Eguzki izpi gabekoak hunkitzen

Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Errautsetatik loratzen
Añube
Autoekoizpena, 2024

-------------------------------------------------

Aspaldian sarri pentsatzen dut Debagoienan gazteek ia soilik musika urbanoa edo oi! musika, bata edo bestea, entzuten dutela; hortik kanpo apenas dagoela jende multzo dezentekoak mugitzen dituen musika paletako bestelako kolorerik. Baina badira, zorionez, bestelako zirrikitu eta koloreak, harritzen banaute ere, pozgarriak direnak.

Fiachras talde bergararrak aspaldi zabaldu zuen bidezidor berezi bat, non punk eta oi!-aren inguruan ibilitako musikariek folk irlandar eta oinarrietako rockean murgilduta, distortsio gabe eta tenpo pausatuagoan, lortu zuten hunkitzen duten hitz eta doinuak idaztea, lagun –eta garagardo– artean abesteko modukoak.

Arrasate, Bergara, Areantza eta Atauneko kideak dituen Añube ere denborarekin zabaldu eta aberastu den bidezidor horretan kokatzen dut. Hans poetak idatzitako piezak mimoz musikatuta, rock, pop, folk, country, gure sustrai eta itsasoko langileetan hezurmamitzen dira; eta, bai, publiko gaztea zinez hunkitzen dute.

Bigarren disko luze honetan Hans-en ahotsak eta Garmen-en saxoak gero eta pisu handiagoa dute, eta gehiago borobildu dituzte kantuok. Hamaika kantu, hamaika bizipen eta hausnarketa, jautsi eta altxatzeari, gure lur eta sustraiei, izan ginenari eta izango garenari abestuak.

Sutan xume hasten da, saxoak hauspotuta erritmoa hartu eta itsaskorretik tiraka hazi egiten da. Desegin-ek eramaten gaitu Moher-eko itsaslabarrera eta behin lur hartuta lagunei sorbaldatik helduta abesten dugu. Bizarra lepoan eta Itsututa, gurean Pettik landutakoen moduko country-rock tenpoetan murgiltzen dira oso dotore. Indarberritzen ahaidetuta dago Iheskideren esentziarekin. Zutik-ek badu punk oi!-aren distortsio gabeko kadentzia eta Doctor Deseoren sedukzioa batzeko atrebentzia. Zentzu bila da sentimendu eta bizitza gorabeherekin jokatzen duen pieza borobila. Eta badira, baita ere, Guardia Zibilak Arrasaten egindako sarraskiaren biktimei eskainitako Kanpazar 1975 zein Entre paredes de ladrillo rojo-ren bertsioa, are eta hunkigarriagoak.


Irakurri gehiago: Disko kritikak Kultura Musika
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...