Zorionekoak gara euskaldunok, gure hizkuntzaren egoeraren gainean azkenaldian azterketa eta diagnosi zehatz, sakon eta zuzenak egiten dituzten ikerlari eta soziolinguista oso trebe, prestatu eta independenteak ditugulako. Zorionekoak, gainera, pedagogia argiz azaltzen ari direlako, liburu eta jardunaldietan, edozein euskaldunek ulertzeko moduan, ikerketa eta diagnosi horien berri. Eta hori baino gehiago, ondorioetara jo eta euskara larrialdi egoeratik nola atera eta gure hizkuntzaren aldeko olatu berria nola sor dezakegun esaten digutelako.
Herritarren ekinbidea azterketa zientifikotik gidatua. Kontseilu zehatzak eta ondo gidatuak ematen dizkigute. Oharrak ere bai. Esnatu ala hiltzeko egoeran dugu gaur egun euskara, ez gelditu lotan, beraz. Esnatu ondoren, zer egin? Nola jokatu? Norantz abiatu? Lurralde-estrategia bat behar dugu euskararentzat. Euskara indartsuen dugun lurraldeetan euskara hedatzearen aldeko neurriek bost edo sei aldiz emaitza hobeak lortzen omen dituzte. Arnasguneak zehaztu behar ditugu, euskara nagusi deneko herri edo eskualdeak. Horietarako plangintza berezia prestatu, gune erabat euskaldunak bihur daitezen. Horietatik zabalduko, aberastuko, trinkotuko dugu euskara inguruetara.
Hain da zientzian eta ikerketan oinarritua proposamen hori, ezen euskaldun guztiok duda izpirik gabe onartzeko modukoa den. Ez dago zalantzarik. Hori da egoera gaur eta horiek dira larrialditik irten eta gorako bidea hartzeko proposamen egokiak. Hor hasten dira, beraz, pausu praktikoak. Aipatu dugun erabateko adostasunak praktikarako erabateko akordioa eskatuko digu, euskararentzako estrategia berri hau ezarri eta aldeko olatu berria sortzerako orduan.
Euskararentzat lurralde-estrategia bat beharrezko den moduan, nazio-estrategia berritua ezinbestekoa izango da euskaldunontzat
Pentsatzekoa da mugimendu euskaltzalean lor daitekeela adostasun maila zabal eta sakon hau, diagnosi horren sakona eta zehatza ezagutu eta ondoriozko proposamen ondo oinarritu horien inguruan. Izan ere, bai Euskalgintzaren Kontseilua, baita Euskal Herrian Euskaraz (EHE), UEU, AEK, Euskaltzaleen Foroa, Naziogintza eta hainbat herri-erakunde ere egoeraren gaineko kezka eta mobilizazioaren beharrarekin bat datoz une honetan. Beste horrenbeste esan daiteke euskal sindikatuen gainean, lanaren arloan euskal herritarren ordezkaritza zabala batzen dutenak.
Zer gertatzen da, ordea, gaur egun Euskal Herri osoko sare instituzionala osatzen duten alderdi eta ordezkari politikoen kasuan? Arlo horretan, euskararen aldeko jauzia eman eta estrategia berritu honen aldeko batasuna lortzea kostatu egingo zaigu. Zergatik? Ipar eta Hego, gaur egungo euskal alderdi instituzionalen jokabidea nagusiki estatu bien sisteman integratua aurkitzen delako. Batez ere hauteskundeen emaitzei begira, Hego Euskal Herrian, adibidez, EAJ eta EH Bildu, bien arteko lehia elektoralean, PSOE nork bere aldera ekarri saiatzen dira, izan hauteskunde ondorengo gobernu-aliantzetan, izan aipatu estatus politiko (autonomi estatutu) berrituaren negoziazioan. Horrek beto-aukera ematen dio PSOEri (estatuari), ondorio guztiekin. Marra gorri nabarmenak euskararen gaian edota independentziaren aukeran. Jokabide hori mantentzen duten bitartean, euskararen garapenak traba larriak izango ditu estatuaren aldetik, orain pairatzen dituenak bezalakoak, bai EAJk bai EH Bilduk onartuta, gainera.
Ondorioa argia da: euskal alderdien adostasuna behar badugu eta bertako instituzioak olatu berriaren alde jarri, euskararentzat lurralde-estrategia bat beharrezko den moduan, nazio-estrategia berritua ezinbestekoa izango da euskaldunontzat.
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.