Ma jauna Pekinen


2024ko apirilaren 16an - 11:03
Azken eguneraketa: 12:35
Ma Ying-jeou eta Xi Jinping 2015eko bileran. Argazkia: http://media.president.gov.tw/ImageViewer.aspx?CID=30

Apirilaren 10ean, asteazkenez, Ma Ying-jeou Taiwango presidente ohia (2008-2016), bere joerako gazte-talde batekin hamaika egunez Txinan barrena ibilaldia burutu, eta Xi Jinping presidente eta Alderdi Komunistako idazkari orokorrarekin elkarrizketatu zen Pekinen. 2015ean, Ma oraindik Taiwango presidente zela, biek Singapurren egin zuten bileraren aurrekaria gogoratu dute, noski, iruzkingileek; baina taiwandarra orain “jaun partikularra” baino ez dela gehituta. Garrantzia urardotzeko edo.

Bada, esan gabe aintzat hartu beharreko zerbait litzateke Txinako Alderdi Komunistaren Politburoko Batzorde Iraunkorreko hiru kide (hau da, herrialdeko zazpi gizon –gizonak baitira guztiak– ahaltsuenetako hiru) ez direla inoiz biltzen partikular batekin, oso-oso berezia ez bada behintzat. Ondorioztatu beharko da bilkura ez zela, inondik ere, protokolozkoa izan, kontuan hartuta zein diren hiru horiek: Xi (nagusi gorena), Wang Huning (hierarkiako laugarrena, Konferentzia Aholku-emailearen burua eta erregimenaren pentsalaria), eta Cai Qi (alderdiaren antolakuntza arduraduna). Eta ulergarriagoa da, hartara, Txinak une honetan Taiwanekiko harremanetarako duen arduradun gorena bildu zen ordezkaritzan laugarrena baino ez izatea.

Hedabide (para)ofizialek aditzera eman duten edukia estereotipatua bada ere, sakoneko aldaketak, edo behintzat ñabardurak, iradokitzen ditu bilkurak bere horretan. Ma, gaur egun “jaun partikular” bat, nahiko edadetua (74 urte egitear), kargu ofizialik gabea, eta Kuomintang (KMT) bere alderdiko zuzendaritzatik ere kanpo dagoena izan arren, lehen mailako jardulea da oraindik Taiwango politikagintzan. Era berean, haren oinordeko sendorik aurkitzen ez duen KMTek duen arbitro bakarra da, seguruena. Bitartean, DPParen gobernua gero eta deserosoago dago Washingtondik eta Pekinetik datozkion presioen artean harrapatuta.

Mahaiaren beste aldean Wang Huning eserita egoteak, bestalde, nahiko argi adierazten du, etengabeko maniobra militarren makilarekin batera, azenario politiko potoloak ere eskaintzeko prest legokeela Txinako Alderdi Komunista, Taiwan bateratu dadin. Edo, behintzat, independentzia aldarrikatu eta gatazka abiaraz ez dezan. Hamarkadak ahaztuxe zeramatzan “Fronte Batua” gogotik indarberritu du Wangek azken urteetan, eta susma liteke hartarakoxe dagoela gaur egun dagoen postuan.

Bada, gogoratu beharko da Kuomintang eta Alderdi Komunistaren artean “Bi Hamarreko Akordio” hura ahalbidetu zuena izan zela jatorrizko Fronte Batua. Atarramendu hobea eduki ote lezake orain?


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Taiwan
Eguneraketa berriak daude