Amerikako Estatu Batuetakoa, Andaluzia eta Nafarroako gurasoen alaba. Euskararen aldeko herri mugimenduaren azterketak ekarri zuen Usurbilera duela lau hamarkada baino gehiago. Ordutik, joan-etorrian dabil eta, ikerketa-ibilbide aberatsarekin bereizi ezinik, harreman ezin estuagoa du Euskal Herriarekin. Erreferentziazko egilea izateaz gain, gertuko lankide da euskalgintzako eta euskal soziolinguistikako hainbatentzat. Erretiroa hartzear da unibertsitatetik, ez ordea lan intelektualetik.
Zergatik ikasi zenuen antropologia?
Nire familian literaturarako joera zegoen eta gehiegi pentsatu gabe jo nuen unibertsitatean bide horretatik. Baina gero antropologia aurkitu nuen. Berkeley Unibertsitatean nengoen, 1978a zen, eta garai hartan eztabaida handia zegoen antropologian exotismoaren inguruan. Esaten genuen: zergatik aztertu beti bestea? Orduan Franco hil berri zen, amorru handia zegoen eta lotura nuen gertatzen ari zenarekin. Eta erabaki nuen hizkuntzak post-frankismoarekin lotutako guztian zuen papera ikertzea. Erabateko aldaketa. Berkeleyko irakaslea pixka bat haserre etorri zitzaidan: “Baina Mexikoko indigenen erlijioa ikertuko zenuela esan zenidan...”.
Hemengo arbasoak izateak eragin zuen?
Nire bi gurasoak familia errepublikazaleetakoak ziren eta erbesteratu egin ziren 1940ko hamarkadan, asko sufritu baitzuten gerran. AEBetan ezagutu zuten elkar eta seme-alabak izan zituzten. Erbesteratuen familia bat ginen, baina erbesteratuen komunitaterik gabe. Duela gutxi idatzi nuen iragan honi buruz eta asko kostatu zitzaidan. Michiganen hazi nintzen, inork nondik gentozen ulertzen ez zuen lekuan, Espainiako gerra zibilari buruzko erreferentziarik ez zuten pertsonaz inguratuta. Ikusezin sentitu nintzen urtetan. Oso goiz ikasi nuen familia-egoera azaltzen saiatu ere ez egiten.
Eta beraz, jende askok pentsatu zuen nire tesiaren gaia sustraiak aurkitzeko hautatu nuela. Baina ez. Nire motibazioa politikoa zen. Hemengo mugimendu politikoan eta hizkuntzetan interesa nuen, eta lurraldearekin lotura pertsonala nuen.
Nire interes intelektualetan bi influentzia nabarmen ikusten ditut. Batetik, John Gumpersekin soziolinguistikaz ikasia, hizkuntza ulertzeko zuen modua. Eta bestetik, nire maisua, Paul Rabinow izan zen Foucault Berkeleyra ekarri zuena, gutxi gorabehera. Eta eragin izugarria izan zuen: iraultza intelektuala, politikoa eta teorikoa. Beraz, hizkuntzarekiko interesa eta boterearen teorien ingurukoa konbinatu ziren nigan. Beti egon naiz bi arloren erdian, eta hori ez da oso ondo ulertu, Euskal Herrian izan ezik; hemen primeran ulertzen zen, politikaren eta hizkuntzaren arteko harremana ikusteko moduagatik.
"Leku askotan hizkuntzen berreskurapena mugimendu kontserbadore gisa ikusten zen, baina hemen kontrakoa zen, eta ezagutarazi nahi nuen"
Gero ibilbide aberatsa egin duzu; urte askoan irakatsi duzu, ikerketa egin duzu, argitaratu duzu, eta unibertsitatean ere ardurak izan dituzu.
Nire karrerari buruz pentsatzean hiru aro bezala ikusten ditut. Lehenengoa tesia da, euskararen berreskuratze estrategiak mugimendu sozial gisa aztertzea. 70eko hamarkada amaieran eta 80ko hasieran mugimendu sozialei buruz zegoen interesean, hizkuntza ez zen inoiz sartu arraza, generoa edo sexualitatea bezala. Eta harrituta nengoen. Beraz, lehen aro horrek Usurbilen egindako ikerketa etnografikoan, bertako mugimenduaren azterketan, du oinarria.
Bigarren aldia irrati libreena da, kultura herrikoia, gazte kultura, tokiko aldizkariak, musika eta abar aztertu nituenekoa. Garai horretan, gazteek badute beren testuinguru estandarizatua, baina beren sorkuntza-inguruneak nahi dituzte; beren gazte-kultura, beren izateko modua. Herrikoia, errebeldea, zati handi bat abertzalea...
Eta hirugarren aroa hiztun berriena da. Talde baten parte gisa sartu nintzen gaiaren ikerketan, eta zoragarria izan da. Ez nuen inoiz pentsatu hainbeste iraungo zuenik: hamarkada bat baino gehiago.
Lehen aro horretan, hona iritsi zinenean, zerk harritu zintuen? Zer ez zenuen espero?
Ez dut uste aurkitu nuenetik ezer espero nuenik. Berkeley-n nengoenean dena oso teorikoa zen, baina iritsi nintzen arte ez nuen ulertu hemen zer zegoen. Hainbeste istorio zeuden eskoletako zapalkuntzari, diskriminazioari, eta umiliazioari buruz, ezen ezin nuen iritsi denera. Eta bestalde, jendearen inplikazioa zegoen, beren hizkuntza eta herria berreskuratzeko.
Diktaduraren ondoren, berreskuratzea pixka bat berrasmatzea zen. Politika asko zegoen. Eta ez nuen espero, adibidez, estandarizazioaren inguruan sortzen ziren tentsioak hainbestekoak izatea. Izan ere, ikasten ari ginenok ez geunden batuaren aurka, baina ikasten ari ginena ez zen kalean hitz egiten zen hizkuntza. Ziurgabetasun handia zegoen batuarekiko, dagoeneko desagertu dena. Gaur handiagoa da euskaldun berrien segurtasun falta, euskalkia falta dutelako eta ez direlako sentitzen nahikoa “benetako euskaldunak”.
Hainbeste urte igaro ondoren, nola ikusten duzu? Zer aldatu da?
Euskal Herrian oso indartsu zegoen giro borrokalaria, abertzalea, euskaltzalea. Usurbilera Txillardegi etorri zen, hitzaldiak eman zituen eta artista giroa zegoen: eskultoreak, abeslariak... Leku harrigarri batean lurreratu nintzen, zentzu horretan. Zaila da jakitea zer ez den aldatu, gatazka politikoaren aldaketa orokorragatik, hizkuntzaren gaiak zuen eraginagatik eta bien arteko loturagatik.
Gerora, tentsio handia ikusi nuen hizkuntza despolitizatzea nahi zutenekin: nazionalismoari hain lotuta ezin zela agertu, euskara terrorismoaren hizkuntza zela, eta abar. Joera indartsu bat egon zen 90 eta 2000ko hamarkadetan, despolitizatzearen eta profesionalizatzearen alde, eta nolabait orain ikusten ari gara ondorioak. Orain, jende asko eskolaren bidez heltzen da euskarara eta eskolaren edo gobernuaren hizkuntza bezala ulertzen da. Beraz, uste dut konturatzen ari garela jakin behar dugula nola sortu soziolinguistika-kontzientzia kritikoa. Hori da erronka handia, beste bide batzuetatik, ez talde politikoen bidez, baizik eta eskolen edo talde kulturalen bidez erantzun beharrekoa.
"Hemen akademikoak oso konprometituta daude, ez AEBetan bezala. Hemen antropologia konprometitua ez da ezer berria"
Zure bigarren aroari lotuta, Txepetxen eragina asko aztertu zenuen; eta nola irrati-libreak eta tokiko komunikabideak erabili nahi ziren euskaldunen komunitatea trinkotzeko.
Txepetx nonahi modan zegoen. Bere liburua nuen eta jende asko elkarrizketatzen ari nintzen jakiteko zergatik zuen hainbesteko oihartzuna; ez bainuen ulertzen. Jendeak esaten zidan hizkuntzaren beste ikuspegi bat ari zela bultzatzen, ikuspegi soziokulturalagoa. Ez zitzaidan hain berritzailea iruditu, antropologia harremanak praktika soziokultural gisa ulertzen dituen arloa da eta.
Nire ikerketa-estrategia ez zen teorikoa: behatzen nuen eta bilatu zer zen interesgarria jendeak egiten zuen horretan. Orduan nirekin zebilen jendea irrati libreetan, komikiekin, musikan eta hemen gertatzen ari zen mundu horretan zegoen. Hizkuntzarekin eta identitatearekin lotutakoa ez baita zertan izan zurruna eta serioa, modu oso ironikoetan adieraz daiteke. Interesgarria iruditu zitzaidan sormen kultural hori guztia.
Munduko leku askotan, hizkuntzen berreskurapenerako mugimenduak iraganari nostalgiatik begiratzen dioten mugimendu kontserbadore gisa ikusten dira, baina hemen guztiz kontrakoa zen, eta hori ezagutarazi nahi nuen. Mundu txiki hori hibridoa zen formetan. Negu Gorriak taldeak nola egin zuen ikonikoa bertsolari bat eszenatokira ekartzea, eta euskaraz rapero txapelak jantzita kantatzea... Horrek benetan hautsi zuen eredu guztia.
Eta hirugarren aroari dagokionez, nondik nora amaitu zenuen hiztun berrien gaiari heltzen?
Taldean lan egin nahi nuen, hainbat ikerlari hiztun berrien kontua tarteko harremanetan geunden, eta ikusi genuen Europan ikertzen ari zirela eta beka garrantzitsuak zeudela. Eskolara euskara jakinda joan arren, euskaraz hitz egiten ez duen gazte belaunaldiaren inguruko jakin-mina zen abiapuntua. Lantaldean eztabaidatzeko eta elkarrekin aztertzeko aukera oso aberasgarria izan da. Harremanak estutu ditugu Deustuko Unibertsitatearen eta EHUren artean. Equiling sarearen bidez, mugak gainditu ditugu ia elkarren berri ez zuten Galiziako, Kataluniako eta Madrilgo ikerlariekin konektatuz. Uste dut fruituak ematen jarraituko duen sarea bultzatu dugula, eta asko asetzen nau. Posible izan da hemen akademikoak oso konprometituta daudelako; ez da AEBetan bezala. Orain izena jartzen ari zaie gauzei, baina hemen antropologia konprometituaren kontua ez da ezer berria.
Hizkuntza gutxituko hiztun bihurtzeko prozesuaren esperientzia subjektiboei eta emozioei buruz gehiago jakiteko beharra dago. Eta metodologia aldetik, etnografiaren erabilera ugaritzen ari da. Lehen ia dena zen hizkuntzalaritza, estatistika eta kasu-elkarrizketak. Euskal soziolinguistikak ahal izan duen guztia baliatu du, Txillardegiren garaitik. Horregatik da hain dinamikoa eta hain interesgarria hemen ikertzea. Dinamika soziolinguistikoak aztertzeko laborategi bat da; etengabeko eboluzio bat. Etengabe pentsatzea: zein da arazo berria? Zein da gaia orain?
Eta zein berezitasun aurkitu dituzu euskararen biziberritzerako ekinaldiaren baitan?
Ikergai batzuei erreparatu diet, baina beste batzuk izan zitezkeen. Adibidez, kritikak jaso nituen euskararen estandarizazioari buruz iritziak jaso nituenean. Batzuen ustez, garbi zegoen estandarizazioa guztiz beharrezkoa zela eta ez zen beharrezkoa hori azaltzea. Nik, berriz, ulertu egin nahi nuen jendeak pentsatzen zuena eta zituen bizipenak. Horretarako galdera gisa planteatu behar da. Eta ondorioak aurkeztean, jendeak esaten zidan: “Orduan, euskaldunak euskalkiak baztertzen eta elebakartasunaren eredua erreproduzitzen ari gara?”. Estandarizazioaren auzian edo hizkuntza-biziberritzea normalizazio bezala ezaugarritzean, hizkuntza normal bat bilatzen zen, herrialde normal batean. Eta ulertzekoa da.
Baina zer aurkitu daiteke berezia hizkuntza gutxitu baten komunitatearen portaeran, hizkuntza hegemonikoetakoan aurkitzen ez dena? Antropologo gisa izan dezakedan rol bat da hemen egiten diren gauza berritzaileak nabarmentzea. Alegia, estandarizazioa egiteko moduaren berezitasunak. Oso modu herrikoian egiten ari zen: hitzaldi, mintegi, eztabaida bidez... eta hori ez da edozein lekutan gertatzen. Bazegoen oso inplikatutako herri mugimendu bat eta hausnarketa handia zuen bere baitan: zer egiten ari garen, ondo doan ala ez... Herritarren arteko elkarrizketa hori gertatzeko eremu partekatu bat dagoenean, esango nuke, ez dela gobernua edo hezkuntza saila bakarrik prozesua zuzentzen ari dena.
Hizkuntza gutxitua biziberritzeko ahalegina hizkuntzak komunitatean eta pertsonetan bizitzeko eta arauak berrasmatzeko prozesua ere izan daitekeela diozu. Hizkuntzen egoera eraldatuz, zerbait gehiago eraldatu dezakegula?
Uste dut etnografo gisa erantzukizuna dugula jendeari jakinarazteko hizkuntza gutxituaren komunitatearen erreprodukzio soziala ez dela hizkuntza hegemonikoena bezala gertatzen. Zentzu horretan, identifikatu behar genituzke sormenaren balioa arauaren balioari nagusitzen zaion espazioak, eremu kulturalean eta linguistikoan. Eta adibide gisa, begira bertsolaritza. Jende asko biltzen du, gazteen artean interes handia sortzen du eta, ez denentzat, baina oso garrantzitsua da hemen. Beste balio batzuk nagusitzen dira, eta hori azpimarratu behar da. Gu, etnografoak, beste balio batzuen araberako praktikak behatzen, ezagutarazten eta aztertzen ditugun pertsonak gara. Bertsolaritzan hizkuntzaren auzia nahiko erdigunean dago, euskaldunen esparru partekatuan elementu garrantzitsua da, sorkuntza dinamika berritzailea da eta parte hartzen duen jendea horren jakitun da. Gaztetxeetan, irrati libreetan eta 80-90eko hamarkadetako gazte-dinamiken parte zirenek ere bazekiten horretaz.
Soziolinguistikan ere horrela jokatu behar dugu. Pertsonalki kritika sortzailearen ikuspegian kokatu nahi dut. Askotan esaten didate “zein da irtenbidea?”. Ez dut neure burua aditu gisa kokatzen, behatzaile gisa baizik. Eta erabaki nuen seinalatzea eta azpimarratzea praktika berezi batzuk. "Begira, hemen daude jende hau dagoeneko egiten ari den gauzak; bideak erakusten ari dira". Hori sortzailea da. Gertatzen ari den zerbait eta egoera eraldatzeko erabilgarria izan daitekeena interesgarria dela esan dezaket, eta nire arrazoiak eman.
Euskararen inguruan ikertu duen pertsona bati, azken aldian jasotzen ari garen diagnostiko eta proposamenak kontuan hartuta, hizkuntzaren egoeraz eta etorkizunaz galdetu behar. Nola ikusten duzu?
Hizkuntzen egoera, hizkuntza aniztasuna, mundu osoan egoera larrian dago. Ez dakigu zer gertatuko den adimen artifizialarekin eta horrekin guztiarekin. Dena den, hizkuntzek pertsonen arteko harreman sozialak markatzen, zentzua ematen, duten bitartean, beti izango dute balioa. Nola? Ez dakit. Baina ez naiz ezkorra, hemen hizkuntzarekiko konpromiso handia dagoelako. Balio handia du jendearentzat, haien identitatearentzat eta beren mundu soziokulturalerako.
Unibertsitatean berdin gaude. Hizkuntzak irakatsi behar ditugu orain? Aldibereko itzulpena badugu, zergatik? Motibazioa ere aldatu egiten da. Agian, laster, irakatsi nahi duten pertsonak egongo dira eta ikasi nahi duenik ez. Baina hizkuntzak zu eta ni nor garen moduko zerbait esan nahi badu, jarraituko du. Beraz, bueno, espero ez genituen gauzak gertatzen dira; eta erabilera-eremu berrien etengabeko sorrera zaindu behar da. Bertsolaritza izan daiteke, kirola izan daiteke, kuadrillak eta talde informalak...
Memoria historikoaren gaiarekin ere bazabiltza. Zeri ari zara begira?
Aurten, unibertsitateko ardurak utziko ditut eta beka bat daukat duela hamar urte baino gehiago abiatu nuen proiektu bati heltzeko. Landa-lana egin nuen Nafarroan, nire aitaren jatorrizko lurraldean, fusilatuen eta eraildakoen senideen elkartearekin. 2000ko hamarkadaren hasieran desobiratzeak hasi zirenean, banekien nire aitona horrekin lotuta zegoela. Pentsatu nuen hurbildu behar nintzela, baina nahiko zaila egin zitzaidan orduan. Gaia indarra hartzen joan ahala, 2011-12 inguruan, erabaki nuen antropologo gisa egitea nire ekarpena mugimendu horretan.
Orain etnografia esperimentala egingo dut. Interes handia dago horrelako planteamenduetan eta erabat aldatuko dut nire jarduteko eta idazteko modua. Proiektuaren izenburua Amadeoren bila da, nire aitonaren bila. Eta kontatzeko asmoa dut, Iruñean, 1936an izandako sarraski handienetako batean hil zelako. Euskal Herrian lehenengo kolpea Gernikaz hitz egitea izaten da, baina hildakoak Nafarroan daude. Oso pozik nago proiektu honekin.