Euskararen galera Nafarroa Beherean

"Badea norbait?": Amikuzetik begira euskararen galerari

  • Hona Amikuze, edo Amiküze bertako askok dioten moduan: Nafarroa Behereak Biarnorekin muga egiten duen ipar muturrean, 32 herri, 9.000 biztanle denen artean, hiriburu Donapaleu –Dnaplü– 1.850ekin, lautada zabalez eta muino apalez osatutako paisaia, hazitarako artoa denetan, Europan izena duen Lur Berri nekazari kooperatiba industrialaren sortze eremua, zenbait enpresa ttiki… eta euskararen ezagutza %50 inguruan. Benetan? Benetan, nahiz eta kanpotik hurbildutako euskaldunari kostatuko zaion euskarazko solasik entzutea inon, ez bada ostiral eguartean Donapaleuko ferian eta ostatuetan, 75 urtetik gorako laborari txapeldunen ahotan: amikuztarren erdiak badaki.

    Donapaleuko karriketan dabilen hegotar despistatuak pentsa lezake galiarrek okupatu badute Xilaba osoa, Amikuze bereziki frantsestea lortu dutela. Baina hemen ere, Aturri eta Biduze ibaiek gozatutako soroen arteko herriotan, badira jende eta taldeak hizkuntzaren hondamendia azpikoz gain irauli nahi dutenak. Euskaraz bizi nahi duten amikuztarrak!

    Alta, duela 50 urte, Lapurdiko barnealdean eta Nafarroa Behere osoan eta Zuberoan bezala, Amikuzeko herrietan ere euskararen ezagutza %80tik gora zegoen. Euskaltzaindiak 1979an plazaratutako “Hizkuntz borroka Euskal Herrian” liburuak kolorezko lamina deigarriak zekartzan azken orrietan, zeinetan udalerri guztiak euskal hiztunen arabera koloreztaturik ageri baitziren; mapan %80-100 euskaldun irakurri beharreko kolore gorriz ageri ziren Amikuzeko herri gehienak.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2016ko azaroaren 27a
Amikuzeko hiriburu Donapaleu. Nafarroako erresumak porrot egin zuenean, hemen atxiki zuen bere azken burujabetza hondarra, errege-erreginen jauregi, moneta fabrika eta guzti / BIDUZE
Amikuzeko hiriburu Donapaleu. Nafarroako erresumak porrot egin zuenean, hemen atxiki zuen bere azken burujabetza hondarra, errege-erreginen jauregi, moneta fabrika eta guzti / BIDUZE

1972an Pedro Irizar (1910 Azkoitia- 2004 Madril) hizkuntzalariak Euskal Herri osoan egindako inkestaren emaitzak mapa koloretsuetan bildu zituenean, haietan ageri zen euskararen etenik ez zela Amikuzen: orduko 8.419 biztanleen %81ek hitz egin zezaketen euskaraz, herri gehienetan %90etik gora ziren euskaldunak eta %58,8 Donapaleun bertan. 45 urte beranduago, euskararen ezagutza %50ean dagoela uste da.

“Uste da”… zeren eta EDB Euskararen Datu soziolinguistikoen Biltegian ageri denez, eskualdekako daturik ez baita Iparraldean, askoz gutxiago herrikakorik. Zuberoa + Nafarroa Behereak osatutako multzoan 1996an euskara ulertzeko gai zirenak (euskaldunak + ia euskaldunak) %76,3 ziren, 2001ean %76, 2006an %66,2 eta 2011n ere %66,2.

Transmisioaren etena are nabarmenagoa da “euskaldunak” atalean, hizkuntza ulertu eta hitz egiteko gauza direnen artean: 1996an %64, 2001ean %60,9, 2006an %55,5 eta 2011n %52,1. Hamarkada bakoitzean %8ko galera honek ikararazten du euskaltzalea.

Bilakabideari erreparatu gabe EDBren datuen artean soilik 2011ko argazkiei begiratuko bagenie, antzeko portzentaietan dabiltza Nafarroa Beherea (%52,1 osoki euskaldun) eta Gipuzkoa (%53,3). Kontua da Irizarrek Amikuzen 1972an %80 eta %90 aurkitu zituen bitartean, Gipuzkoan 1981ean euskaldunak % 39,5 zirela. Geroztik batean gora adina egin du bestean behera.

Amikuzeko euskaltzaleak urteotan, Iparraldeko gainerakoak bezala, ez dira besoak tolestaturik euskararen hilotza noiz karrikan pasatuko zain egon. 1971n oso goiz sortu zuten Amikuzeko ikastola, 45 urte beranduago haur eskolan eta lehen mailan 11 urte arteko 70 haur biltzen dituena. Helduen berreuskalduntzen saiatzen da AEK, ziento erdi bat ikaslerekin. Eta azken urteotan bateko eta besteko ahaleginak bildu eta berriak hauspotzen Zabalik elkartea ari da.

1983an Manex Erdozainzi-Etxart idazle eta fraidearen omenez Manex Gogoan izenarekin hasita, 1997an ekin zioten Otsail Ostegunak urteroko hitzaldi bildumari. Geroztik Zabalikek lortu du Amikuzen euskaraz bizi nahi duten pertsona eta elkarteen bilgune izatea, elkarlanean jarriz: Kitzikazank antzerki taldea, Amikuzeko Musikariak elkarteko Gait’amik eta Txaranga, Bertsu Eskola, Aldaka gaztetxea, Ikastola, AEK, Kilimon joaldunen elkartea…  Donapaleu erdaldunduko karrikak birritan okupatzen dituzten Santibate eta Libertimendua elkarlan horren erakusgai dira.

Euskararen ezagutza eskualdeka 1972an Pedro Irizarren arabera. Nafarroa Beherea osorik %80 gainetik (gorriz) zebilen.

2011n Ikastolak 40 urte betetzen zituela eta “Amiñi bat, amiñi bi” kanpaina antolatu zuten lekuko mugimendu euskaltzaleaz hausnarketa egin eta harroaldi bat emateko. Ahaleginak, tartean, Amikuze eskualdearen historia eta kultura azaltzen dituen “Badea norbait?” liburuan mamitu ziren. Inor ba ote den galdetzea, horra egun argitan beren buruak azaldu nahi dituzten euskaltzaleen leloetarik bat.

Baina nola egingo da aurrera ezertan, baldin eta eskolako umeen erdiak baino gutxiago badira euskara ikasten dutenak? Amikuzeko datuetatik abiaturik, euskarak Iparralde gehienean bizi duen egoeraz ohartarazteko azterketa plazaratu du joan den apirilean Zabalikek bere webgunean 2015eko datuekin: “Euskara gure eskoletan: dena eta ez dena…

Hegoaldean ezagunak diren ereduekin alderatzeko, Iparraldeko haurrek Seaskan soilik ikas dezakete D ereduan, inmertsioa deituan, eta Amikuzen haurren %9 baizik ez dira ari. B ereduarekin grosso modo alderatzeko gela elebidunak badira eskola publiko askotan –ez denetan, esaterako Arberatze, Arboti, Arüe, Behaskane, Etxarri, Domintxine, Mehaine, Mithiriña eta Ozerainen sasi-elebitasun aukerarik ere ez da– eta horietan ari dira %40. Gehienek, gainera, lehen mailatik aurrera abandonatuko dute euskararekiko edozein harreman.

Azkenik, ume amikuztarren erdia baino gehiago hezten dute Hegoaldeko A eredura ere iritsi gabe  G edo X ereduen antza gehiago daukan ereduan. Eta Zabalikek alarma deia jo du: “Urgentzia egoeran gaude datu hauek ikusten ditugunean. Ondoko urteetan B eredua ez bada orokortzen, eta D eredua kopuru handiagoetara heltzen, jakinki belaunaldi euskaldunenak desagertzen doazela pirripitaka ondoko hamarkadan, lanak izanen ditugu sinesteko oraino Euskal herrian gaudela hemen gaindi”.

Amikuze bada Ipar Euskal Herrian euskarak gaur oraindik bizi duen gainbeheraren etsenplu zehatza eta gainerako euskal herriei ere zer pentsatua eman die ustez hobeak baina funtsean arras prekarioak diren beren egoerez.

Iñaki Caminok 2015eko otsailean aurkeztu zien amikuztarrei beren hizkera zahar kasik hilaren azterketa linguistikoa: Amiküzeko Euskara. Donapaleun aurkezpena egin zion Mattin Irigoien idazleak. Biei galdetu diegu orain arte gertatuen eta aurrera begirako nahi eta ezinen gakoez.

Kanal honetan artxibatua: Euskara Ipar EHn

Euskara Ipar EHn kanaletik interesatuko zaizu...
2018-01-14 | Eneko Gorri
Bizkor eta baikor

Iragan azaroan, Euskal Herriko beste hainbat txokotan bezala, Baiona-Angelu-Miarritze hiri-eremuko hiztunak bateratzeko eta botere-arazteko BAM dinamika abiatu genuen guk ere. Ez genuen ezer berri asmatu: Donostiako Egia auzoan sortu eta Lasarte-Orian ondu den esperientzia gurean eramatea besterik ez dugu egin. Baina irakaspen eta lorpen propioak izan genituen, dudarik gabe. Bilana, dinamika bezala, kolektiboa izan beharko da. Horretan lanean ari gara. Hemen botako ditudanak bitarteko gogoeta... [+]


2018-01-04 | ARGIA
Amikuzeko irratia aste gutxi barru izango da martxan

Donapaleuko estudiotik ariko dira hasiera batean eta proiektuaren arduradunek Berriari azaldu diotenez urtarrila amaiera aldera hasi nahi dituzte emankizunak.


2017-12-11 | ARGIA
"hEskuara Amikuzen", hizkuntzaren galera eta bizi nahiaz dokumentala zabaldu dute

Donapaleuko Zabalik elkarteak "hEskuara Amikuzen" dokumentalean bildu du Nafarroa Behereko eskualde honetan hizkuntzak bi belaunalditan nozitu duen hondamendia eta azken urteotan berriro indar berritzeko herritarrak egiten ari diren ahalegina.


"Lapurdi kostaldean hirigintza ereduak hizkuntza politikak baino askoz eragin handiagoa du"

Eneko Gorri (Angelu, 1983) euskaltzale militante izateaz gain Biarrizko Herriko Etxeko euskara teknikaria da. Lapurdi kostaldeko hirigintza ereduak euskal hiztunen bilakabidean duen eragin handiaz ohartarazi nahi izan gaitu: “Biarritzek hamarrez biderkatuko balu ere euskarari ematen dion aurrekontua ez luke eragin handia izango hemendik 50 edo 100 urtera”. Jendarte ereduak eredu, euskaltzale-izokinak ur xaloagoetara iritsiko direla sinesten du.


2017-10-16 | Miren Osa Galdona
Zazpi egunez euskaraz bizitzeko ekimena jarriko dute martxan Baionan, Angelun eta Miarritzen

Baiona, Angelu eta Miarritze artean egingo dute ekimena, azaroaren 27tik abenduaren 3ra bitartean. 450 hiztun mobilizatu nahi ditu BAM ekimenak. Antolatzaileek euskaraz “naturaltasunez eta alaitasunez” aritzeko deia egin dute.


2017-07-19 | ARGIA
Mixel Thikoipe idazle eta euskaltzalea hil da 69 urterekin

Astearte gauean hil da Amendüzen jaiotako idazle, kantari, euskaltzale eta sindikalista Berria egunkariak argitaratu duenez.


Euskara Ipar Euskal Herrian: azken datuak "itxaropentsuak" dira Euskal Konfederazioaren ustez

VI. inkesta soziolinguistikoaren emaitzak argitaratu berri dituzte Ipar Euskal Herrian, eta Euskal Konfederazioak "itxaropentsutzat" jo ditu datuak, Enbatak adierazi duenez.


2017-07-07 | Udaltop topaketak
Zer eskatuko zenioke Herri Elkargoari euskaldunen aktibaziorako?
MULTIMEDIA - erreportajea

2017ko Udaltop jardunaldietan zabaldutako erreportajea. Hizlariak: Loretxu Etxemendi, Xan Aire, Beñat Arrabit eta Kattalin Saint Marie.


Baxoa euskaraz egiteko ezintasuna salatu dute ikasleek

Ipar Euskal Herriko ikasleek hasi dituzte baxoko azterketak. Oraindik, ordea, ez dute guztia euskaraz egiteko aukerarik, eta "Aitzina pausoa, euskaraz baxoa!" lelopean elkarretaratzea egin dute Angeluko Sainte-Anne lizeoaren aurrean lehen azterketa egunean, ekainaren 15ean.


2017-06-01 | Xalba Ramirez
Euskaraz baimenik gabe bizitzeko kateatu da Aitzina

Eskuak kateaturik eta ahoan Frantziako bandera zutela, Aitzina gazte erakundeko 30 bat lagunek ekimena burutu dute Baionako suprefeturaren aurrean. SNCF geltokitik eta epaitegitik abiatu diren zutabeek “Euskal hiztunon eskubideen aurka egiten duten enpresa, organo eta instituzioak seinalatzea” eta euskararen ofizialtasuna aldarrikatzea zuten helburu.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude