II. Errepublika

Eibar, Bigarreneko lehena

  • Espainian oso ohikoak izan dira aldaketa politikoak, baina egitura sozioekonomikoa aldatzea ez da hainbestetan gertatu. Goi mailako agintariak txandakatu izan dira, estatu kolpeen edo aldez aurretik “atondutako” hauteskundeen bidez. Bi salbuespen daude. Bata, Isabel II.ak hanka egin ondorengoko Seiurteko Demokratikoa, 1873-1874ko esperientzia errepublikarrarekin amaitutako hura. 60 urte geroagokoa da bestea: Primo de Riveraren diktadura amaitu ostean aldarrikatutako II. Errepublika, Neska polita deiturikoa. Aldarrikapenak 80 urte beteko ditu hilaren 14an.

Josu Chueca
2011ko apirilaren 10a
1931ko apirilaren 14a Eibarren, arratsaldez. Udaletxe aurrealdean xafla bat jarri zuten plazaren izena aldatzeko: Alfonso XIII izatetik Errepublikaren Enparantza izatera pasa zen.
1931ko apirilaren 14a Eibarren, arratsaldez. Udaletxe aurrealdean xafla bat jarri zuten plazaren izena aldatzeko:Alfonso XIII izatetik Errepublikaren Enparantza izatera pasa zen.

Aipatu salbuespenak indarkeriarik gabe jaio baziren ere, bortxaz hil zituzten. Lehen hilketa Paviaren eskutik etorri zen, 1874an; bigarren krimena Francok eta enparauek egin zuten 1936an, gerrarekin. Bitxia da beraz, historiaren orrialdeetara iraultzailetzat eta erradikaltzat igaro diren prozesu demokratiko horiek odol tantarik isuri gabe eta festa giroan iritsi ziren, eta aldiz, indar kontrairaultzaileek bortxaz amatatu zituzten.

1868ko eta 1931ko aldaketak ez zituzten agintari militarrek bultzatu, eta hortaz, errege familia eta haren hurbilekoak lasai asko joan ahal izan ziren mugaz bestaldera, goizago edo beranduago itzultzeko segurantzarekin; Juan Carlos Borboikoa da horren lekuko.

Donostiako bilera antimonarkikotik Errepublikaren ateetara

Duela 80 urte II. Errepublika ezarri zeneko historia ezin da lerro bakarrean azaldu. Esan daiteke honako hau: erregeak abdikatu egin du eta Errepublika ekarri dute. Edo alderantziz ere bai: Errepublika sortu delako erregeak agintea utzi du. Baina interpretazio desberdin horiek jatorri bera dute: Alfonso XIII.ak Primo de Riveraren diktadura lagundu izanak monarkia deslegitimatu zuela, alegia. Horren aurrean, politikan ari ziren ezkerreko erakunde guztiak, hau da, talde errepublikar ugarik eta baita langileak biltzen zituzten PSOE alderdiak eta UGT sindikatuak ere, irtenbide demokratiko erradikala adostu zuten: Errepublika ezarri eta behin-behineko programa bateratua prestatzea.

Hainbat ekimen ezkutuan landu bazituzten ere –1930eko abenduko mobilizazio orokorra esaterako, Jakako altxamenduaren porrotarekin amaitutako hura–, beste agerraldi askotan argi eta garbi adierazi zuten, aldaketa politikoa eta soziala erdiesteko, Errepublika zutela helburu. Donostiako Hitzarmena (1930eko abuztuaren 17an) izan zen garrantzitsuenetakoa. Donostiako Garibai kaleko 4. zenbakian Unión Republicanak zuen egoitzan ondorengoak bildu ziren: Fernando Sasiain anfitrioia –gero Donostiako alkate izandakoa–, Manuel Azaña, Alejandro Lerroux, Marcelino Domingo eta Santiago Casares Quiroga errepublikazaleak, Jaume Aiguade eta Manuel Carrasco Formiguera katalanistak, eta Fernando de los Ríos eta Indalecio Prieto sozialistak. La Voz de Guipuzcoa-k bilera “antidinastiko” horren berri eman zuen bere orrialdeetan, eta hurrengo egunetan prentsa oharra kaleratu zuten bertaratutakoek, ezkutuan ibiltzeko asmorik ez zutenaren seinale. Are gehiago, PSOEren parte-hartzearekin, Elkargo Errepublikar Sozialista (itun antimonarkikoa) gogor aritu zen 1931ko martxotik aurrerako hauteskunde kanpainan, Errepublika aldarrikatzea ardatz politiko nagusi zuela. Hauteskunde horietarako, gobernu monarkikoak kalkulu zehatza egin zuen Juan Bautista Aznarren eskutik: asmoa zen 1923ko egitura politikora bueltatzea, eta horretarako udal hauteskundeak aproposak ziren, pentsatzen baitzuten jauntxokeria lokala lagun izango zutela eta betiko indar eskuindarren alde egingo zutela bozka emaileek. Aldiz, errepublikar eta sozialistek Erregimenaren aldaketaren beharra azpimarratu zuten, mitinetan, panfletoetan eta agerraldi politiko guztietan. Irungo errepublikarrek ondo asko laburbildu zuten monarkia edo errepublikaren arteko hautua egitearen garrantzia:

Ara errepublika zer dan, Errepublika da Jaungoikoak gizonari eman dion eskubide bat iñok ezin kendu lezaken moduan, erriyari dagokion gauzak antolatzen ditun batzar bat. Batzar edo elkarte ortan, guziok berdiñak dira eta gizalegeari, dagokion lez, guzion artetik aukeratzen dute buru egin dezan, gizon zintzo ta jakintsu bat. Guzioi berdin begiratuko dietena. Bait kendu eta besteari eman egingo ez dubena. Eta guziok aukeratu badute buru bezala, berdin kenduko dute dagon tokitik bihar bezela gauzak egiten ez ditubenian edo bere denbora igaro dubelako beste bat aukeratu dutenian. Eta Errege zer da? Ara: Errege izaten de erriko buru egiten duben jaun bat: Erriyan agintzeko Jaungoikoak eskubidea eman diola esaten duben gizon bat. Berari komeni zaion moduan antolatzen dituna erriko gauzak, berak aukeratzen ditulako nai ditun agintariak eta abek bere esana egiten dutelako. Nahiz txotxolo bat izan, bizirik dagoen bitartean errege izaten dana eta bera iltzean, bere seme edo alaba, nahiz bera baino txepelagorik izan, erriko buru usten jaun bat. Eta berari milioi mordo bat ematia naikua ez dala, seme emazte, anai eta abar guziei beste hainbeste milloi bihar zaien sendi bat”.

Eskuindarren kanpaina ez zen hain ausarta izan, baina azkenean erantzun egin behar izan zioten auzi horri. Diario de Navarra-k apirilaren 12an, udal hauteskundeen egun berean, honakoa zioen: “Bozkatzera, anarkia den iraultzaren aurka! Sobietari bidea irekiko dion Errepublikaren aurka!”, eta Donostiako La Constancia-k, berriz, beste honekin akuilatu zituen bere irakurleak: “Unea iritsi zaigu adierazteko ea Donostia monarkikoa ala errepublikarra den”.

Horrela elikatu zuten hauteskundeetako giroa batzuek eta besteek. Baina apirilaren 12an emaitzak ezagutzen hasi bezain pronto, errealitatea zein zen antzeman zuten askok. Juan Bautista Aznar gobernuburuak esaldi borobil batekin deskribatu zuen gertatutakoa: “Espainia, monarkiko oheratu eta errepublikar jaiki da”.

Zalantzak, trikimailuak eta mugimendu politikoak izan ziren hurrengo orduetan, Gobernuarentzat eta monarkiarentzat irtenbidea bilatzearren. Denetatik argudiatu eta proposatu zen kinka horretan: bozketa konstituziogileak burutzea, behin-behineko gobernua osatzea, konstituzionalistekin gobernua indartzea… edozer gauza monarkiaren eta errepublikaren artean erabaki beharra saihesteko. Aukera horiek guztiak jarri zizkioten mahai gainean Alfonso XIII.ari. Baina ordurako Errepublikaren aldeko keinuak nagusitzen hasiak ziren hiriburuetan eta herri askotan; Marseillaise ahoan eta txano frigiarra buruan, apirilaren 13ko arratsaldean lehen manifestazioak hasi ziren. Askok presoen askatasuna eskatzen zuen, baita aldarrikapen errepublikarra Estatuaren gailurrera eramatea ere, tokian tokiko garaipena garaipen orokor bihurtuz, eta Erregimena aldatzera derrigortuz.

Eibarko aldarrikapenaren sekuentzia osoa

Baina nola egin hori? Eibartik erantzun zioten modu zuzenenean galdera horri, apirilaren 14ko lehen orduetan. Herri horretan errepublikar eta sozialistek ia erabateko nagusigoa lortu zuten. Donostian eta Irunen ere ezkertiarrek irabazi zuten, baina monarkikoen eta neutralen gutxiengo nabarmenak zeuden oraindik. Gipuzkoako hiriburuan, esaterako, 14 zinegotzi ziren monarkikoak, eta Bidasoaldeko herrian 10 ziren erregearen aldekoak. Eibarren, 19 zinegotzitatik, errepublikar-sozialistek 16 eskuratu zituzten eta gainerako hiruak EAJrenak ziren. Herri armeroan ez zen oposizio esanguratsurik, beraz.

Errepublikar eta sozialisten arteko indar erlazioa parekatua zegoen Eibarren –zortzina zinegotzi talde bakoitzak–, baina sozialistek hartu zuten Errepublika aldarrikatzeko iniziatiba. Madrildik eta Donostiatik heldutako aginduei jarraituz hautatu berri eta sozialisten buru zen Juan De los Toyosek eman zuen erregimen berria aldarrikatzeko lehen urratsa. Berak jo zuen goizeko 4etan errepublikarren buruarengana, Domingo Cortazarrengana, esanez lehenbailehen bildu behar zirela. Era berean, herriko gauzainen bidez, De los Toyosek gainontzeko hautetsiak deitu zituen Casa del Pueblo-n biltzeko. Han azaldu ziren goizeko 5etan, eta buruzagi sozialistak egoeraren berri eman zien. Udaletxera joan aurretik, bildutakoek ardurak banatu zituzten eta Errepublika aldarrikatzea erabaki zuten.
Esan eta egin. Goizeko 6ak eta 6:30ak artean, aldamenean zegoen udaletxera abiatu ziren eta Udal berria ofizialki osatu ostean –Alejandro Telleria jarri zen alkate–, Errepublika aldarrikatu zuten. Horixe adierazi zuten balkoi nagusian hiru koloretako bandera eskegiz. Plazan bildutako jendearen aurrean egin zuten ekitaldia, pentsatuz beste lekuetan ere gauza bera ari zela jazotzen. Tokian tokiko aldarrikapenek aldaketa orokorra ekarriko zutela uste zen, eta Eibarrera iritsitako agindua –Errepublika aldarrikatzea, alegia– beste herrietan ere betetzen ari zela pentsatzen zuten goiz hartan Eibarko udaletxean zeudenek.

Baina ordu luzetan Eibar izan zen aldarrikapen errepublikarra piztu zen leku bakarra. Arratsaldeko lehen orduak arte ez zen beste inon antzekorik gertatu. Arratsaldean, ordea, Bartzelonak segitu zion Eibarrek hasitako bideari; Lluis Companysek udaletxetik eta Frances Maciasek San Jaume jauregitik, bandera errepublikarra zabaldu eta Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuten. Jakina, Bartzelonako oihu hark, oihartzun handiago izateaz gain, lurrikara politikoa sortu zuen. Alde batetik Bartzelona zelako, eta bestetik Maciasek, Kataluniako Errepublikarekin, nabarmen gainditu zuelako Donostian hitzartutako autonomiaren xedea.

Aldarrikapen horiek azkartu egin zituzten egun horretako mugimenduak, behin betiko irtenbide politikoa lortzeko bidean. Ondorioz, izan Parlamentu Konstituziogile batekin, izan beste hauteskunde batzuekin, edo izan kontzentrazio gobernu bat eratuta, monarkia nola edo hala mantentzearen alde zeudenek amore eman zuten. Jabetu ziren, Alfonso XIII.ak etorkizunean errege aulkiari eutsi nahi bazion, Estatuan agintzeari utzi behar ziola, modu probisionalean bazen ere. Gainera, errepublikar-sozialisten ikuspegitik, erregimen berria lehenbailehen eratu behar zen kontu hark gainezka egin ez zezan, Katalunian gertatu bezala.

Eibarren, apirilaren 14ko arratsaldean, garaipena ziurtatuta zegoela jakitearen lasaitasunarekin –ordurako Madrilgo Puerta del Solen bertan ere jendetza bildu zen II. Errepublikaren etorrera ospatzeko–, bigarren elkarretaratzea egin zen udaletxearen aurrean. Alfonso XIII izeneko errotuluaren gainean, Errepublikaren Enparantza idatzi zuten xafla batzuen bidez. Erregea oraindik Madrilen zegoen, baina berehala hartu zuen erbesterako bidea, Cartagenatik Marseillaraino. Plazaren izendapena aldatzeko unean, Juan De los Toyosek eta beste batzuek herriz herri eta aldarriz aldarri hedatzen ari zen Errepublikaren berri eman zieten bertan bildutakoei. Ilunabarrarekin, antzeko manifestazioak orokortu ziren Espainiako Estatu osoan. La Maseillaise, Gernikako Arbola, Riegoren Himnoa eta beste zenbait ereserki errepikatzen zituzten manifestariek bandera errepublikarra astinduz, eta festa nagusitu zen nonahi. Arrazoi osoz, urte batzuk geroago, honela idatzi zuen Toribio Altzaga sozialista eibartarrak erbestetik:

Eibarko ur ttantta horrek Madrilgo gertaerak azkartu zituen, urrats batzuen dardar apalak mendiko elur jausia sorrarazten duen legez”.

Aitzindaritza horrekin, nazioarteko komunikabide ugarik aipatu zuten Eibarren gertatutakoa, “Saint Sebastiengo probintziakoa” zela zehaztuz. Espainiako Gobernuak berak Hiri txit eredugarri izendapenarekin ohoratu zuen 1931ko maiatza hasieran, Marcelino Domingo, Miguel Unamuno, Indalecio Prieto eta Gonzalo Queipo de Llano lekuko zirela. Bitxia da, Queipo de Llano militarra izan baitzen urte batzuk geroago Errepublikaren aurka matxinatu zen militarretako bat. Errepublika “herriaren emaitza” zela esaten zuenak, bost urteren ondoren jan egin zituen bere hitzak, Espainian izandako saio demokratiko sakonena hondoratzeko lanean aritu baitzen.

Noski, 1936ko Gerran, frankistek berehala kendu zioten titulua Eibarri, “Fronte Popularraren eta euskal nazionalista traidoreen eskuetan gelditzen zen (Gipuzkoako) azken herriari”, hain zuzen. 1937ko maiatzaren 3an, zinegotzi frankistek “aho batez Errepublikak emanikoa ezabatzea” eskatu zuten.

Baina izendatze eta desjabetze guztien gainetik, historia handi egiten duten txikien artean, Eibar izan zen lehena. Monarkia eta demokrazia funtsezko kontraesana direla jotzen dugunok, Eibarren 1931ko apirilaren 14 hartan gertatu zena, ahaztezina izateaz gain, guztiz eredugarritzat dugu. 

Kanal honetan artxibatua: Historia

Historia kanaletik interesatuko zaizu...
Aurpegi britainiarrik zaharrena

1903an 10.000 urteko giza eskeleto bat topatu zuten Gough kobazuloan, Chedarren, Ingalaterrako hego mendebaldean. Mende bat pasatxo geroago, Londresko Historia Naturaleko Museoko zientzialariek Cheddarreko gizakiaren DNA egoera oso onean ateratzea lortu dute.


2018-02-25 | Xabier Letona
Ricardo Urrizola. Historia artxibo arakatzailea
"Badirudi 36ko Iru˝ean pistola, alkohola eta barrabilak zirela nagusi"

Iruñeko Artxibo Militarra arakatu duen lehen historialaria da. Horren fruitu da Consejo de Guerra. Injusticia militar en Navarra, 1936-1940 liburua (Altaffaylla-Txalaparta, 2017), Navarra 1936: de la Esperanza al terror liburu ezagunaren segida. Hark 3.000 hildakoren berri eman zuen. Honek auzitegi militarren ohiko jarduna, gizarte zibila militarren begietatik ikusia eta armadaren erabateko kontrola erakusten ditu.


Gizonak bezalako sheriffa

Ingalaterra, 1215. Bouvineseko guduko porrotaren ondoren, Joan I. Ingalaterrakoa, Joan Lurgabea ezizenez ezaguna, sorterrira itzuli zen, baina menpekoek ez zioten harrera onik egin. Eta erregearen kontrako jarrera areagotu egin zen zerga bidegabe bat –beste bat– ezarri zuenean. Ekainean nobleek Magna Carta dokumentua sinatu zezan lortu zuten; Ingalaterrako erregearen boterea mugatzen duen dokumentu zaharrena da. Baina irailean Aita Santuak gutuna bertan behera uztea lortu zuen... [+]


2018-02-23 | dantzan.eus
Zalduondoko inauterien berreskurapenaren kronika

40 urte baino gehiago galduta egon ondoren, 1975ean, inauteriak berreskuratu zituzten Zalduondon. Urtebetera, Zalduondoko inauterien inguruko kronika idatzi zuten Punto y hora  aldizkariko 1976ko apirilaren 1eko alean; Sancho el Sabio dokumentazio zentroak digitalizatu eta sareratu du. Festaren eta pertsonaien deskribapenak eta hainbat argazki ageri dira artikuluan.


2018-02-20 | ARGIA
La Fuga Trail lasterketa bertan behera utzi dute antolatzaileek

Iruñerriko Ezkaba mendiko San Kristobal gotorlekuko 1938ko ihes ezagunaren ibilbidea lasterketa gisa aurreikusita zuten datorren maiatzerako, baina orain iragarri duenez bertan behera utzi dute.


Gerra Zibilean fusilatutakoen omenez plaka bat jarriko du Iru˝eko Udalak hilerriko panteoian

Nafarroan Fusilatutako Senideen Elkarteak eskatu zuen plaka jartzea eta hala eginen du. Plaka horretan Iruñean eraildako 308 pertsonen izenak ageriko dira.


Bide bazterretik plazara

Herriko faxistak ziren, guardia zibilak ziren, falangistak ziren, katolikoak ziren, Birjinaren Eguna zen eta ondoren otoiz egitera joan ziren. Gora jainko maitea!”. Fermin Balentziaren hitzak dira, Maravillas kanta aurkezteko.


Imanol Olabarria
"Francoren heriotzaz geroko krimenik handiena izan zen Martxoaren 3koa"

Urtero da martxoak 3. Bost hildako Gasteizen eta ehunka zaurituak, balaz gehienak, 1976an. Hilabete batzuk lehenago etorria zen Gasteizera lanera Imanol Olabarria. 1975eko azarotik martxoaren 3ko txikizio hura bitartean hainbat fabrikatan egin ziren protesta, asanblea eta mobilizazioetan parte hartu zuen. Are, eragileetakoa izan zen.


San Kristobal gotorlekuko emakume solidarioak
Harresien ertzean lurperatutako ahotsak

Ezkaba mendian inprobisatutako kartzelaren barruan gertatutako tragediaz bagenekien zerbait, ez hainbeste murru horietatik at emakume taldeek eraman zuten borrokaz. Amaia Kowasch ikerlari iruindarrak presoen biziraupenerako ezinbesteko izan ziren itzaleko sare horien protagonistei ahotsa eta aurpegia jarri die orain.


Medikuntzaren urrezko aroa

Egipto, K.a. I. mendea. Aurpegiko azala garbitzeko Kleopatra erreginak urrezko maskara batekin lo egiten zuela esaten da. Garai bertsuan, Erroman, urrea zuten pomadak erabiltzen zituzten azaleko arazoak sendatzeko. Tso Hung (281-361) txinatar sendagileak uste zuen bizitzaren elixirra likidotan disolbatutako urrea zela.
 


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude