Txina munduko soroak erosten ari da janari ekoizle handiena izateko

  • Txinako korporazio publiko eta pribatuek gaur egun mundu osoko hamar milioi hektarea lur lantzen dituzte. Indonesiatik Ukraina edo Frantzian barrena Boliviaraino, Txinak 2010etik 2016ra arte bostez biderkatu ditu atzerriko soro eta oihanetako inbertsioak. Pekingo gobernuaren ildo estrategiko nagusietakoa dira, bai munduko herrialde handieneko biztanlegoaren elikadura bermatzeko eta bai planetako janari ekoizle nagusi bihurtzeko datozen urteetan.

‘Quartz’ aldizkarian Lily Kuok plazaratutako argazkian, agronomo txinatar bat Ruandako Huye eskualdean abian daukaten Nekazaritza Teknologiaren Erakusketa Gunean, mutiko ruandar batzuekin. 22 hektareatan ugandarrei erakusten diete arroz, onddo, masusta et
‘Quartz’ aldizkarian Lily Kuok plazaratutako argazkian, agronomo txinatar bat Ruandako Huye eskualdean abian daukaten Nekazaritza Teknologiaren Erakusketa Gunean, mutiko ruandar batzuekin. 22 hektareatan ugandarrei erakusten diete arroz, onddo, masusta eta bestelako uzten martxa. Horrelako 23 gune dauzka Txinak Afrikan, lekuko nekazaritza aurreratzen laguntzearekin batera agro-industria txinatarrari bertako ateak irekitzeko.

Nekazaritza edota elikadura burujabetza interesatzen bazaizu, edo besterik gabe ulertu nahian bazabiltz zergatik desagertu diren gure plateretatik duela 40 urte ia eguneroko otordua ziren babarrunak horien ordez eguneroko ogia bihurtuta orduan ezagutzen ez genituen pizzak... ondo egingo duzu tarteka bisitatuz Farmlandgrab webgunea. “Farmlandgrab [Baserri lurren lapurreta]: Munduko baserri lurrak harrapatzeko eromenaz eta honi aurre egiteko herriek daramatzaten borrokez”.

Planeta osoan kapital handiak burutzen ari diren lur lapurretaz prentsan plazaratutako albiste funtsezkoak biltzen ditu Farmlandgrab-ek, gaiotan erreferentzia den GRAIN elkarteak sustaturik. Berrikitan argitaratu du maiatzeko lehen astean Txinako Nekazaritza Ministerioak antolatutako bilkura garrantzitsu baten laburpena: “Txina zehazten ari da laborantzarako ‘Go global’ [‘Mundializatu zaitez’] programa”.

Jardunaldian Nekazaritza Ministerioan nazioarteko elkarlanaz okupatzen diren goi funtzionarioek aztertu zituzten Txinan bertan bezala munduan alor honetan sortu diren aldaketa eta aukera berriak. Atzerrian inbertitu nahi duten konpainiei laguntzeko agindu zehatzak jaso zituzten Pekingo lider nagusiengandik.

Pekingo administrazioko eta alderdiko goi karguek nekazaritzako inbertsioak lagundu behar dituzte alor estrategikotzat hartuta: nekazaritza industriako negozioentzako politika landuz, nazioarteko negozio eta inbertsioetan aktiboki parte hartuz, abiadura emanez nazioarte mailako labore enpresa eta negozio taldeen sorrerari eta enpresei lagunduz tamainaz handitu eta munduan zabaltzen. Bileran Hang Xangfu ministroak funtzionarioei oroitarazi zien Xi Jinping lehendakariak berebiziko garrantzia ematen diola gaiari.

Txina mundu mailako nekazaritzan eta elikadura ekoizpenean potentzia nagusi bilakatzeko estrategiaren barruan dago Bi guneak ekimena. Alde batetik, Erakusketa guneak antolatu dituzte mundu osoan, Tajikistanen, Mozambiken, Ugandan, Fijin, Laosen, Kanbodian... Hauetan Txinako konpainiek lekuko gobernu edo konpainiekin lan eremu bereziak antolatzen dituzte, merkataritza librezkoak. Bestetik, Esperimentazio guneak zabaldu dituzte Txinan bertan, oso izaera ezberdineko konpainiak elkarlanean jarri eta atzerriko proiektuetan elkarrekin murgiltzeko helburuz: granja estatalak, industria kimiko publikoak, pentsu, hazi, makineria edo arrantzakoak.

Ahaleginak badu motiborik. Txinak munduko biztanleen %20 edukita, horiek asetzeko ez dauka munduko nekazaritza lurren %8 baizik. Hori gutxi balitz, kutsadurak hondatu dizkie soroen laurdena. Aditu askok ohartarazi du, bestalde, mende luzez emankorrak izan diren alorren oparotasuna murriztu egin dela txinatarrak laborantza industriala orokortzen hasi zirenetik. Horrela, derrigor atera behar mundura elikagai bila.

Txinak nekazaritza alorrean atzerrian inbertitzen duena boskoiztu egin da 2010etik 2016era artean, 3.300 milioi dolar gaindituz. Klase guztietako mozkinen produkzio, transformazio eta salmentan sartu dira: oliotarako palmondoak eta kautxu-arbolak Asia Ekialdean, soja eta koltza ekoizteko etxaldeak Errusian, esne eta haragitarako behitegiak Zeelanda Berrian eta Australian, alpapatan berezitutako lurrak AEBetan eta Bulgarian...

Lurra, laboreak, okela, haziak, kimikoak...

Txinak atzerriko inbertsioak planifikatzeko, edozein arlotakoak direla ere, bi eremu estrategiko dauzka ezarriak. Batetik Zetaren Bidea Gerriko Ekonomikoa-k biltzen ditu Asia Iparraldeko eta Europako herrialdeak, hasi Siberiatik eta Alemaniaraino. Bestetik, Zetaren Itsas Bidearen baitan daude Indonesiatik hasita Egiptorainokoak, Asiako Hegoaldekoak nagusiki.

Biak lotuta, Txinaren harreman komertzialetan lehentasuna osatzen duten Gerrikoa eta Bidea Ekimena-ren baitan zentratzen dituzte txinatarrek nekazaritzako inbertsio nagusienak: Asian erdia, Europan %15, Ozeanian %14, Afrikan %12, Latino Amerikan %6 eta Ipar Amerikan %2. Pekingo gobernuak berak emandako kopuruok erakusten dute Afrikak nekazaritza mailan txinatarrentzako daukan garrantzia puztu egin dutela hedabide zenbaitek.

2004 eta 2012 artean txinatarren atzerriko inbertsioak batik bat laborantzako ekoizpenak eskuratzeko helburuz egin ziren: palma-olioa, azukrea, manioka, zura, arrainak eta bestelako lehengaiak. Aldiz, geroztik Txinako enpresak hasi dira Europan, Ipar Amerikan eta Ozeanian indarra daukaten korporazio agro-elikadurazkoak erosten.

2017an ChemChinak osatu zuen Txinak atzerrian egindako erosketa handiena, 43.000 milioi dolarretan bereganatuz munduko hazi eta fitosanitarioetan txapelduna den Syngenta suitzarra. Beste erosketa nabarmena 2014an burutu zuen txerri okeletan berezitutako WH Group txinatarrak AEBetako Smithfield Foods bereganatuta. Konpainia berak 2017an txerri eta oilasko haragiaren transformazioan ari diren konpainiak irentsi ditu Polonian eta Errumanian, muturra Europan erosoago sartu nahian.

Baina lurraren jabetzak badu beti erakargarritasun berezi bat eta Txinak elikagaien mundu mailako salerosketan lortu nahi duen nagusitasunaren adierazgarritzat ikusi dira planetan zehar ugaritu dituen lur erosketak... betiko baserritar askok lapurretatzat bizi dituztenak, bai haiek lur horietatik bortxaz kanporatu dituztelako, bai atzerriko korporazioek lekuko eliteekin herri jabegoko lurrak pribatizatu dizkietelako.

Afrikan hasi ziren – Tanzania, Senegal, Sierra Leona, Zambia...– hemen hazten den arroza, artoa, manioka edo sesamoa eramateko. Geroztik, bost kontinentetako edozein bazterretara zabaldu dira. Lehen aipatu den WH Groupek AEBetan bertan 40.000 hektarea erosi zituen. Bolivia, Kuba, Jamaika, Venezuela, Argentina...

Europan nagusiki Ekialdean inbertitzen dute txinatarrek, Errusian, Ukrainan, Bulgarian eta beste. Baina baita Mendebaldean ere. Berrikitan zalaparta pixka bat izan da Frantzian Hu Keqin milioidun txinatarra egin delako garia hazten duten 3.000 hektarea sororen jabe, bere hitzetan “ogi frantsesari Txinako merkatuak zabaltzeko”. Eta jendeak oroitu dira dagoenekoz 150 ardo famatu, gehienak Bordelekoak, txinatarren eskuetan daudela.

Nekazaritzaren industrializatzea bizkortuz doaz, lurren jabetzak kontzentratuz eta munduko potentzia ekonomikoak –ez txinatarrak bakarrik– biharko elikadura kontrolatzeko lehian ari dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Txina
2024-09-17 | Mikel Aramendi
Ez da odolik isuri, oraingoz, Spratley uhartedi gatazkatsuan

Azkenean, odolik isuri gabe amaitu da apirilaz geroztik Sabina/Xianbin/Escoda atoloiaren urmaelean, Spratley uhartediaren ekialdean, BRP Teresa Magbanua, Filipinen kosta-zaintzako ontziaren aingura-aldi luze bezain atezua. Irailaren 15ean, igandez, aingura jaso eta porturantz... [+]


2024-09-03 | Mikel Aramendi
Norbaitek nahi ote du zuritik grisera pasatzea Txina Hegoaldeko Itsasoan?

Txina Hegoaldeko Itsasoan gaiztotzen ari da gatazka Filipinak eta Txinaren artean. Nabari du oraintsu arte Second Thomas Shoal/Ren’ai Jiao/Ayungin uharrian nahita hondoa jota datzan Sierra Madre filipinar gerraontziaren hondakinen inguruko tirabira batere konpondu gabe,... [+]


2024-08-20 | Mikel Aramendi
‘Txina komunismoaren aurretik’ ikuskizuneko sektaren atzean dagoen kuxidadea

Iazko urtarril-otsailean izan genuen Hego Euskal Herrian bisitari, egundoko propagandaz girotuta baina aparteko arrakastarik gabe, Shen Yun izeneko antolakundearen “Txina komunismoaren aurretik” ikuskizuna. Agian neuk ere esan behar nuen zerbait orduan, haren... [+]


Palestinako alderdi nagusiek batasun gobernurako akordioa lortu dute Txinan

Hamas, Fatah, Palestina Askatzeko Herri Frontea, Palestinako Jihad Islamikoa eta beste hamar taldek hitzarmena sinatu dute, genozidioa amaitu ostean “Palestinako lurralde guztien” gaineko agintea izateko. “Okupazioaren aurka borrokatzeko” eskubidea dutela... [+]


NATOk armak oparituko dizkio bere buruari, eta klima kutsadura denori

Munduko erakunde militar suntsitzaileenak 75 urte bete ditu, eta eztei horiek behar bezala ospatzeko, esan du bere kideek gehiago gastatu beharko dutela armetan. Gainera, urtemugaren goi bileran beste potentzien kontrako gerra hauspotu du NATOk, Txinaren eta Errusiaren kontrako... [+]


2024-07-16 | Mikel Aramendi
III. Osoko Bilkura Pekinen: korapiloa ez datza atzerapenean baizik itxaropenean

Urtebeteko atzerapenarekin hasi da Pekinen 2022an egindako Alderdi Komunistaren XX. Kongresutik datorren Komite Zentralaren III. Osoko Bilkura.


NATOk gogor egin du Txina eta Errusiaren kontra, 75. urteurreneko goi-bileran

Sortu zela 75. urteurrenean egindako gailurrean, Aliantza Atlantikoak Txinaren kontrako mezua gogortu du eta herrialde asiarrari egotzi dio Errusia laguntzea Ukrainako gerran. Kievi laguntza gehiago emateko konpromisoa adierazi dute NATOko 32 kideek eta Europako herrialdeek... [+]


2024-07-09 | Mikel Aramendi
Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek badarabil plan zehatzen bat buruan

Europar Batasunaren txandakako presidentetza beretu eta astebeteren buruan Viktor Orban hungariar lehen ministroak egin duen ezusteko blitz-ak azalpen serioa eskatzen du. Gaiaren neurrikoa.


2024-06-11 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Txina, Kirgizistan eta Uzbekistan lotuko dituen trenbide faraonikoa eraikitzen hasiko dira

CKU trenbide hori egitasmo mitikoa da, hitzaren adiera zuzenean: itxuraz, koherentea ez ezik desiragarria litzatekeena, baina ameskerien mundutik kanpo zertzeko aukerarik gabea, orain arte behintzat. Halakorik inoiz ez nuela ikusiko zinez sinesten nuen.


Ilargiaren alde ezkutuko laginekin aireratu da Txinako Chang'e-6 misioa

Txinako Chang'e-6 misioak Ilargiaren alde ezkutuko laginak hartu eta Ilargiaren orbitara aireratzea lortu du. Alde ezkututik egin den lehen aireratzea izan da.


Yuk Hui. Zenbat buru, hainbat teknologia
“Ez dut uste mundu bidezkoagorik lortuko dugunik datu gehiago bilduz”

Pasa den urtarrilean, Yuk Hui filosofoak hitzaldi bat eskaini zuen –solasaldi bat, hobeto esanda– Donostiako Tabakaleran. Azken urteotan oihartzun handia izan du haren lanak, eta goraino bete zen aretoa. Besteak beste, monoteknologismoaren pentsamendu-ildoa kritikatu... [+]


Eguneraketa berriak daude