeo handiena da, eta baita munduko horzdun animalia handiena ere. Beheko barailan soilik ikusten zaizkio hortzak, baina bakoitzak kilo bateko pisua izan dezake. Izatez, ez dago oso argi zertarako erabiltzen dituen... [+]
Gure hondartzak marrazoz beterik daude. Igerilariak lasai egon, kostaldean 100-200 metroko sakoneran ditugun hondartza zabalez ari bainaiz. Bertan bizi da Atlantikoko marrazo ugariena eta txikiena.
Anbotoko Mari ezagutzen dugu askok, Aralarko dama, Aketegiko dama eta beste izen ugariz ere ezaguna dena. Amalur izaki gorputza hartua da Mari, gure jainkosa, euskaldunon artean ezaguna. Soineko apainez jantzitako andere bezala aurkezten da herri askotan. Baina nor ote da Mari... [+]
Gaur aurkezten dugun intsektuaren izen zientifikoak, besteak beste, bi gauza azaltzen dizkigu: alde batetik, gorria dela (ez erabat) eta ez duela hegorik. Okerrak ez dira biak ala biak, baina gorria ez da bere kolorazio bakarra, eta hegoak ere izan baditu, baina beraien tamaina... [+]
Sugea entzun eta leku lehor bat etorriko zaio burura askori, narrastiek beroa behar dutela ondo barneratua baitu gizakiak. Suge guztiak ez dira berdinak, ordea; denek ez dituzte baldintza berak gustuko, eta horri esker dago, besteak beste, dagoen dibertsitatea. Bakoitzak bere... [+]
Itsasoan badira landareen itxura izan arren animalia harrapari diren izaki eder batzuk: anemonak. Kantauri itsasoan hainbat anemona espezie ditugun arren, bada bat, guztien artean bereziki erraz atzemateko aukera eskaintzen diguna: itsas-tomatea.
Ugaztunei eskainitako azken artikuluaren amaierako hitzak hurrengo animalia aurkezteko aitzakia paregabea dira. Bertan esaten genuen muturluzeak erreka “garbi eta txukunak” behar dituela, kutsadurarik gabeak baina elementu natural anitzekin. Animalia txiki horren... [+]
Antxoa, bokarta edo albokartia, gure arrain komertzialen artean txikiena, euskal kostaldera hurbildu da.
Katalanen ustetan artzainak engainatzen omen ditu hegazti honek: “enganyapastors”. Espainiar eta latindarrek, aldiz, ahuntzari esnea kentzen diola diote, hortik datorkio hain zuzen ere izen zientifikoan (Caprimulgus europaeus) islatzen den caprimulgus (capra... [+]
Leihatila honetan behin baino gehiagotan azaldu ditugu Ama Naturaren engainuak bere izakiak babestearren. Batzuetan, erle edo liztor itxura zuten euliak ekarri ditugu, beste batzuetan inongo arriskurik ez duten arrisku-kolorazioko intsektuak ere bai (kolorazio aposematikoa... [+]
Nekazal eremu lehor baten erdian ageri da putzua. Txikia da tamainaz, eta ez oso sakona. Egunak dira euririk egiten ez duela, baina oasi txiki honek oraindik ere aurretik bildutako urari eusten dio. Gauak eremua irentsi du eta isiltasunaren erdian kantu bakarti bat entzun da... [+]
Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.