Pelikula pusketez osatutako irudiak

  • Artea eta adierazpen artistikoak beti joan dira jendartea baino pauso bat aurrerago. Horregatik, badaude esaten dutenak emakume argazkilari baten lana legitimatzeko eta asimilatzeko ehun urte pasa behar direla, hori baita historiak –sistema patriarkalak– emakume horien lana dagokion bezala irakurtzeko behar duen denbora. Distantzia hori murrizteko dihardu lanean Donostiako Kutxa Kultur Artegunea erakusketa-aretoak, bere programan artearen historia ofizialak alboratuta utzi dituen argazkilarien lana errekuperatzen lan sendoa egiten ari den erakundea. Berenice Abbott, Vivian Mayer eta Margaret Watkins-en lanari eskainitako erakusketekin hasi zuen ibilbideak, oraingo honetan, Ruth Orkinen lanean egin du geldialdia: zinemagile bokazioa izan zuen argazkilari estatubatuarra.

 Argazkiak: Ruth Orkin Photo Archive, NY
Argazkiak: Ruth Orkin Photo Archive, NY

Ruth Orkin (Boston, 1921 - New York, 1985) Hollywoodeko zinema-estudioetan hazi zen, grabazioetarako set-en artean, klaketa hotsa hondoan eta 20ko hamarkadako aktoreen joan-etorriaren erdian; haren ama, Mary Ruby, zinema mutuko aktorea baitzen. Agian giro horretan hazi zelako, txikitatik izan zuen zinemagile izateko desira, kamera atzean jarri eta bere pelikulak idatzi eta zuzentzeko grina. Garai hartan, ordea, zineman lan egiten zuten emakume ia gehienak kamera aurrean kokatzen ziren, aktore lanetan, eta gutxi batzuek besterik ez zuten ekoizpenean edo pelikulen muntaketan lan egiten. Bide malkartsua zen emakumeentzat zineman aritzea. Alice Guy, Lois Weber eta Maya Deren izan ziren zuzendari gisa ibilbidea egitea lortu zuten gutxietakoak, eta orain gutxi arte, eskasak izan dira beraien lanetara egin dien hurbilpenak.  

1940ko hamarkada hasieran, oztopoz beterik aurkezten zitzaion amets hura albo batera utzi eta Los Angeles City Collegen argazkilari-kazetaritza ikastea erabaki zuen Orkinek, eta ofizio horretan aritu zen hurrengo hamarkadetan. 1943. urtean lanak New Yorkera eraman zuen, han baitzeuden garaiko aldizkari garrantzitsuenak eta haietako askorentzat egin zuen lana: LIFE, Look, Ladies Home JournalLIFE aldizkariaren enkarguz Israelera eta Italiara bidaiatu zuen eta han ikusitakoak bere kamerarekin harrapatu zituen; horietako batzuk dira, besteak beste, Ruth Orkin. Denboraren ilusioa erakusketan ikusiko ditugunak.  

Orkinen alabak, Mary Engelek, 37 urte daramatza bere amaren legatua zaintzen, zaharberritzen, ikertzen eta argitara ematen, Donostian ikusgai duguna moduko zabalkunde-erakusketak ahalbidetzeko. Ehunka albumez, negatiboz eta kontaktu-orriz osatutako funtsak Orkinen lanaren inguruko irakurketa ugari egiteko abagunea eskaintzen du. Zentzu horretan, erakusketako komisarioa den Anne Morin frantsesak, Orkinen argazkietan zinematik jasotako keinuak, trikimailuak, egiteko moduak eta metodologiak azaleratu nahi izan ditu; izan ere, eta hauxe da erakusketaren tesia, irudi-finkoekin lan egiten bazuen ere, irudi horiek hurrenez hurren irakurrita, irudi sekuentzia edo mugimendua sortzen duten fotograma gisa irakur litezke.

Erakusketan ikusgai dagoen materiala lau multzotan banatu du komisarioak, eta hurbilpen bakoitza argazkiak zinemaren prismatik ikusteko gonbidapena da. Begirada dinamikoa da erakusketa zabaltzen duen lehen kapitulua. Bertan, irudi zenital ugari ikusten ditugu, depresio ondorengo urteetako New York hiri sutsua argazki horien guztien hondo bilakatuta. Bere etxeko leihotik etengabe eraldatzen eta modernizatzen ari den hiria ikusten du, eta altuera horretatik, oinezkoen erretratu zenitalak harrapatzen ditu: marinelak, bikoteak, lagun kuadrillak… baita maratoiak, manifestazioak eta naturaren jantzi aldaketak sasoi batetik besterako igarobidean ere. Central Parkeko bere etxetik ateratako argazkiak A World Through My Window (Mundua nire leihotik) eta More Pictures From My Window (Argazki gehiago nire leihotik) liburuetan jasota daude.

Bigarren kapitulurako bikoiztasunaren eta erdibitzearen ideia aukeratu du komisarioak, eta benetan interesgarria den argazki-aukeraketa egin du hainbat hamarkadetan egindako argazkiak sailkatzeko eran: argazki berean bi edo hiru pertsona ia-ia berdin jantzita ikusiko ditugu, edo mugimendu bera egiten, segidan dauden fotogramak balira bezala, film-sekuentzia baten abiapuntua zatekeena. Zinemaren optikatik begiratuta narrazio bat eragiten duten irudi finkoak dira. Two Women in Bathing Suits (Bi emakume bainujantzian, 1948) da hauetan adierazgarrienetarikoa.   

Sekuentziak ere aurkituko ditugu erakusketan, argazki multzo baten bitartez mugimendua sorrarazten duten irudiak. Kasu honetan kalean liburu bat irakurtzen ari diren umeak edo karta jokoan ari diren hiru umeren argazkiek, enkoadraketa bera mantenduz, raccord bat osatzen dute, sekuentzia oso bat; azkar ikusita, badirudi mugimendu propioa dutela. Umeak, umeen jolasak eta horien keinuak sarri ikusiko ditugu bere argazkietan erretratatuak.  

1951. urtean Italian egonaldi bat egin zuen eta bertan Artearen Historia ikasten zebilen Nina Lee Craig ikasle amerikarra ezagutu zuen. Harekin, garai hartan boladan jarri ziren foto-nobelak egiten hasi zen, zinemaren lengoaiara ekarrita, storyboard-aren pareko direnak. American Girl in Italy (Neska amerikarra Italian, 1951) lanak irudi finkoez osatutako eszena narratiboa osatzen du, eta agian hori da Orkinen argazki serierik ezagunena. Narrazioaren ideiatik tiraka, 17 urte zituela Los Angelesetik New Yorkera road trip bat egin zuen bizikletan Orkinek, formatu ertaineko objektibo bakarreko Reflex 6 Pilot kamera lagun. 2000 milia egin zituen bizikletan, San Frantzisko, Arkansas, Chicago, Boston eta New York bezalako hiriak bisitatuz eta bidaia horietako argazkien edizioak denbora-linea kronologiko batean aurkeztu zituen, road movie batean gaudenaren irudipena sortuz.  

1952. urtean Morris Engels argazkilari eta zinemagilearekin ezkondu zen Orkin. Harekin batera bere lehen pelikula idatzi eta zuzendu zuen, Little Fugitive (Iheslari txikia, 1953), AEBetako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren gidoi onenaren sarirako izendatua izan zena, eta Veneziako jaialdian proiektatu zena, zuzendari onenari ematen zaion Zilarrezko Lehoia saria irabaziz. Pelikula New Yorkeko uda giroan dago girotuta eta anaiak diren Joey eta Lenny umeen abenturak kontatzen ditu, kutsu komiko eta atseginarekin. Pelikulan ikusten ditugun New Yorkeko kaleak, Coney Island-eko hondartza eta zabuak, Orkinen argazkietan ikusiko ditugu islatuta. Horregatik, komisarioak pelikula honetako hiru sekuentzia aukeratu ditu publikoari ikusarazteko bere argazkietako konposizioak, planoak eta pertsonaiak nola izan ziren ondoren filmera eramanak. Kritikak filma goraipatu zuen bere garaian, eta esaten da François Truffaut-ek Les Quatre Cents Coups (400 Kolpeak, 1959) filmatu zuenean, Little Fugitive filmaren ekoizpen estilo espontaneoan inspiratu zela, eta askoz geroago esan zuen nouvelle vague ez zela inoiz jaioko pelikula horrengatik izan ez balitz.

Urte batzuk beranduago, 1955. urtean, Lovers and Lollipops (Amoranteak eta piruletak) pelikula filmatu zuen bikoteak elkarrekin, eta esan liteke horrekin Ruth Orkinen ametsa bete zela. Zalantzarik gabe, udarako plan polita da Orkinek bere kamerarekin harrapatu zituen momentu horien testigu izatea, film zatiz osatutako denbora bidaia honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argazkilaritza
'Denbora geldirik dagoen lekua': Wiki Loves Monuments 2023 lehiaketaren irabazleak

2023ko Wiki Loves Monuments argazki lehiaketako hamabost irabazleak iragarri dituzte. Wikipediaren atzean dagoen Wikimedia Fundazioak urtero antolatzen du eta munduko argazki lehiaketa handiena da. Iaz 46 herrialdetako 4.700 argazkilarik parte hartu zuten, lizentzia libreak... [+]


Eulalia Abaitua, emakumeei begiratu zien argazkilaria

Euskal Herrian argazkigintzan emakume aitzindaria izan zen Eulalia Abaitua Allende-Salazar (Bilbo, 1853 – Bilbo, 1943). XX. mendeko euskal gizartea erakusten digute berak eginiko argazkiek: eguneroko jardunak, lanbideak, jaiak... jaso zituen. Emakume baten begiradak... [+]


2024-01-28
Isabel Azkarateren lana, Tabakle
Kliska bakarreko argazkilaria

Donostiako Maria Cristina Hoteleko sarrerako eskaileretan dozenaka argazkilari elkar kolpatzen dira, argazki eta bideo kamerak eta objektibo eta lenteak daramatzaten zorroekin kargatuta. Jende multzoaren erdian emakume bakarra ageri da taldean. Ilea solte darama eta kamerarik ez... [+]


Cristina Chiquín Rodríguez, argazkilari eta kazetari guatemaldarra
“Emakumeen kontrako bortizkeria da uzten ez den arma bakarra”

Cristina Chiquín Rodríguez argazkien bidez komunikatzen da: zer da emakume guatemaldarra izatea? Horren bilaketan datza Bilboko Bira kulturgunean aurkeztu duen erakusketak, La búsqueda (Bilaketa), izen bereko liburuaren lagin bat. Lagun Artean GKEaren bidez... [+]


Eguneraketa berriak daude